Tolosako 2015eko aurrekontuak

2015eko aurrekontuak egiten lagundu nahi duenak, izena eman dezake jada

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 21a, 16:52
Tolosako Udalak datorren urteko aurrekontuak egiteko bidean pauso bat gehiago eman asmoz, 200.000 euro herritarren esku jarriko zituela iragarri zuen apirilean, eta jada iritsi da izena emateko garaia. Horretarako, lehenik, herritarrekin lantalde bat osatuko dute, eta parte hartu nahi dutenek maiatzaren 30a arte eman dezakete izena.

Herritarrekin osatu nahi duten lantaldean nahi duen orok parte hartu dezake, baina  interesatuei konpromisoa hartzea eskatzen die udalak, urtean zehar jarraikortasunez hartu beharko baitute parte prozesuan.

Izena emateko epea maiatzaren 30a 14:00ak arte egongo da zabalik. Interesa agertzen duten herritarren kopuruaren arabera, talde bakarra osatuko dute, edota azpitaldetan banatuko dituzte parte-hartzaileak. Hainbat bidetatik eman daiteke izena: batetik, www.tolosakoudala.net orrialdean sartuta eta bertan dagoen izen-emate orria beteta; bestetik, udaleko bulegoetara gerturatuta edota deituta (Telefonoa: 943 65 44 66), eta azkenik email bat bidalita udate@tolosakoudala.net helbidera.

Hala, ekainaren 4an, iluntzean, egingo dute lehen bilera, eta bertan, aurrekontuak zer diren, nola osatzen diren, zein atal dituzen… azalduko dute.  Behin izena emandakoan udala jarriko da harremanetan interesatuekin eta bileren inguruko informazio gehiago luzatu.

 

Uda ondoren hasiko dira aurrekontuak osatzen
Lehen fasea amaituta, hau da, aurrekontuen inguruko azalpenak ematearena, uda ondoren, 2015eko aurrekontuak osatzen hasiko da taldea. Denera, 200.000 euro izango dira, non inbertitu erabakitzeko. Edozein gai, arlo edota motatako proiektuak proposatu eta garatu ahal izango dira. Eta nabarmendu, aurrekontuen lantaldeak proposatzen duen proiekturen batera edota proiektuetara joango direla 200.000 euroak. Udalaren helburua da talde anitz bat osatzea, herriaren ahalik eta ikuspuntu zabalena izateko, eta oro har tolosarren iritzia ordezkatua egoteko.  

Aurrekontuen lantaldeko parte-hartzaileek irizpideak markatuko dituzte, proposamenak luzatu eta garatu. Ondoren, proposamenak teknikoki eta ekonomikoki aztertuak nahiz baloratuak izango dira. Eta behin udaletxe barruan, teknikoek landu ostean, berriro aurrekontuen lantaldea bilduko da, eta aurrez zehaztutako irizpideen arabera, lehentasunak markatzeko.  Azkenik, lantaldeak lehenetsitako proiektuak publikoki erakutsiko dira, eta herritarrek erabakiko dute, horietatik zeinek egingo duen aurrera. Azken pauso honekin, aurrekontuak herritar ororengana hurbiltzea lortu nahi da.

Prozesuan parte hartzeko, honako datuak eman behar dituzte interesatuek: izen-abizenak, mugikor zenbakia, generoa, helbide elektronikoa eta bizitokia/auzoa. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!