Ezkerretik eskuinera, Eulogio Talavera 'Tala', Jexux eta Pili Bidaola eta Gregorio Garitonandia 'Borda'

Mila bederatziehun eta hirurogehita hamabosteko apirilaren 25a izan zen, Jose Bernardo Bidaola Atxega Txirrita lizartzarra lagunek azkenekoz bizirik ikusi zuten eguna. Urte bereko maiatzaren 28an agertu zen bere gorpua Sarako basoetan. Ordutik 40 urte igaro dira. Azalpenik eta ikerketarik gabeko 40 urte. Ezjakintasunean murgildutako 40 urte.

Inoiz, inork ez du gaia aztertu. Senideek informazio gehiago eskuratzeko egin izan dituzten saiakerek ez dute emaitzarik eman, baina orain arte senideez gain inor ez da gertatu zena ikertzeaz arduratu. Ander Lizarralde oñatiarra izan da gaia berriro mahai gainean jartzeaz arduratu den pertsona. Bera Gregorio Garitaonandia Borda oñatiarraren bizipenak jasotzen ari zela, konturatu zen «Txirritaren kasua berezia zela»; aipatu Borda, Txirrita desagertu zenean, berarekin zihoan komando kideetako bat zela. Gauzak honela, Lizarralde Txirritaren senideekin harremanetan jarri zen, eta Txirritaren heriotzaren 40. urteurrena betetzekotan zela konturatzean, bere historia biltzen duen txostena osatzea erabaki zuen. Txostena asteazkenean aurkeztu zuten, eta laster Tolosan eta Lizartzan jarriko da salgai, osorik irakurri nahi duenarentzat.


Desagerpenaren egunean gertatu zenaren inguruko informazioa osatu ahal izateko, «gehienbat» desagerpenean bertan izan zirenek kontatutakoekin osatu behar izan du informazioa Lizarraldek, hau da, Bordak, Eulogio Talavera Talak eta Iñaki Hernandez Lasa ibartarrak. Desagertu ondoren gertatukoari buruzko bertsio desberdinen «detaileak» garaiko prentsatik atera ditu: «Prentsan agertu zenaren bilketa egina zeukaten Euskal Memoriakoek eta beraiek pasatu zidaten». Bestalde, historia osatzen lagun dezaketen bi dokumentu «garrantzitsu» Iñaki Egaña historialariak eman zizkion. Azkenik, Txirritaren familiakoek ere «kontu argigarriak» azaldu zizkiotela dio: «Adibidez, Lizarietako tiroketa apirilaren 25eko goizeko zortziak eta laurdenetan izan zen eta familiakoek esan didate egun horretan bertan eguerdi aldean guardia zibilak agertu zirela euren Tolosako etxean». Informazioa osatzeko lanetan «jende asko» ibili da, «nik hori ordenatu, eta forma eman diot txostenean».

Dokumentu ofizialen hutsunea nabaria da, eta Lizarralde zentzu horretan «gehiegi» mugitu ez den arren, horretan ibili den jendeak «gauza handirik ez du lortu». Txostena aurkitu baino egun batzuk lehenagora arte, gorpuaren autopsia bera ere non ote zegoen ez zekiten: «Parisko auzitegi mediku batek egin zuen autopsia eta dirudienez ez da sekula familiaren eskuetara iritsi». Orain jakin berri dute Pauen dagoela autopsia, eta familiaren hurrengo helburua autopsia lortu ahal izatea da.

Lizarralderen ustez, «autopsiaz gain, informe polizialen bat ere egon beharko litzateke iparraldeko jendarmeen etxean», baina horrelakorik ere ez dute aurkitu.

Desagerpenaren gaua eta goiza

Ander Lizarraldek osatutako txostenean desagerpenaren datuak, eta ondoren gertatu zenaren bertsioen berri ematen da. Hain zuzen ere, hasiera BordaTala, Iñaki eta Txirrita elkartu ziren unean hasten da, desagerpen aurreko uneak.



