Alde Zaharra, aspaldiko sagardoaren gotorleku

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko eka. 10a, 13:47
Larunbat goizean Tolosako Letxuga kaleko Txaparro sagardotegi zaharra ezagutzeko aukera izango da, eskualdeko sei sagardo dastatzearekin batera

Xabier Garikanok oso gogoan ditu, oraindik, bera gaztea zela Letxuga kaleko Txaparro sagardotegian gizonezkoek egiten zituzten parrandak. Bere aitonaren bidetik sortu zen Alde Zaharreko Kale Nagusiaren eta Letxuga kalearen arteko patioan dagoen sagardotegia. Izan ere, trinkete plazan eta Corazonistetan sagardotegi bana omen zuen aitonak, duela 100 urte.

Corazonisten eliza eraiki behar zutela eta, lekualdatu egin behar izan zuen establezimendua, eta, gaur egun, orduantxe bezala jarraitzen du.

Larunbatean erakusgai izango da hala nahi duten herritarrentzat, Tolosaldea Garatzenek antolatu duen sagardo-dastaketaren bidetik. Xabier Garikanoren azalpenekin batera, Mikel Garaizabal enologoak ere edariaren inguruko azalpenak emango ditu eta, jarraian, Tolosaldeko sagardoa dastatzeko aukera izango dute bertaratuek: Adunako Aburuza, Ikaztegietako Begiristain, Tolosako Eguzkitza, Lizartzako Goikoetxea, Tolosako Isastegi eta Adunako Zabala.

Aniztasun horren barruan zehaztasunak plazaratzeko sagardogileak eurak ere bertaratuko dira Txaparro sagardotegi zaharrera eta, horrela, sagardo naturalaren ezaugarriak bereizten ikasteaz gain, zapore berriak ezagutzeko moduak ere azalduko dizkiete herritarrei.

Inork gutxik ezagutzen du, gaur egun, Tolosako txoko berezi hori, baina, bost euroren truke, larunbatean bertan irekiko diete herritarrei. Bi saio antolatu dituzte horretarako, 11:00etan eta 12:15ean, eta izena eman beharko da aurrez. Horretarako, tour@tolosaldea.net helbidea nahiz 943 69 74 13 telefono zenbakia erabili ahal izango dira.

Aipatzekoa da, sagardo dastaketa edo kata horretan parte hartzeko sarrera kopurua mugatu egin dutela antolatzaileek, besteak beste, espazioaren berezitasunagatik. Horregatik, interesa dutenei ahal bezain laster izena emateko gomendioa eman nahi izan diete.

Tolosan 28 sagardotegi zirenekoa

1930eko hamarkadan 28 sagardotegi inguru omen ziren Tolosan. 45 urte igaro dira, jada, Tolosako Garikano sendiak Letxuga kaleko Txaparro sagardotegia itxi zuenez geroztik. Itxi, ordea, publiko zabalari itxi zioten, gaur egun ere bertan ospatzen baitute, oraindik urtarrilaren 6ko bazkaria.

Eta ez da gutxiagorako, txokoaren xarma kontuan izanda. Garai batean sagarrak prentsatzen zituen tolarea jantoki bilakatu dute eskulanaren trebeziaz, mahaia eta aulkiak jarriz, eta kupelak ere aurreko mendean bezalaxe daude: ziririk gabe. Orain txotx-ik gabe sagardotegirik ez dela dirudien arren, antzina sagardotegietan ez omen zen halakorik egiten, eta gizonezkoen plaza ziren leku haietan emakume bat aritzen zen kupeleko edaria zerbitzatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!