Zizurkilgo Udalak onartu du bailararen banaketa berria

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2016ko uzt. 28a, 14:21

Zizurkilen landa lurretan dauden etxe guztiak Sakabanatu gisa egon dira jasota zentsuan eta helbide hori izan dute azken mende erdian.

Bailaren izenak herritarrek erabili izan dituzte aurrekoengandik jasota baina ofizialki ez zeuden definititua. Egoerari buelta emateko, Teodoro Hernandorena kultur elkarteak egindako proposamena oinarri hartuta, uztaileko udalbatzan aho batez onartu da Zizurkilgo bailara banaketa berreskuratzea.

5 bailara

5 bailaratan banatuta geratu da orain Zizurkil. 4 bailara historikoak dira: Mendi bailara, Buztin bailara, Akezko eta Elbarrena. Bostgarrena bailaren banaketa berrian sortu da: Ergoiena. “P.M. Otaño plazan zegoen mugarria oinarri hartuta banatzen zirenez bailarak, Azken portu aldera doan bidetik hasi eta ezkerretara, Birautzko bidera tartean geratzen zen guztia Elbarrena zen. Alegia, Plaza Etxeberri Elbarrena 1 litzateke. Eta horrek noski, gaur egun ez zuen zentzurik, Elbarrena gisa ezagutzen dugun hiri lurretan 2.500 pertsona bizi direnean. Orduan beste herrietakoak begiratu eta proposamen bat egin genuen. Herri barrena bazegoenez Herri goiena ere egotea, Ergoiena bailara alegia. Gaur egun logikoagoa den banaketa. Orduan Beibategi arte Elbarrena litzateke, duela gutxi konpondu duten herri bidea hartu dugu muga gisa. Eta Errekaldetik gora berriz Plaza Etxeberri, Olatza, Mutio… dauden inguru hori hilerriko bidetik ezkerretara dagoena bailara berria bihurtu da: Ergoiena. Aurkezpenetan azaldu genien eta ondo iruditu zitzaien”, azaldu du Joxin Azkue Hernandorena elkarteko kideak.

Aldaketak

Aldaketak igarriko dituztenak hiri lurretan bizi ez direnak dira, alegia plan orokorrak landa lur gisa izendatzen dituenetan bizi direnak. Horrela, P.M. Otaño plaza inguruko herrigunean eta Elbarrenan hiri lurretan daudenek berdin jarraituko dute, beren kalearekin eta zenbakiarekin. Landa lurretan bizi direnei aldatuko zaie zenbakia eta bailara erantsiko zaie helbidean. “Orain errolda eta zentsua eramaten duen sozietateari abisatu behar zaio, Correosi, Iberdrolari… Hasieran bi helbideak oraindik hor egongo dira denak ohitu arte eta aldatu arte. Udaletik aldaketak izan dituzten etxe guztiei jakinaraziko zaie, bakoitzari egingo zaio jakinarazpena zein den bere helbide berria adieraziz”, adierazi du Ainhoa Azpeitia nekazaritza teknikariak.

Udalbatzaren onarpenarekin, inoiz galdu behar ez zen ondarea berreskuratu du Zizurkilek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!