Iñaki Hernandez eta Ander Lizarralde

Lizarraldek jasotako testigantzen arabera, Borda, Tala eta Txirrita Aljeriatik etorri berri ziren Euskal Herrira: «Bi hilabetetan entrenamendu militarra jaso eta arin eta indartsu zetozen». Jada hemen zeudela zeregin bat ezarri zieten: «ETApm-ko Komando Berezietako Apala eta Pakitok agindu bat eman zieten hirurei: Martuteneko kartzelako presoak ihesaldi bat prestatzen ari ziren eta kanpotik barrura zuloa egiten lagundu behar zieten». Beraiek iparraldean zeuden, eta Donostiara joan ahal izateko Saratik Etxalarrerantz egin behar zuten oinez bidea. Muga pasa behar zuten, eta horretarako «Iñaki ibartar mugalariaren laguntza izango zuten». Lizarralderi azaldu diotenez, ordu jakin batean, Lizarietako gainean etakide bat zuten kotxez zain, eta beharrezkoa zen denbora ondo betetzea: «Hara zehazki ordu hartan iritsi behar ziren, bestela arriskutan jartzen baitzen etakide hura».

Dena ongi zehaztuta zuten, baina bidean zihoazela izandako gertaera batek, ondoren gertatutako guztian eragin zuzena izan zuen: «Laukotea Saratik gorantz abiatu zen basoan barrena. Eta halako batean Iñakik hanka zulo batean sartu zuen. Zaintiratu bat egin zuen orkatilan, eta denbora asko galdu zuten ezusteko haren ondorioz. Horrek neurri batean ondorengo gertaerak baldintzatu zituen».

Atzerapenagatik Guardia Zibilak zain zuten etakidea ikusi zuelako, edo ez dakite zergatik baina, Lizarieta gainera iritsi zirenean zain zituzten hamabost guardia zibil: «Lizarieta Saratik Etxalarrera bidean mugan dagoen zelaigune bat da. Han Guardia Zibilek zaintza postu bat zuten garai hartan. Baina bost guardia zibil baino gehiago ez ziren egoten han. Eta goiz hartan berriz hamabost inguru azaldu ziren». Bertara iritsi bezain laster hasi zen tiroketa. Garaiko prentsan Lizarraldek bildutako datuen arabera «hogei minutu inguru» iraun zuen. Alde batekoen eta bestekoen arteko desberdintasuna, ordea, nabaria zen: «Etakideek eskopetak, pistolak eta eskuko bonbak zeuzkaten. Guardia zibilek fusilak eta metrailadoreak. Arma aldetik desabantailan zeuden etakideak arma horiekin ez baitziren ehun metro harantzago zeuden guardia zibilengana iristen».

Tiroketan, lehenik eta behin, Iñaki mugalaria zauritu zuten, eta aurreraxeago Txirrita. Bordak eta Talak, berriz, «ihes egitea lortu zuten Sarako basoetan barneratuz». Sarako lurretara ihesi zihoazela, zaurituta ikusi zuen azken aldiz Bordak Txirrita; baita lurrean zaurituta zegoen Iñakik ere. Lizarralderi Bordak kontatu dioenez, Txirritaren ahotsa entzun zuen «Hankan jo naitek, segi zuek» esan omen zion. Borda eta Tala aurrerago zihoazen eta mugarantz jarraitu zuten, baina Bordak atzerantz begiratu zuen eta «Txirrita zaurituta geratu zen inguruan guardia zibilak ikusi zituen». Bestalde, Iñakik ere lurrean zaurituta zegoela ikusi zuen Txirrita: «Txirrita bi besoak altxatuta eta bospasei guardia zibilez inguratuta ikusi zuen». Lizarralderen esanetan, «oso testigantza garrantzitsua da hau».

Zer gertatu zen 'Txirrita'-rekin?

Apirilaren 25ean desagertu zen Txirrita, eta hilabete baino gehiago pasa zen bere gorpua agertu arte. Maiatzaren 28an izan zen, Sarako basoetan. Besteei dagokionez, Borda eta Talak iparraldera ihes egitea lortu zuten. Iñaki, berriz, «lau orduz egon zen Lizarietako zelaian zaurituta», ondoren Donostiako ospitalera eraman zuten: «Han hiru hilabetez egon zen. Haietatik bi inkomunikatuta. Ondoren Carabanchel-eko kartzelara eraman zuten».

