Hondakinak

Hondakinen bilketa sistema berria erabakitzeko azken urratsak

Ainhoa Oiartzabal - Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko urr. 23a, 13:33
Herritar ugarik hartu zuen parte atzo herri batzarrean.
Atzo herri batzarrean aurkeztu zituen Tolosako Udalak hondakinak biltzeko bost sistema posible; adostutako helburuak zeinek bete ditzaketen proposatuko du hondakinen mahaiak, eta Udalbatzak erabakiko du zein jarri indarrean

Helburua argia da: hondakinen bilketa sistema berria ezartzen den lehen urtean %60-%70 bitarteko gaikako bilketa lortzea eta bigarren urtetik aurrera %70-%80 bitarteko gaikako bilketa erdiestea. Emaitza horiek ahalbidetuko dituen sistema erabakitzeko azken urratsak ematen ari da Tolosako Udala, eta atzo, Topic-en eginiko batzar irekian, herritarrei azaldu zizkien zein bost sistema posiblerekin gerturatu daitezkeen helburu horietara.
Ingurumen gaietan aditu diren Idema enpresako Roman Monasterio, Arrate Monasterio eta Eneko Ungilek aurkeztu zituzten bost sistemak, azaldu zituzten bakoitzaren ezaugarriak eta alderatu zituzten sistemak bata bestearekin; Ibai  Iriarte Tolosako alkatea izan zuten lagun, eta Topic-en elkartu ziren ehun herritar ingururen galderak eta iritziak jaso zituzten.
Bost sistema aztergai
Tolosako Udalak deitu zuen lehiaketa publikoaren bitartez egin du azterketa Idema enpresak, «eta honek, Tolosako hondakinen mahaiak adostu zuen baldintza jakin batzuen arabera egin du azterketa», azaldu dio azterketaren nondik norakoa Iñigo Muñoz ingurumen teknikariak Tolosaldeko Atariari. Baldintza horien artean daude goian aipaturiko gaikako bilketa datu horiek lortzea, gaika biltzen dena kalitate onekoa izatea edota hiri hondakinak ahalik eta gehien murriztea. Helburu hauek beteko zituen bilketa sistema ezartzea 2012ko uztailean erabaki zuen Tolosako Udalbatzak.
Bosgarren edukiontzia, derrigorrezko 5. edukiontzia, atez ateko biketa sistema mistoa, atez ateko bilketa eta edukinontzi komunitarioen bidezko bilketa sistema dira Idemak aztertu eta alderatu dituen sistemak. Hondakinen mahaiak berak ezarritako pleguetan zetozen edukinontzi bidezko zein atez ateko bidezko sistemak aurkeztea eta alderatzea.Tolosako ingurumen teknikariaren arabera, hondakinak biltzeko sistema egokienak direlako aurkeztu dituzte, «eta hemen inguruan, Europan behinik behin, horiek erabiltzen direlako».
Bost sistemetan gaurkoaren antzik handiena duena, bosgarren edukiontziarena da. Izan ere, materia organikoa biltzeko beste edukinontzi berri bat jartzea besterik ez baita, eta erabilera borondatezkoa da. Hau da, parte hartu nahi ez duenak gaur egungo bilketa sistemarekin jarrai dezake. Parte hartu nahi dutenek, giltza edo txartela izango lukete hondakinak edukinontzian sartzeko.
Derrigorrezko bosgarren edukinontziaren sitemak, berriz, borondatezko izaera gainditzea du xede. Erabiltzaileari edukinontzia erabiltzeko giltza edo txartela emango diote, eta aldi berean bere hondakinak biltzeko boltsak. Boltsa hauek erabiltzaileak identifikatzeko sistema izango lukete.
Atez ateko bilketa sistema indarrean jarriz gero, erabiltzale bakoitzak kalean ezartzen zaion lekuan utzi beharko du hondakina gaika sailkatua eta, dagokion orduan eta dagokion ordutegian. Erabiltzaile bakoitzak identifikazio kode bat izango luke eta jarraipen indibiduala egingo litzaioke.
