Tolosako hondakin bilketa sistema

Tolosa txukunek 'marea urdina' osatu nahi du zabor poltsekin, atez atekoaren aurka

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko api. 8a, 13:03
Maiatzaren 25ean herri-kontsulta antolatzeko asmotan dabil koordinakundea.

Tolosa Txukun plataformak agerraldia egin du eguerdian, Tolosan atez ateko bilketa sistema jartzearen aurka. Hondakinen inguruko eztabaida "azken txanpan" dagoela dio Patxi Amantegi bozeramaleak eta, hori horrela, elkarretaratzea deitu dute gaurko. 19:00etan izango da Trianguloa plazan, eta zabor poltsa urdinak eramatera deitu ditu herritarrak, marea urdina osatzeko.

Tolosako kultur etxeko areto nagusian herritarren "ordezkaritza zabala eta anitza" elkartu nahi izan ditu Tolosa Txukunek. Horrela, hizlarien atzean elkartu dira atez ateko bilketa sistemaren aurka dauden herritarrak. Besteak beste, IDEMA enpresak Tolosarako egindako azterketaren emaitzak zalantzan jarri ditu plataformak eta, bide beretik, Ibai Iriarte alkateak Topic zentroko azken herri-batzarrean esandakoak gogora ekarri nahi izan ditu Amantegik: "Lasaitasun eta adostasun mezua helarazi nahi izan zuuen, hondakinen bilketa sistema adostasunean erabakiko dutela azalduz. Guk, ordea, gogorarazi egin nahi diogu 7.000 tolosarrek sinatu zutela atez atekoaren aurka; herritarren gehiengoarentzat, beraz, sistema deserosoa izango da".

Udal ordezkariak aipatzearen harira, Aralarreko zinegotzi Inaki Irazabalbeitiarentzako hitza ere izan ditu Patxi Amantegik: "Hondakinen eztabaida hasi zenean bestelako jarrera bat zuen bileretan. Orain, ordea, Europako parlamentaria da eta badirudi Tolosako arazoak kontu txikiegiak direla beretzat. Nonbait ahaztu egin zaio bilketa sistemena".

Plataformak Tolosak aurretik izandako alkateek edukiontziek sistema hobetzeko egindako lana ere gogora ekarri nahi izan du: "HBko udal gobernuak ere edukointzien sistemarekin lan egin zuen eta Bildu etorri den arte ez da arazorik izan".

Herri-kontsulta hauteskundeekin batera

Finean, Tolosa Txukun plataformak azken urteotako aldarri berak eutsiditu agerraldian, organikoa biltzeko bosgarren kontenedorearen alde eginez. Haien arabera "merkeagoa da, bilketa tasa berak ematen ditu ez dio erabiltzaileen pribatutasunari erasotzen eta gizarteak hobeto onartzen du".

Bide horretan, eta "Ibarran gertatu dena ikusita" hainbat jarduera proposatu dituzte datozen asteotarako. Batetik, bakoietatik zabor poltsa urdinak zintzilikatzeko deia egin du Patxi Amantegik eta, horren harira, elkarretaratzea antolatu dute, bihar, 19:00etan, Trianguloa plazan: "Zabor poltsa urdinak ekartzea nahi dugu eta ikusiko dugu zer egin: bete, soinea jantzi... Marea urdina osatzea da gure nahia".

Atez atekoaren aurkako aldarrikapenak osatzeko, gainera, mozioa aurkeztuko dute Tolosako Udalean: "Horrek eragin handiegirik izango ez duenez, datorren maiatzaren 25eko Europako hauteskundeekin batera herri-kontsulta antolatzea pentsatzen ari gara".

Bukatzeko, hala nahi dutenei "saio pedagogikoak" eskaintzeko prest azaldu da Tolosa Txukun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!