Alegiarrek euskal doinuez bete zuten San Petri Basilika

Erabiltzailearen aurpegia Txintxarri abesbatza 2015ko uzt. 31a, 12:00

Pozik eta helburuak beteta itzuli dira etxera Alegiako Txintxarri abesbatzako kideak. Bost eguneko bidaia luze eta bizian Italiako hainbat hiri nagusi bisitatzeko aukera izan dute, eta horien artean, Erroma, artearen eta musikaren hiriburua, gure historiaren abiapuntua dena.

Baina zalantzarik gabe, Vatikanoko San Petrin abestutako mezak goi mailara eraman du abesbatza.

3.500 kilometro inguru bost egunetan, 40 orduko joan-etorria autobusean, Badajozko Jose eta Antonio gidari ezin hobeekin. Italiako bidaia luzea izan da, nekagarria ere bai, baina aldi berean gogoangarria abesbatzaren 55. urteurrena ospatzeko.

Pisan egin zuten lehen geldialdia eta euri zaparrada batek egin zien ongi-etorria. Bertako duomoa eta pontea ikusteaz gain, kanpandorre ezagunaren okertasunaren lekuko izan ziren alegiarrak.

Florentzian Erdi Aroko eta Errenazimendu garaiko hainbat eraikin eta gune ikusi zituzten, besteak beste, piazza della Signoria, Vecchio zubia, eta besteak beste, Michelangeloren hainbat artelan. Erdi Aroko San Gimignano herri harresituan ere izan ziren, zazpi dorre dituen herrian hain zuzen.

Azken bi egunak Erroman egin ditu abesbatzak, Erromaren historiaren garai desberdinen lekuko diren aztarnak eta artelanak ikusten, Tiber ibaiaren alde batean eta bestean. Besteak beste, Coliseoa, Agriparen panteoia, Trajano eta Adriano enperadore erromatarren zutabeak, eta Vatikanoko San Petri basilika. Edozein gune aproposa izan da abesbatzarentzat euren kantuak abesteko. Esate baterako, Agriparen panteoia.

Euskal doinuak San Petriren bihotzeraino

Uztailaren 27an, arratsaldeko bostetan abestu zuen Txintxarri abesbatzak San Petri basilikako aldare nagusian. Vatikanoko protokolo arau zorrotzen artean aritu ziren 30 abeslariak, Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean eta Mariaje Rekondo herritarra organoan zela. Juanjo Orbegozo herritarrak ere jo zuen pieza bat mezan zehar.

Basilikaren kanpoaldean zein barrualdean mundu guztitik etorritako milaka turista. 40 graduko tenperatura kanpoan eta barruan. Izerditan eta urduritasunez, baina aldi berean abesbatzaren historian toki berezia izango duen momentu hartako minutu bakoitza gozatu nahian aritu ziren abeslariak.

Euskal doinuak zabaltzea da Txintxarri abesbatzaren helburuetako bat, eta Vatikanoan ere toki nabarmena izan zuten. “Bihotz batez” abestiarekin hasi zuten meza arratsaldeko bostetan, eta Urteagak harmonizatutako “Agur Jesusen Ama” zortzikoarekin amaitu zuten. Italieraz eta latinez eman zuen meza apaizak, eta bukaera aldera hitz batzuk eskaini zizkion abesbatzari, abesbatzaren izena eta jatorria aipatuta. Meza entzuten zeuden 200 bat lagunen txalo zaparrada gustura jaso zuten abesbatzakoek.

Basilika bisitatzen zebiltzan euskaldun bat edo beste ere hurbildu zitzaizkien meza bukaeran zorionak ematera. Emanaldia amaitutakoan euskal kantuak abestu zituzten San Petriren enparantzan, “Hegoak ebaki banizkion” eta “Xalbadorren heriotzean”, besteak beste.

Emanaldia, Txintxarri abesbatza Vatikanoan abesten ikusteko aukerarik izan ez duen Joxe Gastesiri eskaini diote, abesbatzaren sortzaile, lehen zuzendari eta dinamizatzaile apartari. Duela bost urte hil zen Gastesi. Bere garaian Italiara bidaia bat antolatzen ahalegindu zen, baina saiakerak huts egin zuen, eta urte batzuk geroago lortu dute ametsa betetzea.

Alegiako Txintxarri abesbatzak eskerrak eman nahi dizkio Italiako Associazione Culturale Euskara Elkarteari, eta bereziki, bertako arduradun den Alex Mendizabal musikari donostiarrari. Lan aparta egin du Pablo Colino monsinorearekin harremanetan jarri eta emanaldia antolatzeko. Mezak iraun zuen denbora guztian ondoan izan zuten Mendizabal.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!