Hondakinak

IDEMAren txostena «pozez» hartu du Tolosa Zero Zaborrek

Itzea Urkizu 2013ko aza. 6a, 12:51
Kultur etxean egin dute IDEMAren txostenaren balorazioa.
Enpresak azterturiko bilketa sistema guztiak baloratu, eta «eraginkorrena» atez atekoa dela diote.

Tolosa Zero Zaborrek «pozez» hartu ditu, IDEMA enpresak herrirako bilketa sistemen inguruan egindako txosteneko emaitzak, eta horren harira, bilketa sistema guztiak baloratu nahi izan dituzte.
Tolosako Hondakin Mahaiak eta Tolosako Udalak bilketa sistema aukeratzeko onarturiko plegua oinarri izan du zero zabor plataformak, eta horren arabera, eta IDEMAren txostena kontuan hartuz «azterketak garbi uzten du 2016rako helburuak betetzeko sistema posible bakarra atez atekoa dela».
Horren alde, honako datuak aipatu dituzte: birziklatze tasarik handiena ematen du (%75,4); errefusa gutxien sortzen du (%26,4); errauste plantaren beharrik ez du; CO2 gutxien isurtzen duena da: sortu ahalako ordainketa egiten aukera ematen du; azkenik, hasierako inbertsioa handiagoa bada ere, hondakinen diru sarrerarekin eta errefusa gutxitzearekin aukera ekonomikorik positiboena dela diote.
Atez ateko bilketa sistema defendatzearekin batera, ordea, IDEMAk txostenean azterturiko gainontzeko sistemak ere baloratu dituzte Tolosa Zero Zaborreko kideek.
Batetik, borondatezko bosgarren edukiontziaz aritu dira, eta besteak beste, %35eko birziklatze tasara ez dela iristen azpimarratu dute. Derrigorrezko bosgarren edukiontziari dagokionez, gainera, «material nahiz azpiegituretan gastu handia» dakarrela diote: «Poltsek behar duten barra-kodea, urtero ordaindu beharreko 360.000 euroak, kontroleko makinak, eta abar ordaindu behar dira». Honekin batera, pleguetako baldintzak ez dira betetzen, zero zaborren arabera: lehen urtean birziklatzea ez da %58ra iristen, eta bigarren eta hirugarren urteetan %60 eta %85era ere ez: «Horrela uler daiteke inon ezarri ez izana.
Sistema mistoa ere hizpide izan dute, eta beren ustez hondakinak murrizteko aukera gutxi eskaintzen ditu, «arduragabekeriari atea irekita» uzten baitio.
Halaber, bilketa komunitarioa tresna egokitzat duten arren, aurretik aipaturiko pleguetako baldintzak ere ez lituzke beteko sistema honek; bi urte barru, beraz, ez litzateke posible izango %70 edo %80ko birziklatze tasetara iristea.
Azkenik, Tolosa Zero Zaborrek IDEMAren txostenean konposta egitearen aldeko apustu «tinkoa» dagoela nabarmendu du, «ezartzen den sistema ezartzen dela».

Erlazionatuak

Hondakinen bilketa sistema berria erabakitzeko azken urratsak

Ainhoa Oiartzabal - Naiara Roldan de Aranguiz 2013 urr 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!