«Baserriek izugarrizko historia dute, uste nuena baino gehiago»

Imanol Garcia Landa 2015ko ots. 26a, 11:05

Bere baserriko historia jasotzen hasi eta herriko guztiena bildu du 'Orendaingo baserriak' liburuan Pakita Ormaetxea Esnaolak. Lan handia izan arren, batez ere artxiboak arakatzerakoan, «oso gustura» aritu dela dio.

 

Orendaingo Agerre baserrian jaio zen Pakita Ormaetxea Esnaola, eta 20 urte inguru zituela atera zen herritik. Tarteka familia osoa baserrian elkartzen da, eta «une oso onak» pasatzen dituzte bertan. Ormaetxeak, batez ere, arbasoak nola bizi izan ziren jaso nahi izan du Orendaingo baserriak liburuan.

Nola hasi zinen liburua osatzen?

Nire bizitza guztia irakaskuntzan pasatu dut. Erretiroa hartzerakoan hasi nintzen gure baserriaren historia pixka bat aztertzen, kuriositatea nuelako. Gainera, ikasketak egin ditugunok ikasi dugu nola egin zen halako jauregia, hemengo katedrala, eta abar..., baina baserriei buruz eta gure etxeari buruz ez nekien ezer, eta orduan hasi nintzen baserriaren historiarekin. Eta kuriosoa da, zeren artxiboetan informazio dena dago. Gure baserriarekin bukatutakoan pentsatu nuen beste herritarrei ere gustatuko litzaiekeela bere baserriei buruz informazio hori izatea. Horrela, liburua estrukturatu dut baserrien kokapena jarriz, koordenadak, izenaren etimologia, eta gero historia txiki bat. Gauza asko dago jasota baserri bakoitzari buruz artxiboetan eta liburuan datu gutxi batzuk jarri ditut.

Zure baserriaren ondoren besteena ere biltzea pentsatu zenuenean, zer harrera izan zenuen?

Aurretik hasitako lana zen, baina iazko San Sebastian egunean eskatu nizkien herritarrei baserrien inguruko argazkiak. Gero aurtengo San Sebastian egunean erakutsi genuen liburua, eta nire ustez orokorrean asko gustatu zaie. Argazkiek ere asko esaten dute. Egia esan testua ere ez da pisutsua.

Zein artxiboetara joan zara informazioa jasotzera?

Historian azaltzen diren datu guztiak artxiboetatik ateratakoak dira. Gainera 1900 baino lehenagoko informazioa dago jasota, baserria lehendabizikoz dokumentuetan noiz azaltzen den hasita. Oñatin daude artxibo guztiak, eta Tolosan ere bai. Hortik dago gehiena aterata. Baita elizak dituen artxiboetatik ere.

Beraz, denbora pasatu duzu artxiboak arakatzen.

Asko aritu naiz, bai. Alderdi horretatik oso pisua izan da, testuak oso zailak direlako. Gizonak lagundu dit, pixka bat aditua baita dokumentu horietan. Interpretatzeko nahiko zailak dira dokumentu horiek. Artxibo batzuk 1500 ingurukoak dira, eta letra oso ezberdina da, eta beraz ulertzeko zaila da.


Zer datuetan jarri duzu arreta batez ere?

Gauza bitxi moduan ezkontzak eta testamentuak azaltzen dira. Ezkontzak interesgarriak dira, artxibo horietan azaltzen direlako zer ematen zuten ezkon-horni moduan, eta dena azaltzen da deskribatuta: koltxak, maindireak, platerak... Dena idatzita dago. Liburuan azaltzen dena artxiboetan egon daitekeen %10a da. Jasota dagoen informazio guztia azaltzeko urteak eta urteak beharko ziren.

Horrez gain, liburuaren hasieran baserrien eraikuntzari buruzko informazio orokorra bildu dut, baita bizimoduari buruzkoa ere. Agian ez ditugu apreziatzen, baina baserri horiek oso ondo eginak zeuden. Horri buruz ez nekien ezer, eta informazio hori erakusteko hainbat liburutan jasotako informazioa laburtu egin dut.

Esan daiteke pixka bat aditu bihurtu zarela baserrien inguruan liburua egiterakoan.

Lehen baino gehiago dakit, behintzat. Lehen, nahiz ikasketak jaso, nire garaian horrelako baserriei buruz ez zen ezer ikasten. Baina baserri hauek izugarrizko historia daukate. Nik neuk ere ez nuen horrelakorik pentsatzen. Asko disfrutatu dut liburua egitean. Egia da lan handia izan dela, baina oso gustura aritu naiz, eta izugarri asebeteta nago, nahiz eta baserri bakoitzari buruzko informazio pixka bat bildu. Nik uste dut baserrietan bizi direnentzat beraien etxeetako historia pixka bat jasotzea badela zerbait.

Liburua osatzea zuretzat ere esperientzia aberasgarria izango zen. Horrelako besterik egin duzu?

Burutik pasatu izan zait gure baserrietan emakumeek izan duten eragina jasotzea liburu batean; interesgarria izango zen, baina ez dakit. Orendaingo baserriak liburuari dagokionez, jendea harrituta geratu da zenbat informazio dagoen jasota jakitean. Esaterako, baserritar bat harrituta geratu da ikusi duenean bere baserriaren historiako pasarte bat esplikatzeko bost orri daudela artxiboan. 1700 inguruko kontu bat zen. Nahi izanez gero artxibora joan eta bakoitzak hari batetik tira dezake eta bere baserriko historia jasoko luke.

Liburuak herritarren artean banatu dira, ezta?

Jendeari interesatzen zaio, eta ez bakarrik baserrietan bizi direnei, baita baserrietatik joan den jendeari ere. Ale gutxi atera dira, eta gehiago atera beharko direla pentsatzen gaude. Ematen duenez ikusmina sortu du, eta jendeak liburua izan nahi du. Nik uste dut gure adineko jendeak oso gutxi dakigula baserriei buruz, nola eraiki ziren, eta informazio hori izatea garrantzitsua da. Oraingo gazteek agian gehiago dakite horri buruz, eta datozen belaunaldikoek ere informazio hori hor izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!