Zure eskuak bere bihotz

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2014ko uzt. 25a, 12:00
Kalean oinez zoazela zure aurretik doan gizona ziplo erori da lurrera. Autoarekin txirrindulari bat harrapatu duzu eta lurrean dago, geldi, begiak itxita. Kuadrillako afarian haragi puska bat kontrako eztarrira joan zaio lagun bati eta ezin du arnasarik hartu, gero eta moreago dago. Jakingo al zenuke zer egin kasu hauetan guztietan?

Lehen sorospenen kontua oso utzita daukagun zerbait da. Tentsio-uneak direlako eta gauzak gaizki egiteko beldurra handia delako, gehiengoak ez du kontu hauetan trebakuntzarik jaso nahi izaten, nahiz eta jakin, zenbaitetan, lehen segundoetan laguntza egokirik ematen ez bada alferrik izaten dela beste guztia.
Hemen ere giltza erakundeek dutela uste dut. Ikastetxe guztietan behar luke derrigorrezkoa bizia salba dezaketen teknika hauek erakustea, eta ez behin bakarrik, urtero gutxienez, praktikarik ez galtzeko.
Bihotz-biriketako geldialdi bat ongi identifikatzeak, suspertze egokia garaiz hasteak edo 112ra deitzean datuak egoki ematen jakiteak beste urte batzuetako luzapena oparitu dakioke ia hilean dagoenari. Ez da txantxetako kontua.
Ez izan beldurrik hanka sartzeko. Prestakuntza egokiarekin zaila da gauzak gaizki egitea, sorospen kurtsoetan, egin behar denarekin batera, egin behar ez dena ere erakusten baitute, sinple baina argi.
Jakin badakigunean kasu batzuetan geureak direla bizi euskarri aurreratua iritsi bitartean pertsona hori bizitzara lotuko duten esku bakarrak, ez dezagun aukera alferrik galdu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!