Bordon dantza historian barrena

Fernando Rojo Tolosa / Historia irakaslea 2014ko eka. 20a, 11:03
Dantzek funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte gizarte komunitate baten eraikuntzan, ospakizun baten adierazle direlako, identitate bat osatzen dutelako eta baita, belaunaldiz belaunaldi tradizio baten ondorio, iragan baten erakusleiho direlako ere. Herriko kulturaren zutabe garrantzitsua dira eta bere historia ulertzeko funtzio ezinbestekoa betetzen dute. Hor kokatuko dugu Tolosako Bordon dantza, dokumentuetara jotzen badugu, Euskal Herrian ezagutzen den dantzarik zaharrenetakoa.

Gabriel de Henao historialari jesuita izan zen Bordon dantzaren lehen aipamena egin zuen egilea, 1637an honela ziolarik: «Celebra Tolosa todos los años la fiesta de su Patrón Tutelar San Juan Bautista, con la danza que llaman Bordón (...)». Gerora beste hainbat idazle, kronista edo eta ikerlariek ere egin izan dizkiote erreferentziak, duda gabe bere garrantzia azpimarratuz. Horien artean Historiaren Errege-Akademiak (1802): «En la Villa de Tolosa se hace el día de San Juan, su patrono, otra danza con palos o bordones, a que llaman pordondantza (...)».
Gurean Juan Ignacio Iztueta folklorezale zaldibiarrak egin zion aipua: «Tolosaco Erri Leiala guerozko urte guztietan bere batzartar eta Elizaco Cabildu osoarequin, Pordondantzariac arturic, irteten da igarondora (...)».

Aipamen guzti hauek erakusten dute Bordon-dantzak paper garrantzitsua bete duela historian zehar Tolosako komunitatea osatzeko orduan. 3 kasu aipatuko ditugu, adibide gisa: Beotibarko Guda aitzakia historiko gisa, 1717ko gertaerak eta Bordon dantza gaur egun.

 

 


Beotibarko gatazka
Lehen aipamen historiko horiek eta ondoren idatzi diren beste hainbatek ere Bordon dantza 1321ean Beotibarren (Belauntza) gertatutakoarekin lotzen dute, Oñaztarren eta Nafartarren artean emandako sasi-guda batekin. Benetako errealitatetik urrun, gaur teoria hori baztertuta dagoen arren, sasoi haietan bere funtzioa betetzen zuen, eta ez garrantzi gutxikoa, gainera. Manuel Larramendi kronista andoaindarrak Corografia de Guipuzcoa (1754) lanean dio Alagai dantza izenez dantzatzen zela Beterri guztian (besteak beste, Urnieta, Andoain eta Hernani) eta jakina da Ezpata dantzaren egitura duten konpartsa edo konpainiak Europa guztian irteten zirela udaren hasierarekin, solstizioarekin bat eginez. Beraz, testuinguru horretan kokatuko genuke Bordon dantza.


Beraz, zergatik oroitu 1321eko irailaren 19an jazotako gertaera hura San Joan eguneko tradizio handiko dantza baten bidez? Bada, tradizio barroko baten ondorioa zen. Dantza, errito eta ospakizun asko desagertzen ziren heinean aitzakia historiko bat bilatu behar zuten biziraun nahi bazuten (Elorrio, Irun, Hondarribia eta Antzuolan gertatzen den bezala); eta, nortasun gutxiko Beotibarko gatazka hura, inguruan gertatutako bakarra izanik (ezagunak izandakoaren artean, behintzat) aitzakia polita zen Bordon dantza urtero errito edo dantza zeremonia moduan ospatzen jarrai zezan. Baina bere jatorrian, dantzaren sorrera eta oinarrian, dantzak eta gatazkak ez zuten inolako harremanik. Horren lekuko zera dugu, beste herrietako dantzak desagertzen joan diren bezala, Tolosakoak jarraipena izan du mendeetan barrena gaur egun arte, bere eboluzio eta aldaera propioekin.


1717ko gertaerak
Bordon dantzak tolosarren komunitatean izan duen funtzio sozialaren garrantzia azpimarratzeko balio digu 1717ko gertaerak azaltzea. Dantza urtero modu berean errepikatzea ezinbestekoa zen herriko ohituretan, biztanleen arimaren zati bat bailitzan. Han jazotakoak marka utzi zuen tolosarren artean eta epaiketa luze bat ekarri zuen, Jose Maria Jimeno Jurio historialari artaxoarrak ikertuta, duela urte gutxi Aranzadi Zientzia Elkarteak liburu batean argitaratu zuena.


