IRPH

Bi tolosarrek hipotekaren IRPHa kentzeko eskatu dute epaitegian

Iñigo Terradillos 2014ko ots. 17a, 19:57
Juan Migel Goya eta Karmen Lopez tolosarrek iragan urteko urrian jarri zuten salaketa Kutxabank-en aurka, euren etxebizitzaren hipotekan neurriz kanpoko klausulak daudela argudiatuta. 20 egunetan jasoko dute sententzia, baina bi tolosarrak pozik atera dira, eta epaia beren aldekoa izango denaren esperantzarekin. IRPHren kaltetuek Kutxabank «finantza entitaterik ankerrena» dela salatu dute

IRPH indizea «neurriz kanpokoa» dela argudiatuz Kutxabanki jarri dioten estreinako salaketaren bista izan zen atzo Donostiako Merkataritza arloko epaitegian. Finantza erakundeari salaketa jarri diotenak Juan Migel Goya eta Karmen Lopez tolosarrak izan dira, eta saioa bukatu ostean, «pozik» azaldu dira, epaia euren aldekoa izango denaren esperantzarekin. Bista izan behar zuena epaiketa bilakatu da, eta hogei egun itxaron beharko dituzte epaia ezagutzeko.

Euren etxebizitzaren hipotekaren indizea, IRPHa, «neurriz kanpokoa» dela diote, eta baliogabe utzi dezatela eskatzen dute. Era berean, atzera eginezko izaerarekin, hau da, interes tipo ofizialen artean agertzen ez denetik, zor dietena itzultzeko eskatzen dute. Goyak epaiketa amaitu ostean azaldutakoaren arabera, Kutxabankeko abokatuak «argumentu gutxi» erabili ditu: «Beraiek euren diskurtsoarekin jarraitzen dute, hau da, IRPH indizea legezkoa zelako aplikatu dutela esaten jarraitzen dute, eta Kutxabankek informazio guztia pasa diela bere bezeroei diote; gainerakoan, ez dute ezer berririk azaldu, eta abokatua nahiko urduri somatu dugu». Abokatuak egin duen adierazpenetako bat izan da «Espainiako finantza sistema erabat lehiakorra eta fidagarria» dela.

Hain zuzen ere, defentsak ezer berririk aurkeztu ez izana izan da atzoko bista epaiketa bihurtzeko arrazoia. Epaileak, bistaren ostean, epaia adieraziko duela erabaki du, eta hori 20 egunen buruan etorriko da.

Bada, atzoko saioak emandakoaren ostean bikote tolosarra «itxaropentsu» dago. Ez soilik justiziak beraiek esandakoari arrazoia eman diezaiokeelako, baizik eta euren egoera berean milaka pertsona daudenez, aurrekaria sortuko duelako. «Guk irabazten badugu, eta eskatutakoa jasotzen badugu, kopuru hori plataformako gainerako kaltetuentzat jarriko dugu; izan ere, jendeak ez du dirurik salaketa jarri eta epaiketako gastuak bere gain hartzeko, beraz, horretara bideratuko da». Epaiketa Merkataritza arloko epaitegian izan denez, ez dira IRPH kasu guztiak automatikoki aplikatzen; aitzik, banan bana egin beharko lituzkete salaketak euren hipoteketan neurriz kanpoko indizea dutela salatzen duten herritar guztiek.

Bestalde, Juan Migel Goya eta Karmen Lopez tolosarrek IRPHak kaltetutako elkartearen, Stop Kaleratzeak plataformaren eta herritarren babesa eskertu dute.

Aurrekaria sortuko duen epaia
Estreinako salaketa izanik, eta IRPH indizearen kaltetuak ehunka direla kontuan hartuta, aurrekaria sortuko du tolosarren epaiketak. Horren jakitun, IRPHak Kaltetutakoen elkarteak eta Kaleratzeak Stop plataformak  agerraldia egin zuten atzo, epaiketa burutu aurretik, Donostiako epaitegiaren kanpoaldean. Gaiak izan dezakeen oihartzunaren eta Ada Colau Stop Kaleratzeak plataformako kidearen presentziaren ondorioz, komunikabide ugari bertaratu zen.

Bertan bi plataformetako kideek salatu zutenez, «abusuzko indize hau Kutxabankek alde bateko erabakiz inposatua da, aurretiko negoziaziorik gabe eta bezeroen kalterako». Era berean, Kutxabanken «politika antisozial eta kriminalak» salatu zituzten, eta horiek Kutxaren administrazio kontseiluan babestuak direla esan zuten, «EAJ, PSE-EE, PP, CCOO eta Pixkanaka-ren botoekin eta DYAaren ordezkariaren ez egote edota abstentzio susmagarriarekin».

Bestalde, IRPH indizea aplikatzearen inguruan EAJ eta PSE-EEk «lapurreta honetan duten erantzukizuna ezkutatzeko fartsa» antzezten ari direla esan zuten: «Alderdi hauek IRPHaren aurkako ekimenak babestu eta bultzatu dituzte udaletxeetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Gasteizko legebiltzarrean, Kutxabanki eskatuz IRPHa aplikatzeari berehala uzteko, baina alderdi hauek berberak dira Kutxabanken administrazio kontseiluan dituzten ordezkarien botoekin IRPHa aplikatzea babesten dutenak, onarturiko ebazpenei burla eginez».

Ondorioz, Kutxako administrazio kontseiluan Batzar Nagusien ordezkari den Jon Jauregi jeltzalearen dimisioa exijitu zuten, «Batzar Nagusiek onarturiko ebazpenen aurkako botoa emateagatik Kutxan, ordezkatzen duen erakundearen aurka eginez».

IRPHa familia asko kalera eramaten ari den indize «kriminala» dela diote bi plataformek, eta orotara milioitik gora familia egon daitezkeela kaltetuak uste dute. Hala adibide moduan Lorena izeneko errenteriarraren kasua azaldu zuten agerraldian: «Adingabeko alaba bat du, eta babes ofizialeko etxebizitza bat egokitu zitzaien Errenterian; Kutxak bere hipoteka exekutatu zuen, eta etxebizitzaren jabe egin zen, 2.901 euroko zorra zuelako; Horretarako Eusko Jaurlaritzaren konplizitatea izan zuen. Beraz, helburu sozialekin eraikitako etxea Kutxabanken eskuetan dago orain, Lorena eta bere alaba kalean geratzeko arriskuan dauden bitartean».

Horiek horrela, IRPHak kaltetutakoen elkarteak eta Kaleratzeak Stop plataformak Kutxabank «finantza erakunderik ankerrena» dela salatzen dute: «Izan ere, sekula ez du onartzen etxebizitza ordainean ematea edota alokairu soziala kalteturiko familientzat, nahiz fede oneko zordunak izan eta gizarte bazterketa arriskuan egon».

Era berean, Kutxabanken egoera ere ekarri nahi izan zuten gogora: «Igaro berri den asteburuan ikusi dugu Kutxabanken zuzendaritza taldeak harro nola esan duen 2013 urtea entitate kaudimentsuenetariko bat bezala itxi dutela». Hori kontuan hartuta, «gizarte ekintzetarako aurrekontua %75 murriztea» eta «herritarrak epaitegietan babesa bilatzera behartzeraino jazartzea» ezin dutela ulertu diote: «Ez dugu beraien ereduan sinesten, eta ezin dugu ados EAJk Kutxaren inguruan Batzar Nagusietan ondorengoa esaten zuenean: kaleratzen ez duen banku bat pentsaezina litzateke». Bada, euren ustez, hori ez da pentsaezina, «posible da, baina ez dute nahi»..

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!