Ander Ortiz de Murua artista zizurkildarraren lanak ikusgai, Plazida Otaño liburutegian

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2016ko abu. 26a, 12:27
Irailaren 5etik urriaren 1era bitartean ikusi ahal izango dira bere lanak

ARGIAREN BILA du izena Ander Ortiz de Muruak Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gunean jarriko duen lanen bildumak. Liburutegia irekita dagoen ordutegian ikusi ahal izango da, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00retatik 20:00etara, eta larunbatetan 9:30etik 13:30era bitartean.

Honako hau da bildumaren esentzia, egilearen hitzetan:

"Zizurkilgo erakusketarako aukeratu dudan bildumaren izenburuaren jatorria da uneoro bultzatzen nauen asmo bat; izan ere, lan bakoitzaren baitan argia bilatzen saiatzen naiz. “Argia bilatzea” esaten dudanean, teknikoki eta emozionalki argia bilatzea esan nahi dut.

Lan hauek aukeratu ditut niretzat duten esanahi emozionalagatik, nire bizitzako une garrantzitsuen irudikapena baitira. Hain zuzen, hori izan da lan hauek aukeratzeko erabili dudan irizpide bakarra. Nire asmoa da erakusketa ikustera datozenek hainbat eratako sentimenduak eta emozioak ikustea nire lanetan, eta nolabait identifikatuta sentitu ahal izatea.

ARGIAREN BILA bilduman, hainbat motatako teknikak erabili ditut. Teknika nagusiak dira grafito bidezko marrak eta itzalak, teknika horiek errealismoarekin lan egiteko aukera ematen baitidate, kalitate handiarekin, eta irudi bakoitzean nire helburua lortzen laguntzen baitidate, modu ikusgarrian argia islatzeko aukera emanez.

Olioz eta akrilikoz egindako margolanetan, mugimenduzko pinturaren teknika erabiltzen dut. Lanean koloreak beren kasa nahastea da teknika horren helburua, lanari freskotasuna emateko."

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!