I. Udaberriko lasterketa jokatuko da maiatzaren lehenean

Eneritz Maiz 2014ko api. 16a, 11:24
Haur eta helduentzat prestatu dute, eta Berazubi estadioan izango du hasiera eta bukaera lasterketak

Tolosa C.F. atletismo taldeak antolatuta I. Udaberriko lasterketa egingo da, maiatzaren 1ean, ostegunean, Tolosan. Berazubi estadioan izango du irteera eta helmuga puntua. Eta kirola sustatzeaz gain, elkartearentzat dirua ateratzea dute helburu.

Umeei eta helduei zuzenduta prestatu dute lasterketa elkarteko kideek. Haurrek emango diote hasiera lasterketari, eta 10:30ean benjaminen txanda izango da. Atzetik, 15 minutu geroago, alebinak aterako dira eta ondoren, infantilak. 400 metro, 800 metro eta 1200 metro egin beharko dituzte hurrenez hurren.

Helduen kasuan, bost kilometroko ibilbidea prestatu dute. Berazubitik atera, eta Nafarroako zubiraino jaitsi eta Zerkausitik San Frantzisko pasealekutik barrena igoko dira berriz Berazubira.

Lehen urtea izanik, antolatzaileek ez dakite zein erantzun izango duen lasterketak. Hala ere, eta baikorki hartuta 200 heldu 50 bat haur espero dituzte. Parte hartzen duten haur guztiek dominak jasoko dituzte. Helduen kasuan, berriz, lehen hiru sailkatuek izango dituzte sariak. Gainerakoan, parte hartzaile guztien artean zozketak egingo dituzte. Dortsala, kamiseta eta txipa jasotzeko, apirilaren 30ean, 19:00etatik 21:00etara egongo dira Berazubin, eta bestela, egunean bertan izango da aukera, 09:15etik 10:45era.

Eskerrak eman nahi izan dizkiete laguntza eman dieten guztiei. Atletismoko taldekoak dira guztiak, eta 60 bat pertsona ariko dira antolatzaile lanetan. Korri egitea gustuko duten guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!