Badatoz Inauteriak 2016!

Karnabalak, Inauteriak... Talaik!

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goñi 2016ko ots. 2a, 11:00

Txapela buruan, zapia lepoan eta  abarkak oinetan, alkandora zuria jantzita eta mahoizko galtzekin etorriko dira aurten ere. Trikiti eta makil talken soinua lagun, gure bailara honetan inauteri jaiek berezko duten alaitasunaren iturri amaigabe moduan, etxez etxe, baserriz baserri ibiliko dira. 

Talai dantza egingo dute etxeen atarian eta jasoko dute euren puska, merezitakoa ezbairik gabe. Baina, dantzaz haratago, zerbait gehiago dira «Talaik» Amezketan. Kultur puska bat, eta kultura guk geuk sortu, mantendu eta maitatzen dugunez, amezketarron puska bat. Horrela da orain eta horrelaxe zen lehenago ere.

Meritua du, ordea, gaurko mundu honen abaila bizi honetan, honelako kultur ohiturak bizirauteko esfortzurik txikienak ere. Globalizazioak kultur mugimendurik mugagabeenak ezagutzeraino eraman gaituen bitartean, geure herri txikietan, honelako ohiturak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko gai izan gara. Eta transmisioa ez da soilik oroimenean geratu, izan ere, talai dantzak bizirik irauten badu, transmisioa oroimenetik pasa eta bihotzeraino iritsi den seinale baita. Honela, inauteri igandean eta astelehenitan, herriko gaztetxo, gazte eta ez hain gazte elkartu, eta urtean zehar oso jende gutxi iristen den lekuetara iristeko prest egoten dira, batzuk goizeko freskurarekin eta beste batzuk bezperan eginaren ajearekin. Baina, guztiak prest egoten dira eurena sentitzen dutelako. Horrela bada orain, horrelaxe izango da gero.

Baina, zer berezi bat sentitu eta egin behar da transmisio hori gerta dadin, zerbaitekiko maitasuna ez baita bihotz batetik bestera pasatzeko bizipenik errazena. Horretan aritu direnak, ari direnak eta arituko direnak eskertu beharrean gaude amezketar guztiok.

Badakigulako debalde egindako lana izan dela, dela eta izango dela; trukean herritar guztiontzako zerbait esperota «soilik» aritu direla, ari direla eta ariko direla; baina, jakin behar dute herritar guztioi urtero talai dantzak ekartzen diguna ez dela izan, ez dela eta ez dela izango gauza soila. Asko dugu ikasteko talai dantzatik, guztiontzako zerbait lortzeko «soilik» horrelako borondatea izango bagenu guztiok, beste era batera funtzionatuko bailuke munduak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!