Txintxarri Abesbatzak Italiara bidaia egingo du

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2015ko uzt. 21a, 14:08
Txintxarri Otxandion

Uztaileko azken egunak aprobetxatuz, Italiara bidaiatuko du Alegiako Txintxarri abesbatzak. Bost eguneko bidaia egingo dute, eta uztailaren 27an mezan abestuko dute Vatikanoko San Petri elizan.

Italiara bidaiatzea Txintxarri Abesbatzaren ametsetako izan da. Azkenean ametsa egi bihurtzea lortu dute abesbatzak 55 urte bete dituen urtean. Ostiral honetan, hilak 24, Italiara abiatuko dira alegiarrak eta uztailaren 29ra arte Italiako hainbat hiri bisitatuko dituzte.

Lehendabiziko egunak Pisan, Florentzian, San Gimignanon eta Asisen emango dituzte, eta azken bi egunak Erroman egongo dira Txintxarrikoak. Egun horietan, garai desberdinetako arkitektura eta kultur adierazpenez gozatu ahal izango dute. Hain zuzen ere, euren azken geldialdian, Italiako hiriburuan eskainiko dute meza Vatikanoan, San Petri elizan.

Italian bizi den Alex Mendizabal musikari donostiarrarekin harremanetan jarri ziren abesbatzakoak duela hilabete batzuk. Erroman emanaldi bat eskaintzeko aukera desberdinak aztertzen hasi ziren. Bere bitartez, Vatikanoko Pablo Colino monsinorearekin zuzenean harremanetan jartzea lortu zuten. Vatikanoan bertan emanaldi sakratu bat eskaintzeko aukera sortu zen, eta hala, uztailaren 27rako antolatu zuten. Meza arratsaldeko bostetan izango da San Petri basilikan, mezak ematen diren gunean. Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean eta Mariaje Rekondo herritarra organoan dela abestuko dute Txintxarri abesbatzako 30 abeslariek. Vatikanoko arduradunek eskatuta, meza amaieran “Agur Jesusen ama” abestuko dute.

Pablo Colino apaiz nafarra da. Jaiotzez iruindarra da, baina Vatikanoan bizi da. Teologia eta musika ikasketak egin zituen. Apaiztu ondoren, Italiara joan zen. Vatikanoko kapera maisua izan zen eta hainbat abesbatza ere zuzendu zituen.

Bidaia artearen eta musikaren bihotzera

Txintxarri abesbatzak 1985ean egin zuen lehen bidaia, 25. urteurrena ospatzeko. Alemaniako Nuremberg eta Winkelhaid hirietara egin zuen bidaia garai hartan eta emanaldiak eskaini zituen bertan Joxe Gastesiren zuzendaritzapean.

Geroztik hainbat bidaia egin ditu. Portugalen ospatu zuen abesbatzak bere 50. Urteurrena, artean Gastesi bizi zela. Handik hilabete gutxira hil zen.

Aurten Italiara egingo duten bidaia honek, eta bereziki Vatikanoko emanaldiak, garrantzia eta sinbologia handia du abesbatzarentzat. Txintxarriren sortzaileak, Joxe Gastesik, lotura handia izan zuen betidanik herrian egon zen parrokiko abesbatzarekin. Bertako abeslaria izateaz gain, zuzendaria ere izan zen. Gerora, Txintxarri abesbatzarekin ere musika sakratua bereziki landu zuen eta makina bat meza eskaini zituen. Gaur egun ere urteko jaiegun nagusietan herriko meza nagusian abesten du. Bera hil eta bost urtera, Gastesiren ametsetako bat beteko da: Txintxarri abesbatzak Vatikanoan abestea. Berari eskainitako emanaldia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!