Atez ateko bilketa sitema mistoak  aldiz atez atekoaren eta edukiontzien sistemak konbinatuko lituzke. Hala, materia organikoa, ontzi arinak, papera eta beira edukinontzien bidez biltzen dira, baina materia organikoaren edukinontzia zabaltzeko identifikazio txartela erabiltzea beharrezkoa izango da. Errefusa atez ate biltzen da, zintzilikarioen bitartez.
Sistemarik berriena eta ezezagunena, hemen inguruan behinik behin, edukinontzi komunitarioen bidezko bilketa sistema da. Bilketa edukinontzi komunitarioetan oinarritzen da, eta herriguneko atari bakoitzak edukinontzi bana izango du auzokide guztien erabilpenerako. Egun bakoitzean hondakin frakzio bakarra jasoko da edukinontzian, aldez aurretik ezarritako egutegi bati jarraituz. Hala, bizilagunek edukinontzia kalera atera behar dute finkatutako orduan eta behin bilketa zerbitzua pasa denean berriro atarian sartu behar dute.
Azken buruan, edukiontzietan oinarritutako bi sistema proposatzen dira: bata borondatezkoa eta bestea derrigorrezkoa. Atez ateko bilketa sistemetan oinarriturikoak dira beste hirurak: bi etxez etxe egiten direnak eta azkena atariz atari egiten dena.
Idemak planteatu dituen bost sistemetan Tolosa «irla» bezala hartu dute inguruko sistemen arteko fluxu eta sinergiei dagokienean. Baina nabarmentzen dute Tolosako Mankomunitatearen zabor bilketa optimizatuagoa izango dela berori osatzen duten udalerrien bilketa sistemak berdinagoak diren heinean.
Hipotesiak sistemaz sistema
Ia ehun orrialdeetan bildu ditu Idemak ekainean hasi zuen lanaren ondorioak. Lortu beharreko helburuekin batera, Tolosaren ezaugarriak bildu, bilketa sistema bakoitzaren ezaugarriak xehetu eta, bakoitzarekin lortuko liratekeen balizko emaitzak atera ditu Idemak. Eta behin emaitza horiek guztiak eskuan, bata bestearekin alderatu, eta ondorio orokorrak atera ditu.
Hondakinak gutxitzea eta hortaz errefusa murriztea izanik helburuetako bat, Idemak eginiko azterketaren arabera, derrigorrezko sistemek soilik lortzen dute 3.000.000 kg-tik beherako emaitza; eta atez ateko ohiko sistema da 2.000.000 kg-tik behera jaisten den bakarra [ikus eskuineko grafikoa].
Gaikako bilketari dagokionez, atez ateko sistemak ia %75 biltzea ahalbidetzen du; atez ate mistoak %66: edukiontzi komunitarioak %65; derrigorrezko bosgarren edukiontziak %58; eta azkenik, bosgarren edukinontziak %35. Gaur egun, %25 soilik biltzen da gaika. Kopuru hauek guztiak hipotesiak dira, eta sistema bakoitzarekin gaika zenbat bilduko litzatekeen ere kalkulatu dute Idemako adituek [ikus eskuineko grafikoa].
Bosgarren edukinontzia jarrita,  hau da, orain arteko sistemari materia organikoa biltzeko beste edukinontzi bat gehituta, %23 da konposta egiteko bilduko litzatekeen gaikako bilketa potentziala; derrigorrezko bosgarren edukinontzia jarriz gero, ia bikoiztu egiten da kopuru hori %51, eta ateaz ateko sistemekin %60tik gorako emaitzak lortzen dituzte.
Ontzi arinen bilketari dagokionean ere, alde handia dago borondatezko edo derrigorrezko sistemen artean; bosgarren edukiontziak %31 inguru lortzen duen bitartean, derrigorrezko bosgarren edukinontziak %70 lortzen du. Atez ateko hiru sistemek berdindu egiten dute kopuru hau, baina atez ateko ohiko bilketak ia %85ra igotzen du kopuru hori.
