Hondakinak

Hondakin bilketa adosteko, sistemak uztartzeko prest dago Tolosako udal gobernua

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ots. 13a, 09:44
Amarotz auzoan dagoen konpostatze gunea
Tolosako Udalak plazaratu du, jada, Idema enpresak herriko hondakinen bilketa sistemari buruz egindako azterketaren hirugarren fasea. Topic zentroko aretoan aurkeztu dute eta, besteak beste, udal gobernuak adostasunerako deia egin du, "herritarren arteko talka eta gatazka saihesteko".


Sistema adosteko, gainera, gutxieneko baldintzak jarri dituzte: batetik, jada zehaztuta dauden birziklatze datuetara iritsi beharko du aukeratutako bilketa sistemak; halaber, sistemak fiskalizatzeko modukoa beharko du izan; azkenik, hondakinak etxean bertan sailkatzea bermatu beharko du. Bide horretan, hondakinak biltzeko sistemak bata bestearekin uztartzeko aukerari ere zabalik utzi diote atea.

Horretara iristeko, datozen egunotan Hondakinen Jarraipen Mahaiko kideekin bilduko da udal gobernua. Oposizioko alderdiei «erantzukizuna» eskatu diete, gainera, «herritar guztientzat onuragarriena dena bilatzeko».

Aldeko eta aurkako aurpegiak

Atez ateko sistema, bilketa sistema komunitarioa eta nahitaezko bost edukiontzien sistema parez pare jarri, eta bakoitzaren alde onak eta txarrak hizpide izan dituzte Topic-en. Horrela, hondakinak biltzeko modu bakoitzaren diseinua, funtzionamendua eta balantze ekonomikoa aztertu ditu, Idemak.

Aukeratzen duten sistema aukeratzen dutela, udalak auzo konposta eta auto konposta egitea sustatuko du. Bide beretik, hondakin kopuru handiak sortzen dituzten eremuetako bilketa independentea izango dela ere argitu dute.

Bilketa sistemen inguruko xehetasunak azaltzen hasterakoan, hirurek egutegi zehatza izango luketela azaldu dute. Gainerakoan, atez atekoan hondakinak gauez biltzeko proposamena egin dute, eta sistema komunitarioan asteko egun bakoitza gai bat biltzeko erabiliko lukete. Era berean, nahitaezko bost edukiontzien sistemak izango lukeen txartela ere hizpide izan dute: software batek herritarren erabilera maiztasuna kontrolatuko luke.

Beheko tauletan zehatzago ikus daitezkeen balorazioez gain, Idemak balantze ekonomikoa ere landu du txostenerako, sistema bakoitzean egin beharreko inbertsioak, gastuak nahiz irabaziak kontuan hartuz. Modu horretara, bilketa sistema bakoitzak udalari ekarriko lioken gastua eta amortizatzeko bideak ere argitu dituzte.

Datu horien arabera, sistema komunitarioak «balorazio ekonomiko altuagoa» duela azaldu du txostenak, «batik bat, giza baliabideak areagotzea eskatzen duelako». Atez ateko bilketa sistemaren inguruan, berriz, «birziklatze tasa altuenak eta inbertsio kostu txikiena» azpimarratu dute. Azkenik, bost edukiontzien sistema «oraindik frogatzeke dagoenez, eraginkortasun maila ezin da frogatu».

Finean, Tolosako udal gobernuak «hondakin organikoaren bilketa masiboa egitea» ezinbestekotzat jo du, lortu beharreko helburuetara heltzeko. Hori eta errefusa murriztea eskutik doazela ere azpimarratu dute, gainera.

Horrela, Tolosako hiri hondakinak gaika biltzeko modua aukeratzen dutenean, sistema dena dela ere, guztiek «exekuzio edo ezarpen fase bat» beharko dutela nabarmendu dute, beharrezko egokitzapenak egiteko. Idemaren txostenean alderatu dituzten sistemak, dena den, sistema itxiak ez direla argi uzi nahi izan du, udal gobernuak: «Sistema misto moduan funtziona dezakete, eta aztertu egin beharko da sistemen arteko konbinaketa, bata bestearekin uztartuz herrian lortuko liratekeen emaitzak ezagutuz».

 

 

 
 
Hiru sistemen ezaugarriak:


ATEZ ATEKOA:

  • Indarguneak: Emaitzak frogatuta, gaikako bilketa datuak nabarmen igotzen dira eta errefusa gutxitu; ekarpen guneen eta erabiltzaileen arteko distantzia murrizten du; enplegua sortzen da; eta balorazio ekonomikoaren arabera, merkeena da.
  • Ahuleziak: Jendearen ohituretara aldaketa handiena dakarren sistema da; zutabeak eta zintzilikarioak jartzeko hainbat oztopo sor daitezke, batez ere, Alde Zaharrean; eta soldata eta pertsonal gastuak handiagoak dira, langile gehiago behar baitira.

    EDUKIONTZI KOMUNITARIO BIDEZKOA:

  • Indarguneak: Hondakinen bilketarako kaleak libre egotea ahalbidetzen du; ekarpen guneen eta erabiltzaileen arteko distantzia murrizten du, ezarpenerako erraztasunak eskaintzen ditu Eraikitze Kode Teknikoa; betetzen duten bizitzetan, lanpostuak sortzea sustatzen du; eta sistema honen inguruan gutxi eztabaida gutxi eztabaidatu da; eta aurkako eta aldeko jarrerak murrizten ditu, beraz.
  • Ahuleziak: Erabiltzaile talde bati eragiten dio (komunitateari) praktikan, norbanakoari eragin behar liokeen auzi bat izanda; sistema honek, sortutako hondakin kopuruaren araberako ordainketak egiteko aukera murrizten du; eta esplotazio kostuak beste sistemak baino altuagoak dira.

    DERRIGORREZKO BOST EDUKIONTZIENA:

  • Indarguneak: Langile gutxiago behar direnez, soldatetan gutxiago gastatzen da; ohituretan aldaketa txikiagoa dakar herritarrentzat; eta software-ari esker ongi kontrola daiteke sistemaren funtzionamendua.
  • Ahuleziak:  Sistema garestiena da, amortizazio kostu handienak dituena; emaitzak oraindik frogatu gabe daude; ohituretan aldaketa txikia dakarrenez, bilketa emaitzen hobekuntzan ere eragin txikia du; eta softwareak logistika handiagoa eskatzen du, ezarpen garian.
Erlazionatuak

Hondakinen bilketa sistema berria erabakitzeko azken urratsak

Ainhoa Oiartzabal - Naiara Roldan de Aranguiz 2013 urr 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!