Tolosako hondakin bilketa sistema

Bildu: Udal gobernuak aurkeztutako sistema "abiapuntu gisa onargarria izan daiteke, birziklatze beharrei erantzuteko"

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 8a, 09:42
Tolosako Bilduko Antton Izagirreren eta Onintza Lasa udal gobernuak "prozesu honetan besteen iritziak entzuteko eta jarrera desberdinen arteko adostasuna bilatzeko izan duen borondatea" txalotu du. Beren ustez, aukeratutako sistema proposamen tekniko desberdinen alde onenak jaso eta tolosar gehiengoaren nahiera egokitutakoa da. "Litekeena da sistema honek guztion nahiak bete ez izana, baina abiapuntu gisa onargarria izan daiteke birziklatze beharrei egoki erantzuteko", gaineratu dute.

Bildu eta Aralarrek osatzen duten udal gobernuak hobetsitako sistema onartu arren, Izagirrek eta Lasak esan dute badakitela  informe teknikoek diotela sistemarik eraginkorrena ez dela, "baina, ziur gaude Tolosako Udalak aukeratutako sistema, aurrez aurre zeuden jarrerak elkarganatzeko aproposena dela". "Zaila izango zaigu gure eskualdeko beste zenbait herrik atez ateko sistemaren bidez lortu dituzten birziklatze tasak berdintzea", gaineratu dute.

Honekin batera, "eztabaida eta erabakitzeko prozesuak birziklatzearen aldeko erabateko adostasuna dagoela" erakutsi duela esan dute, eta hori horrela izanik orain "borondate guztiak akordio honetan murgildu behar" dituztela gaineratu du. "Hori da bereziki aurrean dugun erronka, hau da, parte hartzera deituak garen eragile guztiak gaikako bilketa ahalik eta egokien egiteko konpromisoa har dezagun norberari dagokion ardura eta erantzukizunetik".

Udalari eskaera ere egin diote,  herritarren esku helburuen araberako informazioa eta beharrezko azpiegitura egokia jartzeko.

"Bukatzeko, nahiz eta bidean izan ditugun desberdintasun eta desadostasunen jakitun garen, deia luzatu nahi diegu hondakinen mahaian parte harzten duten EAJ eta PSE alderdi politikoei, Zero Zabor, Tolosa Txukun eta beste gizarte eragileei birziklatzearen aldeko erronkan bat egin eta ekologia eta baliabide naturalen alde egin dezagun".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!