Gauza bera gertatzen da beiraren bilketari dagokionean: kopuru altuena %90 atez ateko ohiko sistemarekin lortuko litzateke Idemak eginiko azterketen arabera. Edukinontzi komunitarioen sistemak, atez ateko bilketa sistema mistoak eta derrigorrezko bosgarren edukiontzien sistemak %85 biltzea ahalbidetuko lukete. Borondatezko bosgarren edukinontziaren emaitzak nabarmen atzerago geldituko lirateke: %69,67.
Atez ateko sistemak, sistemarik konprometituenak
Hondakinen bilketa sistema guztiak banan bana aztertu eta gero bata besterekin alderatu ditu Idema enpresak. Hala, hondakinak gutxitzeari dagokionez, atez atean oinarritutako sistemek emaitza hobeak lortzen dituztela ondorioztatu dute. Izan ere, erabiltzaileak hondakinak botatzeko duten zailtasunarekin lotura zuzena du hondakin gehiago edo gutxiago sortzeak, enpresak nabarmendu duenez.
Gaika bildutako materialen kalitatea sistema guztiekin bermaturik dagoela dio Idemaren azterketak, baina ateaz atean oinarritutako sistemek soilik bermatzen dute %80 bitarteko emaitzak lortzea; gaineratzen dute ezin dela ziurtatu derrigorrezko bosgarren edukiontziaren sistemarekin hori lortzea. Hain zuzen, borondatezkoak ez diren sistemekin, %60 bitarteko gaikako bilketa lor daitekeela azaldu dute azterketaren ondorioetan.
Kostu ekonomikoari dagokionez, atez atean oinarritutako sistemek kostu handiagoa baldin badute ere (giza baliabideetan batik bat), kostu horiek bilketa mankomunatu batean optimizatu egiten direla gaineratzen dute. Hala ere, sistema gehienetan hondakinen jarraipena egiteko baliabideek kostua dakartela zehazten dute.
Bilketa sistemaren aldeko eta kontrako jarrera ere aintzat hartu du Idemak eginiko azterketak, eta argi diote egungo hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaidak ez duela ahalbidetzen sistema baten aurrean gehiengoaren adostasuna. Eta derrigorrezko sistemek bizilagunen aurkako jarrera sortzeko joera izan dezaketela ezartzerako garaian. Gauzak horrela, hiri hondakinak atez ate biltzeko sistemaren erabiltzaileen erantzukizuna handiagoa dela eta gizarteratzea ere handiagoa dela diote.

Bilera erabakiorrak datozen asteetan, eta herri batzarrak sistema berriari buruz informatzeko

Atzoko herri batzarraren ostean Tolosako hondakinen mahaiak pare bat  asteko epea izango du Idema enpresak aztertu dituen hondakinen bilketa sistemen artean erabakitzeko. Iñigo Muñoz ingurumen teknikariak Tolosaldeko Atariari aurreratu dionez, hondakinen mahaia osatzen duten alderdi politikoek (EAJ, Aralar eta Bildu) eta gizarte eragileek (Zero Zabor taldea, Tolosa Txukun, Tolosa&Co) adostu zituzten helburuetara gehien gerturatzen diren sistemak proposatzea da asmoa, «ahal dela, euren artean adostuta». Behin gaia hondakinen mahaiatik igaro ostean, «eta urtea amaitu aurretik», udalbatzak hartuko du indarrrean jarriko den bilketa sistema berria zein izango den. Hori erabaki ostean, herri batzar berriak deituko dituzte Idema enpresarekin batera sistemaren nondik norakoez herritarrak informatzeko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!