Francoren aldeko Tolosa Konpainia

Joxemi Saizar / Irakaslea 2014ko uzt. 6a, 12:00
Berasubi estadioko ekitaldia 1937ko azaroan, San Miguel Tertzioari domina eman ziotenean / Kutxa Fototeka
36ko gerran San Miguel Tertzioko Tolosa Konpainian (batez ere, donostiarrez eta tolosarrez osatua) Francoren alde borrokatu zuten eskualdeko soldaduen berri eman nahi dugu gaurko artikuluan eta horretarako 2008an argitaratutako liburu batek informazio ugari ematen du: Miguel Legarra Belastegi donostiarrak idatzitako De la calle Pi y Margall al Tercio San Miguel (Recuerdos de un requeté).

Kontakizuna lehen pertsonan idatzita dago eta ez da neutrala, noski, bere ikuspuntutik azaldua baizik. Hala ere tolosar askoren berri jasotzen du eta argibide ugari eskaintzen ditu. Besteak beste, Brunete, Teruel, Katalunia eta Asturiaseko kanpaina garrantzitsuetan aritu ziren.


Miguel Legarra (Donostia 1918-2011) karlista eta erreketea zen. Gaztetan Agrupacion Escolar Tradicionalista-ko (AET) bazkide sortzaileetakoa izan zen eta gerra aurretik eta ondoren zenbait aldizkaritan eta Diario Vasco egunkarian marrazkilari gisa aritu zen kolaboratzen gai politikoak ilustratuz.

36ko gerra hasi eta ia urtebetera, beste bi lagun donostiarrekin frontera joan zen, erreketeekin alistatzera. 1937ko ekainaren 18an elkartu ziren San Miguel Tertzioko Tolosa Konpainiarekin Derion (Bizkaia), 19 urte bete zituen egunean. Bilbon sartzeko borrokan ari ziren orduan. Hurrengo egunean sartu ziren Bilbon, Valladolideko 20. Erregimentuko 8. batailoia eta Begoña Tertzioarekin batera, agintari Elias Kerejeta zutela (Tolosan sartu zen Pantaleon Zabala kapitaina Sondikan borrokan hil zenean jarri zuten postu horretan). Egoera txarrean aurkitu omen zuten: baja asko, janari gutxi, zubiak dinamitatuta…


Iruñetik Tolosara
Baina Tolosa Konpainiaren historia hasieratik kontatuko dugu. Sorrera Iruñean du, 1936ko uztailaren 19an, altxamendua izan berritan. Iruñean atera zen zutabeetako bat zen, Erriberri, Uxue, San Martin Unx eta Beireko 94 erreketerekin. Arratsaldean bertan Leitzan ziren, Gipuzkoako muga sendotzeko eta ondoren Gipuzkoa erasotzeko. Leitzan Venancio Tutor eta inguruko errekete batzuk elkartu zitzaizkien. Hurrengo egunean, Tolosatik Pantaleon Zabala kapitaina 32 erreketerekin. Eta hurrengoan Donostiatik beste 18 lagun. Gipuzkoarren artean Tolosa Konpainia osatu zuten.


Lehen operazioa Urtoko mikelete postuaren kontra burutu zuten. Uztailaren 21ean eta 22an ez zuten lortu, baina bai 23an. Lehen erreketea han hil zen eta miliziarren artean 7 hildako eta 5 atxilotu izan ziren. 24ean Berastegin sartu ziren eta Iruñetik errekete gehiago elkartu zitzaizkien, 300 izatera iritsiz guztira.


Egun batzuk beranduago Betelutik zetorren Becerra zutabea erantsi zitzaien, errekete, falangista, soldadu eta guardia zibilez osatua. Leaburun eta Altzon aritu ziren borrokan. Belabieta eta Izaskungo ermita okupatu zuten Cayuela koronelaren zutabearekin batera hilaren 9an eta hurrengo egunean, Imaz kapitainak Uzturre, errekete bat hilik suertatuta. Abuztuaren 11n bi zutabeak Tolosan sartu ziren, artilleria eta abiazio gorriak gogor defendatu arren.


Hilaren 14an unitate handiagoa sortu zen Iruretagoiena koronelaren aginduetara, horien artean Pantaleon Zabalak gidatutako Tolosa Konpainia. Honek 17an Andoain hartu zuen. Irailaren 6an Oregi mendiaren magalean zeuden, 11n Hernani eraso zuten, hurrengo egunean Santa Barbara hartu eta 13an Donostian sartu ziren. Gipuzkoa hartzen urriaren 4ean bukatu zuten, Ondarroara iritsita. Han osatu zen ofizialki San Miguel Tertzioa: 4 fusil konpainia (tartean Tolosakoa) eta metrailadore konpainia bat. 450 gizon ziren, Leitzatik atera zirenetik 25 hildako eta 74 zauritu izanik.


Atsedenaldietan, bandoen arteko elkarbizitzako anekdota azaltzen du Legarraren liburuak, protagonistak bi musikari tolosarrak izanik. Juanito Colmenero errekete boluntarioak tronpetarekin zerbait jo eta Peñafiel gorriak instrumentu berdinarekin erantzuten omen zion, bi bandoen txaloak jasoz.


1937ko martxoaren 31n Bizkaiko erasoak hasi ziren nazionalen aldetik. San Miguel Tertzioa Eskoriatzara bidali zuten, Otxandion apirilaren 4ean sartu ziren eta ekintza horregatik agintariek dominak jaso zituzten Berazubiko futbol zelaian azaroaren 7an.
Uztailaren hasieran tertzioa Nafarroako 5. Brigadan integratu zuten eta gero dibisioa izan zen, gerra amaitu arte. Urduñatik trenez Madrilen hegoaldera eraman zituzten, Brunetera, Extremaduratik buelta emanez. Bidean abestuz joan omen ziren, tartean Tolosako inauterietako musika zuen konpainiaren ereserkia.


