Tolosako hondakin bilketa sistema

Edukiontziak eta txipak, Tolosako errefusa eta organikoa biltzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko api. 11a, 17:34
"Sistema eraginkorrena ez dela" uste du Udal Gobernuak, baina adostasunaren bila joan dira, bideragarritasun ekonomikoa eta gutxieneko tasak ere kontuan hartuta.

Tolosako Udal Gobernuak jakinarazi du aurrerantzean herrian erabiliko duten hondakin bilketa sistema zein izango den: errefusa eta organikoa txip bitartez jasoko dituzte edukiontzietan. Datorren apirilaren 29ko osoko bilkuran onartuko dute erabakia.

Tolosari "zehatz-mehatz egokitutako sistema berritzailea" dela azalduz, "gatazka honetan kontrajarriak dauden alderdiak lortzeko baliabideak" jarriko ditu udalak, Ibai Iriartek nabarmendu duenez. Horrela, azken asteotan udalbatza osatzen duten gainerako alderdiekin bileretan aritu dira: "Ez dugu adostasunik eza ulertuko".

Horren harira, Udal Gobernuak gaitzetsi egin ditu aste honetan hainbat eragilek egindako adierazpenak: "Ez dira zuzenak eta izua sortzea dute helburu".

Txip bidezko kontrola, gaika sailkatzeko

Gaur egungo edukiontzi berdeak desagertu egingo dira sistema berriarekin, eta horien ordez edukiontzi grisa eta marroia jarriko dituzte; hurrenez hurren, errefusa eta organiko bilduko dituzte.

Familia bakoitzak txip bat izango du eta txartel horrek edukiontzi bakarra irekiko du. Horrela, egunak zehaztuko dituzte errefusa eta organikoa biltzeko: organikoa astean lautan bilduko dute eta errefusa, berriz, astean behin.

Edukiontzi bakoitzean 150 lagunen hondakinak bilduko dituzte eta "herritarrei gerturatzea izango da helburua", udalak azaldu duenez. Horrela, 240 litroko 150 edukiontzi inguru beharko ditu Tolosako Udalak.

Aipatzekoa da udalak irailean jarriko duela martxan sistema, eta orain auzoz auzoko bilerak antolatuko dituztela herritarrekin bildu eta informazioa zabaltzeko. Gainera, sistema berriarekin ere auzokonposta eta autokonposta sustatzeko lanean jarraituko dute.

Hondakinen fiskalitateari dagokionez, berriz, "sistema egokia" dela nabarmendu du Ibai Iriartek, eta aurrera begira sortutako hondakin kopuruaren araberako tasak ordainarazteko aukera eskainiko du sistema berriak.

Ibai Iriartek herritarren konpromisoa eskatu eta konfiantza azaldu du tolosarrenganako: "Beste herrientzako erreferentzia izateko aukera dugu". Dena den, garrantzitsua izango da 2013ko apirileko osoko bilkuran adostutako %70eko bilketa tasara iristea.

 

EDUKIONTZI BIDEZKO BILKETA SISTEMA BERRITZAILEA

EZAUGARRI NAGUSIAK

- Egungo edukiontzi berdea kendu egiten da.

- Erabiltzaile bakoitzak txartel bat izango du eta hori erabili beharko du organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko. Modu honetan, erabiltzaile bakoitza erregistratua izango da eta jarraipena egin ahal izango zaio.

- Software sistemak erabilpenaren jarraipena egiteko aukera eskaintzen du.

 

ORGANIKOAREN EDUKIONTZIA

- Hirian zehar banatuta, 150 pertsonako edukiontzi bat jarriko da (240 litrokoak). Txartelaren bitartez, astean lautan ireki ahal izango da.

ERREFUSARENTZAKO EDUKIONTZIA

- Hirian zehar banatuta, 150 pertsonentzako edukiontzi bat jarriko da (240 litrokoak). Txartelaren bitartez, astean behin ireki ahal izango da.

ONTZI ARINAK, BEIRA ETA PAPERA ETA KARTOIARENTZAKO EDUKIONTZIAK

- Gaur egungo guneak osatu eta beste batzuk gehituko dira.

SORTZAILE BEREZIAK

Bilketa independentea eta indibidualizatua izango da, hau da, ez da etxeko bilketari lotua egongo. Hala, egutegi bat osatuko da eta honen arabera hondakinak gaika bildu.

LANDA EREMUAK

Materia organikoa kudeatzeko, autokonpostajea sustatuko da. Horretarako, sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak eramango dira aurrera, jarraipena egingo zaie.

AUTOKONPOSTA ETA AUZOKONPOSTA

Egun 800 pertsonen organikoa kudeatzen da autokonposta edota auzokonposta bidez, eta hemendik aurrera ere, konposta egitea sustatuko da.

AURRERA BEGIRA

- Sortzen den hondakin kopuruaren araberako ordainketa ahalbidetuko du etorkizunean sistemak.

- Sistema ezarri ondoren, aldiro ikuskatuko da, aurrez jarritako helburuak lortzen diren edo ez jakiteko. Horrela ez balitz, beharrezko aldaketak eta hobekuntzak egingo dira.

 

Erreakzioak

Hainbat izan dira, azken bi urteotan, hondakinen bilketa sistemaren auzian parte hartu duten eragile eta alderdi politikoak. Tolosako bilketa sistema berriaren nondik norakoak jakinarazi ondoren, Tolosa Txukun plataformak ez du adierazpenik egin izan nahi, "informazio faltagatik"; horrela, astelehenean egingo dute agerraldia, iritzia azalduz. Bide beretik, Tolosako EAJk ere prentsaurreko bidez egingo du sistema berriaren inguruko balorazioa.

Tolosa Zero Zabor plataformak, berriz, balorazio gazi-gozoa egin du sistema berriaren inguruan.

Tolosa Zero Zabor:  "Sistema egokia hala erabat desegokia izan daiteke".

Jose Ignacio Asensio, PSE-EE: "Inprobisazioa izan da eta ez dira ausartu nahi zuten erabakia hartzera"

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!