Mintzolak sormenerako gune bat eskaini die gazteei

Tolosaldeko Ataria 2016ko urt. 20a, 12:05

Maddi Etxeberria larrauldarrak parte hartu du Zestoan ospatutako sormen egonaldietan

Abenduaren 26tik 30era Zestoako Sastarrain baserri eskolan bildu dira hainbat gazte Ahots Baten sormen egonaldietan parte hartzeko. Ahozkotasunaren diziplina ezberdinak lantzeko Mintzolak antolatu duen ekimena izan da eta antolakuntzan parte hartu dute Ikastolen Elkarteak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Euskal Kantuzaleen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak.

15 eta 20 urte bitarteko 28 gaztek hartu dute parte eta horietako bat Maddi Etxeberria larrauldarra izan da: «Bi bideetatik jaso nuen egonaldien berri, bertso udalekuetara urtera joaten naiz eta hango parte hartzaileen informazioa bidali ziguten eta Lorratzak taldeko kide naizenez handik ere iritsi zitzaidan gonbidapena». Antzerkigintza ez beste diziplina guztiak ezagunak zituen Etxeberriak eta ezagupenak zabaltzeko aukera izan du egonaldietan.

Sormenerako gunea

Kultur adierazpide bakoitzaren ekarpenak bildu dituzte lau egunetan. Esti Alberdi, koordinatzaile bezala aritu den eragileak azaldu duenez, «etorkizuneko gure euskal gazteriari gune bat eskaini nahi izan diogu, aukera berri bat jarri nahi izan diegu mahai gainean». Mintzolak lehenengo aldiz jarri du martxan ekimena eta arrakastatsua izan da.

Diziplina bakoitzari egun bat eskaini diote eta dinamizatzaile bat arduratu da egun horretako ekimenak koordinatzeaz. Bere esku geratu da egun osoko lanketa eta baita alor bakoitzeko sortzaile bat aterpetxera gonbidatzea. Harekin arratsaldero hizketalditxo bat egin eta gaubeila bat antolatu dute. «Afaldu eta gero saio bat eskaintzen ziguten eta guretzako opari bat zen. Beatriz Egizabalek lau ipuin kontatu zizkigun lehenengo gauean. Bigarren egunean Eñaut Gantxegi izan genuen bisitan eta antzerkigintzaz aritu zitzaigun. Hurrengo egunetan, kantagintzaz jarduteko Mikel Markez etorri zitzaigun bisitan eta bertsolaritzaz aritzeko Beñat Gaztelumendi eta Andoni Egaña», aipatu du Etxeberriak. Adierazpide bakoitza ikuspegi ezberdinetatik lantzeko aukera izan zuten.

Egunero-egunero ikasitakoarekin, gazteek Mikro irekia izeneko gaubeila eskaini zuten azken egunean. «Ipuinak, eurek sortutako kantuak eta bertsoak izan ziren», Alberdik nabarmendu duenez, «jaso bakarrik ez, eman ere egin zuten parte hartu zuten gazteek».

Parte hartzaileek nahiz eta diziplina ezberdinetatik gerturatu egonaldira, interes handia agertzen zuten beste alorrekiko. Alberdik horrela nabarmendu du: «Talde bat eta bakarra izan gara gazteak eta hezitzaileak. Denbora librea ere kanturako eta sorkuntzarako baliatzen zuten gazteek. Oso emankorra izan da». Bat dator Etxeberria: «Deskantsurik gabe jardun dugu eta oso bizia izan da. Akaso beste egoera batean ezagutuko ez genukeen jendearekin egoteko aukera izan dugu. Errepikatzeko moduko esperientzia izan da».

Egonaldiak hasiera bat besterik ez dira izan Alberdiren ustez. «Antolakuntzan aritu garen eragileok argi dugu hau dela bidea. Momentuz lau eguneko egonaldia izan da baina batek daki urte osoko dinamika bat garatzeko aukera ez ote dugun izango gazte sortzaile hauentzat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!