Aipatu, Txirrita desagertuta egon zen hilabete horretan zehar inguru horretan hainbat bilaketa saio egin zituztela Txirritaren gertukoek. Tolosatik Oargi Mendi Elkarteko kideek ere irteera pare bat egin zituzten bertara, Txirrita elkarteko kide baitzen. Senideek behin ere ez zuten desagerpenaren edo gorpuaren agerpenaren berri iturri ofizialetatik jaso, eta txostena osatzen ari zela jakin zuen Lizarraldek gorpuaren agerpenaren berri ere nola izan zuten Saran. Hainbat bitxikeriadaude, gainera: «Txostena bukatzen ari ginela Saratik abisatu ziguten bertara joateko. Han herriko mutila (aguazila) izandako gizon batekin elkartu ginen eta esan zigun berak aurkitu zuela gorpua. Sarako herriko etxeko (udaletxeko) idazkariak agindu omen zion joan zedila muga ondoko basoetara eta aurkitu zezala gorpu bat. Bizpahiru ordutan aurkitu zuen. Txirritaren gorpua zen. Aurrez erakundeko jendea, familiakoak eta lagunak Txirrita desagertu eta lehendabiziko egunetan behin eta berriz ibili ziren inguru haietan bilaketa lanak egiten. Inoiz ez zuten ezer aurkitu. Eta gero gizon bakar batek bizpahiru ordutan aurkitu zuen… Sarako herriko etxeko (udaletxeko) idazkariarengana joan ginen galdetzeko ea berari nork abisatu zion han gorpu bat zegoela. Ez zen oroitzen, baina datu garrantzitsua litzateke».

Txostenean, Ander Lizarraldek Txirritaren heriotzaren inguruan dauden hiru bertsioak azaltzen ditu, eta bakoitzaren ahulguneak eta indarguneak izan daitezkeenak ere aipatzen ditu. Hiru bertsioak honakoak dira Lizarralderen esanetan: «1) Txirritak Lizarietako tiroketan zauritu ondoren Sarako basoetara ihes egitea lortu zuela eta bertan bere buruaz beste egin zuela; 2) Lizarietan zauritu ondoren Sarako basoetan hil zela zauri horien ondorioz; 3) Txirrita Guardia Zibilaren eskuetan geratu zela eta hauek torturatu eta hil ondoren Sarako basoetan utzi zutela bere gorpua». Lehen bi bertsioak iturri ofizialetan eta orduko prentsan agertutakoak dira, baina bertan ere bertsioak ez datoz bat; hirugarrena, iturri ofizialetatik aparteko bertsioa da.

Bertsio bakoitzak izan dezakeen zilegitasunari galdetuta Lizarraldek ez du argi erantzuna, baina kontraesanak behintzat argiak direla dio: «Zer zilegitasun du espainiar estatuak? Zer zilegitasun du edozein estatuk? Zilegitasuna baino gehiago sinesgarritasun kontua da. ETAri dagokionez, esan liteke, espainiar estatuak gezurra behin eta berriz erabili duela, prentsaren zati garrantzitsu baten laguntzarekin. Txostenean agertzen dira gezur batzuk. Eta kontraesan batzuk ere bai. Egunkari batek A esaten du eta besteak B. Baina A gertatu bazen ezin izan zen B gertatu eta alderantziz».

Hala ere, txostenean datuetara mugatzen da Lizarralde, eta ondorioak ateratzea irakurleen esku uzten du: «Nire iritzia, kasu honi buruzkoa, aparte uztea eta lan teknikoa egitea erabaki nuen kasuaren alderdi desberdinak, batzera eta aztertzera mugatuz». Txostena asteazkenean aurkeztu zuen Ander Lizarraldek, eta berarekin batera izan ziren Txirritaren senideak, eta baita desagerpenaren egunean berarekin ziren komando kideak ere. Txostena aurkeztu badute ere, «batu gabe dago oraindik informazio jakin bat» Lizarralderen esanetan: «autopsia, informe poliziala eta abar». Gehiago aztertu daitekeen arren, zenbait kontu nahikoa argi ikus daitezkeela dio Lizarraldek: «Norbaitek esango du agian Iñakiren testigantzarekin nahikoa argi dagoela zer gertatu zen. Eta neurri batean hala da. Dena den, gehiago aztertu eta sakondu litekeen kasua da».

40 urte igaro dira Txirritaren desagerpenetik eta gorpuaren agerpenetik. Tarte honetan ez da inongo ikerketa edo azterketarik egin. Hortaz, agian, oraindik azter daitezkeen kontuak egon arren, Ander Lizarralderen Txirrita, 40 urte lana lehen mugarria dela esan daiteke. Orain bada nondik abiatua.

