Baso Eskolan parte hartzeko deialdia

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 16a, 09:39

Topaketa antolatu dute igande honetarako, 11:00etan, Orendaingo erabilera anitzeko eraikinean


Ikasturte honetan jarri nahi zuten martxan Orendainen Baso Eskola, baina ez da posible izan, finantziazio falta izan delako. Guraso talde bat ari da bultzatzen proiektua, udalaren laguntzarekin, eta igandean, abenduaren 20an, topaketa antolatu dute, proiektuan interesa duten familiekin zuzenean harremanetan jartzeko.

Egitasmoa Hezkuntza sailean aurkeztu zuten eta ekainean laguntza emateko eskaerari ezezkoa esan zioten. «Oso interesgarria iruditu zitzaien, baina beraien ezezkoak baldintzatu zuen aurtengo ikasturtean martxan ez jartzeak, bertatik espero baitzen bi hezitzaileak ordaintzeko diru laguntza», azaldu du Laida Plazaolak, baso eskola bultzatzen ari den gurasoetako bat. «Horrek beste buelta bat eman dio proiektuari. Une horretan baino sendotasun handiagoarekin ikusten gara orain».

Urte eta erdi daramate proiektuarekin, eta egun hainbat ildo jorratzen ari dira. Batetik arlo pedagogikoa lantzen ari dira, eta horretarako Huhezi fakultatearen aholkularitza jasotzen dute. Finantziazioari begira, gaur egun arreta jarrita dute Landa Eremuko zuzendaritzarekin. Ikerketarako alor bat dago eta Tolomendiren bitartez proiektua aurkeztuko dute. Bestade, Eskola Txikien elkartearekin harremanetan daude, batez ere bi hezitzaileen finantziazioari begira.

Beste lan ildo bat gizarteratzeari dagokio, eta bide horretan Twitter eta Facebook kontuak dituzte. Beraiekin harremanetan jartzeko ere orendaingobasoeskola@gmail.com helbidea erabili daiteke. Beste lan talde bat familien prestakuntza jorratzen ari da, baso eskolaren pedagogian sakontzeko.

Naturan eta askatasunean hezi

Orendainen haurreskola dute, 0-3 urte bitartean. Herriko gurasoek haurrak herrian bertan geratzeko nahia azaldu zuten, hau da, 6 urte arte herrian geratzea. Aukera ezberdinak begiratzen hasi eta baso eskolarekin egin zuten topo. «Gehienak baso eskolarekin oso ilusionatuta jarri ginen», ekarri du gogora Plazaolak. Izan ere, haurreskolan dagoeneko baso eskolaren hainbat planteamendu ere jorratzen dira.

Idurre Arin haurreskolaren hezitzailea da eta baso eskolaren proiektua bultzaten ari den gurasoetako bat. «Naturan eta hezkuntza librean oinarritzen den eskola bat da baso eskola», azaldu du Arinek. «Natura izango zen ikasgela, eta egituratu gabeko materiala erabiliz, naturak eta basoak eskainitakoa erabiliz, haurrak behar dituen ikasketak burutuko lirateke».

Beste ezaugarri bat «eskola anitza» izatearena da, 3-6 urte bitarteko haurrak elkarrekin egongo baitira. «Haur bakoitzaren erritmo eta beharrak errespetatuko dira, eta haurrek benetako protagonismoa izango lukete», gaineratu du Arinek. «Hau guztiaz gain, denon eskola sortu nahi da, familien parte hartze zuzenarekin eta baita herritarren parte hartzearekin ere».

Haurrak «naturarekin kontaktu zuzenean egon dadin nahi da», azaldu du Josune Etxeberria proiektuaren beste bultzatzaileetako batek. «Orendain oso ingurune aproposa da horretarako. Basoz inguratuta gaude, eta landa eremua da. Aire librean, naturan sentitzea, libre sentitzea, askatasun hori izatea da gure nahia, justu gaur egungo hezkuntzaren aurkakoa».

Plazaolak gaineratu duenez, «baso eskolan hezitzaileek beraien arreta jartzen dute haur bakoitza ondo ezagutzeko, bere askatasunean nola garatzen diren ezagutzeko eta gero haur bakotzarekin lan ezberdina egiteko. Ez lau horma artean sartu eta denak berdina egiten jarduteko».

Igandeko topaketan orain arte emandako pausoak eta aurrera begira egin nahi diren pausoak azalduko dituzte. «Topaketara proiektuan interesa duten familiak gonbidatzen ditugu, eta deialdia eskualde guztira zabaltzen dugu», azaldu du Etxeberriak. «Jakin nahi dugu zenbat familia dauden interesatuta, eta beraien kezkak, interesak, zalantzak... jaso topaketan. Eta, bide batez, proiektuan sartu eta parte hartzeko beraien ekarpenekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!