Etxebizitzak izateko aukera, udalaren Kale baserrian

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 31a, 10:07

Baserri hutsei buruzko batzar bat egingo dute etzi, igandean, 12:00etan udaletxean.

Orendaingo parte hartze prozesuaren barruan, herritarrek lehentasuna eman dioten gaietako bat herrian dauden baserri eta etxe hutsak izan dira. Gai horren inguruan hitz egiteko batzarra antolatu du udalak etzi, igandea, 12:00etan udaletxean. Udalak badu jabegoan baserri huts bat, Kale izenekoa, eta berau berritu eta etxebizitzak egiteko proposamena aurkeztuko du.

Baserri hutsen inguruko gaia mahai gainean jarri zenean, Gorka Egia alkateari bururatu zitzaion lehen galdera udalak horrelako gai batean zer egin zezakeen izan zen: «Erakunde publiko bezala nola sartu daiteke jabetza pribatua duten baserrien inguruan zerbait egiten? Ikusi genuen udalak bazuela baserri huts bat, eta pentsatu genuen besteei zer egin behar zuten esan baino lehen guk egin behar genuela zerbait».

Orendainen bi etxe huts mota daudela azaldu du Egiak: «Batetik nire poltsikoak ordaindu ezin dituenak, eta, bestetik, erabat eraberritu beharrean dauden baserriak». Lehenengo horiekin ezer gutxi egitea dagoela azaldu du alkateak: «Tasak igotzea izan daiteke, baina ez goaz bide horretatik». Eraberritzeko beharra dutenen artean, jabeei udalari gertatzen zaion berdina gertatzen zaiela zehaztu du: «Finantziazio falta». Horren aurrean jabego pribatuari buruz dagoen ideiari buelta ematea proposatzen du Egiak: «Goazen gure jabegoa banatzera eta horren trukean eskaera bat egitera: berritu ezazue zuek etxea. Hau da, jabetza, berritzearen truke».

42 etxe huts daude herrian

Herriaren kaskoaren sarreran dago Kale baserria eta udalaren proposamenaren arabera bost etxebizitzetan banatuko da, bakoitza 90-100 m2-koa. Udala geratuko litzateke etxebizitza batekin eta interesa duten lau pertsona edo familia beharko ziren. «Baserriaren zati bat izango lukete lau horiek eta ordainetan eraberritze obrak ordainduko lituzkete», esan du Egiak. «Asmoa da etxebizitza bakoitza 90.000 euro ingurutan ateratzea».

Egitasmoan izena ematerakoan lehentasuna emango zaio orendaindarrei, baina herrian ez bada interesatuen beharrezko kopurua osatzen, herritik kanpora ere aukera zabalduko dela zehaztu du. Beste baldintzetako bat etxebizitzarik ez izatea izango da.

Kale baserriaren proiektua aurrera ateratzearekin batera, Egiak espero du baserri hutsak dituztenek ere eredua erabiltzea: «Baserri hutsen jabeak ohartzea, gastua suposatzen diena izan ordez, askoz ere hobeto datorkiela etxebizitza berri bat izatea horren barruan, eta aurrera begira ere edozein konponketa egin behar denean, mantenua merkeagoa izatea».

Etxebizitzaren gaian konponbidea hutsik dauden etxeekin zerbait egitea dela esan du Egiak: «Orendainen 42 etxe huts daude, eta beteta ez daude 70 baino gehiago. Proportzio oso handian daude etxe hutsak herrian. Berriak egitea baino, hutsik dauden horiei erantzuna bilatzea da gakoa. eta gure apustua hortik doa: etxebizitza berriak egiteak ez du zentzurik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!