Zaborrak bakarrik ez

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2015ko mai. 26a, 09:43

Tolosaldean eta Gipuzkoan hauteskunde hauetan gertatu den iraultzaren arrazoi bakarra ez da zaborren kudeaketa nire ustez, faktore oso garrantzitsua izan arren. Atez ateko sistema martxan ez dagoen herrietan ere gertatu delako.

EAJk 1.100 bozka gehiago lortzea Tolosan eta aurkeztu den herrietan emaitzak bikoiztearen azalpena ez da faktore horretan bakarrik bilatu behar. EH Bilduk Tolosan 500 bozka galtzea, hiru udal galtzea (Tolosa, Villabona eta Irura) eta herri gehienetan jaistea bide beretik dator.

Hasteko gobernatzeak ekartzen duen higadura aipatuko nuke. Duela lau urte EAJri gauza bera gertatu zitzaion eskualdeko herri handienetan. Beti egongo da agintarien politikaren kontrako jendea alor desberdinetan: etxebizitza, gazteen enplegua, etorkinentzako laguntzak, hirigintza… Bestetik EH Bildun dauden alderdietako sektore batzuk koalizioan ez direla oso eroso sentitzen iruditzen zait, mutur batetik edo bestetik begiratuta. Hala ere ez dugu ahaztu behar Tolosaldeko lehen indarra izaten jarraitzen duela, 17 alkate mantenduz.

EAJk igoera nabarmena izan du eskualdean. Emaitzak ikusi ondoren, penaz egongo dira herri gehiagotan ez direlako aurkeztu, besterik ez bazen herrikoak ez ziren hautagaiekin Berastegin eta Alegian egin duten bezala. Igoera azaltzeko ez dira nahikoak duela lau urte aurkeztu zen Hamaikabat-en bozkak eta “boto baliagarria” edo EH Bilduren aurkakoa. Horiek ere izango ziren. PPk bozka askoz gehiago lortu ditu Foru Aldundirako Tolosako udalerako baino. Falta diren horiek EAJra joango ziren segur aski. PSE-EErekin aldiz, ez da hau gertatu, emaitzak mantendu ditu eta Tolosan igo egin da. Ibarrako zinegotzia galdu eta Larraulen bat irabazi du. Eta alderdi sozialistaz ari garela, ausartuko al da euskalduna eta euskal herritarra ez den alkate bat jartzen Albizturren? Legez hala tokatzen zaio. Bozka zuriaren alde mugitu diren albizturtarrak berandu xamar ibili dira eta ez dute behar adina lortu.

Bukatzeko, deigarria egin zait Elduainen eta Larraulen abstentzio handia eta bozka zuri ugari izatea. Abstentzioaren azalpena argi dago: zerrenda bakarrak ez du bozkatzeko beharra sortzen. Baina bozkatzera joateko lana hartu ondoren, zuriz ematea aurkeztu den zerrendaren aurkako “zigor bozka” bezala har daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!