Kultur eta kirol ekimenek bat egingo dute abenduan Lizartzan

Maier Ugartemendia 2014ko abe. 12a, 10:30

Ekimen ezberdinak izango dira abenduan; tartean musika barrokoko kontzertua izango da elizan, eta ez da ohikoa bertan ariko diren musikariak etxetik gertu entzutea

Abendua kultur eta kirol ekitaldiz betea dute Lizartzan. Herritar talde batek, kultura eta kirol batzordearekin batera antolatu dituzte ekimen hauek. Izan ere, urtero udazkenean kultur astea antolatzen dute baina aurten «arrazoi ezberdinengatik» ezin izan dute antolatu, eta hortik abiatu ziren egitaraua osatzeko.
Antolakuntzan «batez ere» gurasoak ibili direnez, egitarauan haurrei zuzendutako gauza «dezente» aurki daitezke, eta hortaz, urtero antolatzen den haur parkeaz gain bestelako ekimenak ere bideratu zaizkie etxeko txikienei.

Hala ere, herritar guztiei zuzendutako gauzak ere badaude. Bereziki azpimarratu nahi dute, igande honetan herriko elizan Josetxo Obregon eta Enrike Solinis musikariek eskainiko duten musika barrokoko kontzertua. Antolatzaileen esanetan, behar bada ez da «oso publiko zabalarentzako musika», baina gauza «berezia» da; inoiz musika barrokoa entzun ez dutenentzat, aukera «bikaina».

La Ritirata, Josetxu Obregonek txelo barrokoarekin eta Enrike Solinísek gitarra barrokoa eta tiorbarekin osatzen dute. Antzinako musikan espezializaturiko taldea da. Honek esan nahi duena da, gutxi gorabehera XVI. eta XVIII. mendeen arteko (barroko garaiko) musika interpretatzen dutela, baina garaiko instrumentu edo kopiak erabiliz eta garaiko jotzeko modua aintzat hartuta. Izan ere mundua, eta beraz musika tresnak eta berauek jotzeko modua ere dezente aldatu dira ordutik hona. Horregatik, txelo barrokoa  gaur egungo txeloaren aurrekaria da, arku desberdina duena eta metalezko harien ordez tripazko hariak erabiltzen dituena, beste zenbait desberdintasunen artean garrantzitsuenak aipatzearren. Horrek instrumentuari eta jotzeko moduari gozotasun eta kolore berezi bat ematen dio, gaur egungoarekiko ezberdina. Gitarra barrokoari buruz ere gauza bera esan liteke, gaur egungo gitarraren aurrekaria dela, txikiagoa, 9 hari dituena, hauetako batzuk hari bikoitzak direlarik, eta tripazko trasteak dituena metalezkoak izan ordez. Honek ere gitarrari sonoritate eta kolore berezia ematen dio.

Hala ere, antolatzaileen esanetan ezin pentsa liteke "antzinako musika zaharkitua den zerbait denik, ez horixe, oso gertukoa eta modernoa suertatzen baita adibidez musika klasikoan aditua edo beronen zalea ez den norbaitentzat, eta horren arrazoia honakoa da: garai hartako musika, musika herrikoietik oso gertu aurkitzen dela, besteak beste dantza doinu asko erabiltzen baitira, erritmo kutsagarriak eta melodia sinple eta entzunerrazak".

Obregonek eta Solinisek "mundu mailan jaialdi eta antzoki garrantzitsuetan jo ohi dute eta barroko garaiko hainbat konposatzaileren lanetan oinarriturik musika-saio erakargarria eskainiko dute, haur, gazte, heldu nahiz adinekoei, hots, publiko guztiei zuzendua, gertukoa, dibertigarria eta seguraski ezezaguna jende askorentzat, baina dudarik ez izan, merezi duena eta kontzertura gerturatzen denari damutuko ez zaion ekitaldi polita udazkeneko igande arrats honetarako".

Aipatu bezala, ekimenak batzorde ezberdinetatik antolatu dira, kirolarenak eta kulturakoak egin duten lanaz gain, gizarte zerbitzuetatik ere truke azoka antolatu da larunbaterako. Herritar ezberdinek ere parte hartzen dute antolakuntza lanetan, eta baita ekimenak gozatzen ere: «Parte hartze zabala dago ekimenetan».
Hortaz, antolatzaileek «gonbitea» luzatu nahi izan die bereziki Lizartzako herritarrei, baina baita «kanpotik etorri nahi duten guztiei» ere antolatu dituzten ekimenetara: «Ongi etorriak izango dira».

Egitaraua

BIHAR, ABENDUAK 12
17:30. Bi pelikula proiektatuko dira kultur gunean. 17:30ean haurrentzat eta 19:30ean gaztetxoentzat

ABENDUAK 13, LARUNBATA
17:00. Truke merkatua, kultur gunean.

ABENDUAK 14, IGANDEA
18:30. Barroko garaiko dantza eta aireak kontzertua Josetxo Obregon eta Enrike Solinisen eskutik, elizan.

ABENDUAK 19, OSTIRALA
17:00. Papiroflexia eta mahai jokoak izango dira kultur gunean; haurrak heldu batek lagunduta joan beharko dute

ABENDUAK 24, ASTEAZKENA
18:30. Olentzeroren jaitsiera, Zimiterioan.

ABENDUAK 26, OSTIRALA
20:30. Amets Zirkoa antzerkia, helduei zuzendua, kultur gunean.

ABENDUAK 28, IGANDEA
11:00. Lizartzako pilota eskolako Eguberritako topaketak, frontoian

ABENDUAK 30, ASTEARTEA
Goiz eta arratsaldean. Haur parkea, frontoian.

ABENDUAK 31, ASTEAZKENA
17:00. San Silbestre krosa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!