Eskuin ala ezker

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2015ko mai. 26a, 09:35

Datu saltsan murgildu aurretik hipotesi dantzan ibili ginen, nork nori emango zion babesa, nori bizkarra. Baina biharamunak ez digu halakorik utzi. Duela 4 urtekoaren kontrako noranzkoan erori da balantza Gipuzkoan eta eskualdeko hauteskunde mapan kolore gehiago agertu dira.

Orain artean sinetsi izan dut udaletako bozketetan aurkeztutako taldearen izenak bezain besteko garrantzia zuela izaerak ere. Baina, esango nuke oraingo honetan siglek garrantzi handiagoa hartu dutela, kanpoko herritarrekin osaturiko zerrendek boto dezente pilatu dituztelako, eta adin eta genero aniztasun eskaseko taldeek ere aurreikusi baino bozka gehiago jaso dituztelako. Tartean da Albizturko kasua. PSEk lortu du alkatetza 13 botorekin eta boto-emaileen %90aren babesik gabe. Legala dela gauza jakina da, baina zilegi ote den beste gauza bat da. Eskualde honetan lehendik ere badakigu -ez dakienak galde dezala Lizartzan-, zer den gisa horretako alkatetza bat edukitzea, herritar ez direnek aginduta eta gehiengoaren babesik gabe. Dena den, hausnartzekoa da zergatik kostatzen den hainbeste herriarentzat lan egin nahi duen jende biltzea,

Duela lau urteko emaitzek Gipuzkoa ezkertiar baten irudia utzi ziguten. Baina, berriz ere eskuina gailendu da eta nola gainera! PP ia desagertu zaigu Gipuzkoan, baina EAJren mesedetan. Susmoa dut hauteskunde hauek ez direla izan, urte luzez izan moduan, abertzale eta ez-abertzaleen arteko lehia. Ezkerra eta eskuinaren artekoak izan dira. Baina batez ere, utzidazue ausardiaz esaten, komunikabide handiek gizartearen iritzia eraldatzeko duten gaitasunaren isla argia izan dira. Gipuzkoa osoa afalorduko arrain hezurrei begira jarri dute, nora bota? Eta arrain hezurra eztarrian nola, trabatu dira beste hainbeste gai, zabor poltsak lurrean uztea iraultza egitea dela sinetsarazi duten bitartean.

Barkatuko didazue, baina ez dut zabor poltsen iraultza horretan sinesten. Beti uste izan dut aldaketak aberasgarri direla, baina aldatu beharrean lehengora bueltatu gara. Bestelako etorkizun bat irudikatzen hasia nintzenean, emaitzei begira jarri eta, hautagaiak ikusi ordez, besteak beste, trenik pasako ez den trenbide erraldoi bat ikusten dut, artatzen gaituen medikuaren atzean dagoen enpresa pribatua, lehenengo sektorea itotzen duten politikak, izaera soziala galdu duen Kutxa edo ikastea pribilejioa bihurtu den gizarte bat begitantzen zaizkit. Hauteskunde hauetan, hondakinez gain, beste gai asko ere bazeudelako jokoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!