Binilozko 265 disko bildu dituzte Larraulgo Ekomuseoan

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 20a, 08:00

Urtarrila arte izango da ikusgai hileko lehen igandeetan edo bestela, txanda eskatuta, bisita gidatuak egin ahal izango dira

«Bilduma ez da astebetean egiten. Urteak behar dira horretarako». Larraulgo Dina 7 taldeko Koldo Jauregiren (Larraul, 1956) hitzak dira. Herriko Ekomuseoan datorren urteko urtarrilaren 6ra bitartean, 265 binilozko disko erakutsiko dira, guztiak euskarazkoak eta urteetan zehar bildutakoak. «Bildumagileak beti bilatzen aritu behar du, kuriositatea behar-beharrezkoa du».

Gaztetatik datorkio musikarekiko zaletasuna Jauregiri. «Etxeko ukuiluan irrati txiki bat izaten zen eta hantxe entzuten genituen lehenengo kantuak. Gero gaztetan, aurreneko kantaldiak izaten zirenean haietara joaten ginen kaikua jantzita». Binilozko diskoekin batera, gitarra bat, txistu bat, 80ko hamarkadako soinu bat eta kaikua jarri ditu erakusketan.

70ko hamarkada du obsesio larrauldarrak eta garai hartako objektu, jantzi eta musikak begi kolpe batean identifikatzen ditu, «nire gazte aroa izan zen hura eta erraz atzematen diet garai hartakoei». Diskoen azalek arreta emanda hasi zen bilduma osatzen eta 265 binilo jaso ditu. «Dauden guztiak ote diren? Mundu mailan ibiltzen den bildumazale bati kontatu nion euskarazko diskoetan nuen interesa eta zenbat nituen esan nionean, 'ia gehienak badauzkak' erantzun zidan». Oraindik ere mordo bat falta zaizkiola uste du Jauregik. «CDen moda hasi zenean jende askok biniloak bota egin zituen, baina oraindik ere badira batzuk. Euskarazkoei, gainera, duela gutxi arte ez zitzaien estimu handirik egiten. Orain, bildumazale batzuk hasi dira arreta jartzen, ikusita euskarazko biniloak gutxi direla».

ALTXORRAREN BILA

Merkatu txikietan, truke merkatuetan eta mundu horretan ibiltzen den jendearekin harremanetan jarrita eskuratu ditu diskoak Jauregik. «Interneten ere jartzen dituzte salgai. Batzuk akaso haserretu egingo zaizkit baina esango nuke garesti ateratzen dela. Garraio saria ordaindu behar izaten da eta bermerik ez duzu izaten nola iritsiko ote zaizun diskoa». Ekomuseoan ikusgai diren diskoetako asko garbitu eta egokitu behar izan dituzte, asko zikinduta aurkitu dituztelako.

Urte asko dituzten diskoak dira horietako asko. Zaharrena noizkoa? «1965 edo 1966 urteen barruan egongo dira bizpahiru binilo, Lourdes Iriondo eta Benito Lertxundik atera zituztenak». Disko txikiak dira, single bezala ezagutu izan direnak eta 45 biratan erreproduzitzen direnak. Horrelako mordo bat bildu dituzte Larraulgo Ekomuseoan, baina gehienak, hala ere, 33 biratakoak dira.

50 urte baino gehiagoko diskoak izanik erakusketan bildutako asko, zailak dira aurkitzen. «Pare bat binilo eskuratu nahian urteak eman ditut eta kasualitatez, etxeko ganbaran aurkitu nuen horietako bat». Bestea, ordea, espezializatutako azoka batean eskuratu zuen urteak haren atzetik ibili ondoren: 1977an Iñaki Eizmendik kaleratu zuen Gureak ez diren kale ixileen bi milagarren samiña.

LARRAULDARREN BINILOAK

Azkeneko zortzi urteak beste binilozko disko bat eskuratu nahian eman ditu Jauregik. Martin Aginagaldek, Iturbiderekin batera 1979an kaleratu zuena. «Herrikoa dugu Martin eta askotan galdetzen zidan binilo horren berri ba ote nuen. Kosta zait aurkitzea baina azkenean lortu dut. Erakusketaren inaugurazio ekitaldira etorriz gero oparitan emango niola esan nion eta emandako hitza bete dut».

Ilusioz jaso zuen oparia Aginagaldek. «Gure jaiotetxea, Elizegi, erre egin zitzaigun eta han nituen binilo asko galdu egin nituen. Beti izan dut hau eskuetan izateko kapritxoa». Larraulgo garai hartako irudi bat ageri da diskoaren azalean eta panderoan lagun du Azpeitiko Imanol Arregi Iturbide. «Urte hartan atera nuen txapela, baina kasu hartan osabarekin, amaren anaiarekin, Egañazpirekin. Bigarren Txapelketa Nagusi bat ere irabazi nuen, 1981ean». Azken urteak soinua utzita eman ditu Martin Aginagaldek, baina osasun arazo batzuk gainditu ondoren, taldea osatu eta berriz ere trikiti mundura itzultzekotan da.

Ekomuseoan jarritako erakusketan Martin eta Iturbideren diskoak toki pribilegiatua du baina baita Pablo Sorozabalen lanek ere. «Jaio ez zen hemen egin baina aita hemengoa zuen eta beraz, guk Sorozabaldarrak laurrauldarrak direla kontsideratzen dugu», dio Jauregik.

KLASE GUZTIETAKOAK

Musika klasikoko biniloekin batera, estilo guztietakoak aurki daitezke erakusketan. Soinu handi eta txikiarekin osatutakoak, talde lanak, bakarkakoak, baita umeentzako 20 bat disko ere. Bertsoak biltzen dituzten binilozko diskoak ere topatu daitezke Larraulen. Jauregiren esanetan, «binilozko disko hauek baino lehenagokoak dira arbelezko diskoak eta diotenez, ba omen da bat Txirritarena». Larrauldarrak ez du hori bilatzeko ahaleginik egin, «gero arbelezko diskoak erreproduzitzeko gramofonoa behar baita».

Museo etnografikoan jasotako binilozko disko guztiekin batera, bi erreproduzitzaile ere ikus daitezke, bata 70ko hamarkadakoa eta bestea 80koa. «Tocadiscos hauek konpondu behar izan ditut ondo entzun ahal izateko. Lehen beraiekin ekartzen zuten anplifikadorea, baina hauei erosi egin behar izan dizkiet. Bozgorailuak ere propio erositakoak dira».

Gauza asko hartu behar dira kontuan biniloak berekin dakarren soinua ondo entzun ahal izateko: jogailua, orratza, anplifikadorea, bozgorailuak... Baina behin lortuta, soinuaren kalitatea «izugarria» da, «horregatik ari dira nazioarteko hainbat musikari formatu hau berreskuratzen».

Larraulgo Ekomuseoan ere entzun ahal izango da biniloaren kalitatea. Antolatzaileei eskatuz gero ikusgai dauden diskoak jarriko dituztelako disko-biragailuan. Hileko lehen igandeetan goizez irekita egoten da museoa eta taldeka bisita gidatuak egin ahal izango dira, aurrez Dina 7 taldekoei abisua emanda, 688 803 608 telefonoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!