Baso Eskola: haurrak herrian geratu eta naturan hezteko egitasmoa

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 28a, 08:55

Baso Eskola proiektua martxan jartzen ari dira Orendainen eta iganderako jardunaldia antolatu dute herrian. Entzun proiektuan parte hartzen duten zenbait gurasori egindako elkarrizketa:

 

«Baso Eskola funtsean gela naturan izatea da, basoan. Natura izatea ikasgela, eta idazten, irakurtzen, matematikak lantzen, talde kooperazioa eta gauza guztiak egitea inguruak ematen dizkigun baliabideak aprobetxatuz. Ez izatea gela batean itxita, baizik ingurunearekin, mugimenduan, naturan egonda». Horrela definitu dute Orendainen hainbat gurasok martxan jartzen ari diren Baso Eskola.

Baso Eskola Taldeko kideek garbi zuten haurrak denbora gehiagoz herrian egotea nahi zutela. Egun, herrian haurreskola dute Orendainen, 0-3 urte artekoentzat. «Orain hiru urterekin Alegiara jaisten dira eta oso txikiak dira egun osoz bertan egoteko. Orduan, haurreskolari segida eman nahi diogu eta behintzat sei urte arte herrian egoteko aukera  sortu nahi genuen», azaldu dute.

Eskolan pentsatzen hasterakoan, aukera ezberdinak jarri zituzten mahai gainean. «Ikusten genuen eskola publikoa jarriz gero, haurreskola 0-2 urtekoa bihurtuko zela automatikoki. Izan ere, horrela dagoelako ezarrita: haur hezkuntza badago herrian, haurreskola 0-2 izan behar du, eta haur hezkuntza ez badago,  orduan haurreskola 0-3 urtekoa izaten da», zehaztu dute.

Horrela, ez zuten nahi haurreskola baldintzatu eskola jartzeagatik. «Duguna mantenduz, osatu nahi dugu», esan dute. «Hainbat aukera begiratuz, ama batek azaldu zuen Baso Eskolaren aukera eta oso egokia iruditu zitzaigun, guk nahi genuen aukera guztiak ematen zizkigulako».

Baso Eskola aukeratzerakoan pisu handia izan du egun haurreskolan dagoen filosofiak. «Emmi Pikler-en eta Reggio Emilia eskolen metodologian oinarrituta dago. Haurren mugimendu askeari ematen dio garrantzia, eta haurren erritmoak errespetatzea. Hori egiteko Orendainek aukera paregabea ematen digu, bai haurreskolan bertan, eta baita ingurunea erabilita hori aurrera eramateko».

Ahal den denbora guztian kanpoan egoteak sortu dezakeen zalantzen aurrean, Baso Eskolen sustatzailea den Philip Bruchner-ek dioena ekarri dute gogora: «Ez dago eguraldi txarra, azpiegitura edota arropa txarra baizik. Muturreko eguraldia badago, ez dira aterako kanpora, baina hori salbuespena da. Egunerokoa kanpoan aritzea da».

Eskualdera irekia
Oinarrian herrian eskola izateko asmoarekin sortu bazen ere egitasmoa, ikusi dute horrelako eskola eredu batek «beste zabaltasun bat ematen diola, eta beste aukera batzuk ematen dituela». Beraz, Baso Eskola bailara osoari begira, edo egitasmoan parte hartu nahi duen guztiarentzat irekita dago. «Geroz eta jende gehiago, hobeto», gaineratu dute. «Baso Eskolan planteatzen da 25 haurreko taldea izatea. Herrian badaude 5-7 inguru. Metodoarentzat ez dago gutxieneko bat, gero beste kontu bat da haur gutxi badaude, horrek egitasmoa baldintzatzea». Proiektua osatzen ari dira, eta finantziazioaren aldetik begira ari dira ere nora jo dezaketen.

Baso Eskolaren berri emateko jardunaldia antolatu dute igande honetarako, otsailak 1. Hasiera kultur etxean emango diote, 10:00etan, eta bertara joaten direnei azalduko diete proiektua sortzeko arrazoiak. Ondoren, bueltatxo bat emateko asmoa dute inguruko baso batera, eta «Baso Eskolan haurrek egingo luketen antzeko zerbait egin, nola egiten duten jolas librea ikusteko». Ordubeteko bueltatxoa izango da, eta hori bukatuta hamaiketakoa egingo dute. «Ea jende gehiago animatzen den proiektuan parte hartzera. Beti ere errazagoa da aurrera ateratzeko, besteak beste, finantziazioaren aldetik».

Jardunaldiarekin, batetik, aukera ematen du jende gehiago proiektuarekin bat egiteko, eta, bestalde, Baso Eskola aurrera atera nahi dute. Bestalde, ikusten dute euren errealitatera moldatu behar dela: «Igandean dugun beste helburua da ikustea Orendainek zer aukera ematen dizkigun eta proiektuari forma ematen joatea».

Aurrera begira, laster matrikulazio epea zabalduko dutela diote. Bestalde, jardunaldi batzuk ere antolatuko dituztela azaldu dute Baso Eskola Taldeko kideek.

Orendaingo Udalaren laguntza jasotzen ari dira proiektua martxan jartzeko. «Udalak hasieratik esan zigun bere babes osoa izango genuela, batez ere herriko haurrak herrian izatea oso garrantzitsua delako, eskolak herriari bizia ematen diolako», zehaztu dute.

Euskal Herriko lehenengo Baso Eskola izango litzake Orendaingoa. «Madrilen ireki behar dute bat irailean. Baso Eskolen sustatzailea den Philip Bruchner-ekin eta metodologia horretan prestakuntza duten hezitzaileekin harremanetan gaude, eta Ekogunetik ere sustengua ematan ari dira», zehaztu dute. Alemanian milatik gora Baso Eskola daude, eta Eskandinavian ere ugariak dira. Orendainen lehen Baso Eskola euskalduna jarri nahi dute martxan, eta datorren ikasturtean zabaltzea dute helburu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!