‘Egarriaren bataila’
Brunetekoa bataila handia izan zen eta ordu arte ohituta zeuden lekuekin konparatuta, oso desberdina. Gipuzkoa eta Bizkaiko leku berde, menditsu eta hezeetatik zelai, bero handi eta ibai lehorreko tokietara pasatu ziren. Bando gorrikoek artilleria eta abioi gehiago zuten eta Nazioarteko Brigada ondo prestatuak. Abisu hori eman omen zieten agintariek. Eta tanke errusiarrak berriak ziren beraientzat. Horiei aurre egiteko gasolina botilak, eskuko granadak eta tankeen aurkako balak eman zizkieten. Arabiarrek hobeto jasaten zutenez beroa, abangoardian zihoazen. Tolosarrak, erreserban, atzetik. Egarriaren bataila deitu omen zioten Brunetekoari, urik ez zegoelako. Kamioietan ekarri behar izan zieten.


Liburuak aipatzen dituen beste bi tolosar margaritak ziren, Comunion Tradicionalistako kamioietan laguntza ematen ibiltzen ziren emakume karlistak. Juanita Alberdi Kapaña eta Maritxu Karrera aipatzen ditu. Txofer batekin bakarrik ibiltzen ziren frontez fronte, bereziki San Miguel Tertziokoak aritzen ziren tokietan, arrisku handiak pasatuz. Albisteak, paketeak, tabakoa, liburuak, opariak, arropa garbitua eta konpondua eramaten zizkieten soldaduei. Eta hildakoak etxera eramaten zituzten bueltan.


Bruneteko trintxeretan baja asko izan zituen San Miguel Tertzioak, tartean Leon Goikoetxea tolosarra, ezkondua eta familia handia zuena. Uztailaren 25ean irabazi zuten nazionalek Bruneteko bataila, 30ean errelebatu zituzten tolosarrak eta abuztuaren 11n kamioiez eta trenez Aguilar de Campoora (Palentzia) eraman zituzten, Santanderreko erasoa hasteko. Tolosa Konpainiaren laurdena bakarrik gelditzen omen zen ordurako.  
Abuztuaren 13an Kantabrian hasi ziren martxan eta 11 egunetan 75 kilometro aurreratu zuten. 26an Santander okupatu zuten beste konpainia batzuk. Asturias aldera barnealdetik sartu ziren eta iraila bertan egin zuten. Urriaren 11n Cangas de Onis eta 23an Gijonera iritsi ziren. 28an barkuz Pasaiara eraman zituzten eta Tolosa Konpainia Tolosara itzuli zen: dozena bat ofizial, subofizial gutxi, 214 errekete eta boluntarioak eta soldaduak ziren orduan.


Azaroa eta abenduko lehen astean atsedena hartu zuten bertan. Azaroaren 7an ekitaldi handia izan zen Berazubi estadioan, domina militar kolektiboa eman zion San Miguel Tertzioari eta indibiduala Argimiro Imaz Etxabarri komandante iruindarrari, besteak beste, Jose Lopez-Pinto jeneralak, Bizkaiko operazioengatik. Margaritek Tolosa Konpainiari oparitutako bandera ere bedeinkatu zuten. Kanpaina meza, Fidel Azurza alkateak eta Gipuzkoa eta Nafarroako diputazioetako lehendakariek eta Lopez-Pinto jeneralak hitz egin zuten, eta ekitaldiaren ondoren tropen desfilea izan zen San Frantzisko pasealekuan.


Handik aurrerako ibilerak ere azaltzen dira Legarraren liburuan. Guadalajarara eraman zituzten, Teruel birkonkistatu zuten, martxoan Lleidara joan ziren, apirilean Teruelera, abenduan kamioiez eta trenez Huescara eraman zituzten Kataluniako kanpaina hastera eta 1939 urtea Reusen hasi zuten eta urtarrilaren 26an Bartzelonan sartu ziren. Martxoaren 1ean Extremadurara eraman zituzten, trenez Navalmoral de la Matara (Caceres), 22an Toledora eta 27an Hellinera (Albacete). Ordurako Madril hartuta zegoen jada. 1939ko apirilaren 1ean amaitu zen gerra ofizialki eta handik gutxira desegin zen San Miguel Tertzioa.


Tolosaldeko aipamen ugari
Lehen aipatutakoez gain, badira Tolosaldeko pertsona askoren aipamenak liburuan. Adibidez, askotan bertsotan aritzen ziren batzuk: Ibarrako Jose eta Manuel Ugartemendia Beltza, Antonio Olariaga eta Moxo. Frankismoaren ondoren EAJko senatari izan zen Federico Zabala ere han zen, kapilauaren laguntzaile gisa. Gerra ondoren Mont Blancen hil zen Jose Maria Peciña mendizalea ere han izan zen. Legarra berak, alferez izatera iritsi zenean, bi laguntzaile tolosar izan zituen: Fernando Zubeldia eta ondoren, hura hil arabiar baten nahasketagatik, Bernardino Legarra Tomasin, Tolosako Musika Bandako danbor jolea. Ez zen musikari bakarra. Lehen aipatutako Colmeneroz gain, Ramon Otamendi ere han zen, ondoan beti bere akordeoia zuela. Beste bandoan, gorriekin, ibilitako Villabonako teniente bat atxilotu zutela ere aipatzen da, izenik jarri gabe. Liburuaren bukaeran, errekete eta ofizialen zerrenda luzea dakar, tartean Tolosaldeko 60 bat pertsona.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!