Urte horretako San Joan egunean bordondantzariak betiko (urteroko) legea betetzen ari ziren Santa Maria parrokiarako bidean, orduko bikarioa zen Pedro Joaquin Garmendia elizako atean jarri zenean, dantzariei bidea oztopatu eta sarrera galaraziz. Mendeetako ohitura zen elizan sartu eta aldarearen inguruan buelta bat ematea. Inongo arrazoirik gabe apaizak esan zien kalean eman zezatela itzuli hori. Orduko alkateak, Bergara jaunak, jende artean lortu zuen bertara iristea baina bikarioarekin eztabaidatu arren ez zuen lortu elizan sartzeko baimena. Epaitegietara eraman zuten gaia eta Garmendia jaunak Elizbarrutiko ziegan amaitu zuen prozesuak iraun bitartean, Iruñeko katedraleko dorrean. Epaia bikoitza izan zen. Apaiza libre geratu zen eta prozesuaren gastuak ordaindu behar izan zituen. Bestalde, aurrera  begira, Bordon-dantzari ez zitzaion debekatu elizan sartzea, baina epaileak aholku moral batzuk eman zizkien dantzariei.
Kasu honek argi uzten du zeinen garrantzitsua zen dantza urtero «errepikatzeak» antzinako moduan. Gertakizun hark argi uzten ditu dantzaren funtzio soziala, komunitatearen kohesioa, funtzio kulturala, usadioaren transmititzea, zein funtzio erlijiosoa, elizara sartzea eta bertan dantza egitea.

 

 

 


Gaur egun
Bordon dantzak historian zehar izan dituen rol horiez gain, gaur egun ere baditu bere ezaugarri eta betebeharrak. Aipa daiteke, zalantzarik gabe, Tolosako errito edo ohitura esanguratsuena dela, solemnitate eta tradizio aldetik behintzat, beti bere testuinguru propioan kokatuta, eskopetari konpainiekin, musika bandarekin eta udal korporazioarekin bat egitura koreografiko bat osatzen duelako. Zeremonia baten atal bereizezinak dira.
1979an azterketa baten ostean berritu egin zen Bordon dantza, gaurkotu: janzkera, materiala (bordoiak alabarda eta banderilla izatera pasa ziren) eta dantzaren beraren koreografia. Tradizioak berritu egin behar du bizirik jarraitu nahi badu, behintzat. Bere rola betetzen du urtean behin San Joan egunean, eta soilik San Joan egunean dantzatzen baita. Dantzariek beraiek erabakitzen badute jai eguneko testuingurutik atera daiteke, azken urteetan lau aldiz gertatu dena: Basaurira eraman zen folklore agerpen edo erakustaldi batera, handik eskatu zutelako; Lasa eta Zabala desagertutako errefuxiatuen gorpuzkinak agertu zirenean egindako omenaldi batean (1995); Berazubiko estadiora beste batean, Martin Fiz eta Diego Garcia euskal korrikalariei omenaldi batean parte hartzeko (1998); hirugarrena, 2001ean udaletxearen berrikuntzak amaitzean inaugurazio jaian dantza egiteko. Lau kasuetan bordondantzarien presentzia eskatu izanak adierazten du herriko talde eta ohituren artean dantzari hauek prestigiozko leku bat dutela. Motibo kulturalak, politikoak, kirol arlokoak edo sozialak izan bordondantzariei eskatu zitzaien lau kasuetan ekitaldi horietan dantza egitea eta dantzariek erabaki zuten baiezkoa ematea.

 

 


Nahiko argi dago, beraz, Tolosako historian Bordon dantzak funtzio edo rol sozial garrantzitsuak bete dituela, eta betetzen dituela gaur egun ere. Orain historian lehenengo aldiz emakumeek parte hartuko dute Bordon-dantza dantzatzen (esku artean ditugun datuen arabera, beti ere, lehenago zer egiten zen ez baitakigu, baina ziur emakumeek zeresanik izango zutela); beraz, transmititzen ari den bezala ari da berritzen eta gaurkotzen. Bere funtzioak betetzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!