 

SUFRIMENDUAREN AURPEGIAK

Gogorra. Hori da behin eta berriro Txirritaren senideek azken 40 urte hauetan bizi izan dutena definitzeko erabiltzen duten hitza. Euren historia ezjakintasun hitzarekin ere defini daiteke. Izan ere, Jexux, Bixente eta Pili Bidaolak, Jose Bernardo Bidaola Txirritaren anai-arrebek, ez dute urte hauetan inolako azalpenik edo informaziorik jaso.

Hasteko desagerpenaren berri «inoiz ez» zuten jaso modu ofizial batean. 1976ko apirilaren 25ean, tiroketa 08:15 inguruan izan zen, eta ezeren berri izan baino lehen 11:30-12:00k aldera Guardia Zibila familiaren Tolosako etxera joan zen miaketa egitera, baina ez zieten inolako azalpenik eman.

Hurrengo egunetan, gertatu izan zitekeenaren inguruko bertsio «kontrajarriak» jaso zituen sendiak. Hamar egunetara identifikatu gabeko pertsona baten deia jaso zuen familiak, Txirrita ondo zegoela esanez: «Ondo zegoela, beraren berri izango genuela eta ez kezkatzeko esan ziguten».

Ordura arte entzundako kontraesanek eta ezjakintasunak senideen artean «kezka» sortu zuen. Ordurako Tolosako epaitegian ere salaketa jarrita zuten. Baina tiroketa Etxalarren izan zenez, salaketa Iruñeako epaitegian jarri behar zela, eta maiatzaren 17an hara joan ziren Jexux eta Pili anai-arrebak, baina orain ez dute dokumenturik topatzen. Salaketa jarri ondoren, Jexux anaia «mehatxuak» jasotzen hasi zen: «Hurrengoa ni izango nintzela eta bera hilda zegoela esaten zidaten. Bala zorroak eta deiak jaso nituen. Azentu arraroa zuen deitzen zuenak». Salaketa jarri arren, mehatxuak jasotzen jarraitu zuen. Egoera «gogorra» bizi izan zuten eta gainera «aurpegira barre» egiten zietela diote senideek: informazio bila muga pasatzen zutenean, desagertuta zegoela eta ondoren ere etxera etortzen zitzaizkien anaiagatik galdezka... «Etsita» pasa zituzten momentu haiek, eta albiste onak edo txarrak jaso nahi zituzten, «zerbait» jakin nahi zuten.

Azkenean, maiatzaren 28an gorpua agertu zela ere Sarako herriko langilearengandik jasotako dei baten bidez jakin zuten. Anaia zaharrenak ikusi zuen gorpua agertu zen lekuan, eta beilatokian gorpua identifikatzera joandakoan ere ikusi ahal izan zuten. Baina, hasieratik autopsia egiteko «trabak» jarri zizkieten: «Esan ziguten eskubidea genuela familiakoek, konfiantzazko medikua eta interpretearekin joateko, baina joan ginen eta ez ziguten utzi bertan egoten». Auzitegiko medikua ere Paristik ekarrarazi zuten, «bi egun beranduago». Momentu horretan «ezintasuna» sentitu zuten. Iparraldean zuten abokatuak ere «lan kaskarra» egin zuela diote; berarekin komunikatzeko zailtasunak zituzten «frantsesa bakarrik» zekielako, eta ez zuen autopsiaren «kopia bat ere» lortu.

40 urte erabateko ezjakintasunean pasa dituzte. Beti «zer gertatu ote zen jakiteko gogoa» geratzen zaizula diote. Informazio bakarra eta kontraesankorra «prentsatik» jaso dute, eta eurengana inoiz «ez da inor etorri». Horregatik, orain gaia mahai gainean jartzeak «bultzada» bat eman dezakeela pentsatzen dute, Txirritak «merezitakoa» senideen ustez. Orain arte sentitu gabeko «elkartasuna» ere sentitu dute. Ander Lizarralderen lanaz gain, senideek Aranzadira jo zuten, gertatutakoa «argitzeko» asmoz; izan ere, hasieratik argi esan diete «judizialki ez dagoela zer eginik». Euren nahia gertatutakoa «garbiago» izatea da, eta autopsia badagoela jakiteak bide horretan lagun diezaiekeela uste dute. Edonola ere, oraindik argitzeko gauza asko falta dira, gehiegi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!