Akordeoiak bizkarrean hartuta, Isidro Larrañaga orkestra Austria eta Eslovenia aldean ibili da uztaila hasieran. Orain, berriz, 2015eko ekainean argitaratzea aurreikusita duten diskoaren grabaketarekin ari dira, buru-belarri.
«Bidaia oso bizia» izan dela azaldu dute kideek, Eslovenia alde batetik bestera zeharkatu baitute: «Bost emanaldi eskaini ditugu zazpi egunetan eta, beraz, turismoari tarte txikia eskaini diogu». Hala ere, zuten denbora apurra erabili dute Europako txoko ederrenak bisitatzeko.
Emanaldietako errepertorioa zabala izan da, eta, bertako autoreen obretatik hasita, atzerriko folka nahiz heavy melodikoa ere eskaini dituzte; Austrian jotzea, gainera, «ohikoa» bilakatu da orkestrarentzat.
Aipatzekoa da 2015ean 35 urte beteko dituela Isidro Larrañaga akordeoi orkestrak eta, noski, hainbat egitasmo buruan dituzte ospakizunetarako: «80ko Kilometroak jairako sortu zuten orkestra, eta, besteak beste, diskoa eta DVDa grabatzen ari gara, ekainerako».