Amarotz eraberritzeko lanak «aurreikusi bezala» aurrera doaz

Maier Ugartemendia 2014ko uzt. 24a, 07:40
Proiektuan ez da aldaketa «garrantzitsurik» egin; argiteriako sistema da aldaketa bakarra

Tolosako Amarotz auzora inguratze hutsarekin nabari da bertako errepideetan aldaketa handiak egiten ari direla. Maiatzaren hasieran hasi ziren auzoa eraberritzeko lanak. Ordutik lanek ez dute etenik izan, eta abendura arte bertan jarraituko dute, gainera.

Tolosako Udaleko arkitektoa den Imanol Agirrek azaldu bezala, orain lanak faserik «itxusienean» dauden arren, «aurreikusi bezala» doaz, eta «urte bukaerarako» amaitzea espero dute.

Lan hauekin auzora doazen sarbideak zaharberritzeaz gain, itxura urbanoagoa hartuko du Iruñea etorbideak. Horrez gain, futbol zelaia desagertu egingo da eta bertan auzotarrentzat parkea egingo dute.

Proiektua amaitzean besteak beste, bi biribilgune gehiago izango dira eremu horretan. Bata, N-1 errepideko hegoaldeko adarraren eta GI-2135 errepidearen arteko bidegurutzea ordezkatuko duena. Eta bestea, Usabal poligonora sartzeko, Txarama aldera joateko nahiz norantza aldaketa egiteko dagoen bidegurutzean kokatuko dena. Lanen ondorioz, errail bakarra geratuko da eta oinezkoentzat galtzada ere egokituko dute.

Honetaz guztiaz gain, aipatu bezala, 1973an eraikitako futbol zelaia zena, auzotarrentzat berdegune bilakatuko da.

Argiteria egokituko da

Obrak duela hiru hilabete hasi ziren, eta aldaketa «garrantzitsurik» ez da egin Imanol Agirre arkitektoaren esanetan. Proiektuan egin den aldaketa bakarra, argiteriarena da. Hasierako proiektuko argiteria «hobetu» dute, «eraginkortasuna eta jasangarritasuna» izateko asmoz. LED argiak jarriko dira, hain zuzen ere. Aldaketa hau egoki ikusi da, hasieran kostu gehio izan arren, kontsumoari dagokionean gastua «berreskuratu» egiten delako.

Urari dagokionez ere bada aldaketa bat. Ur zikinak eta euri urak bereizi egingo dira. Hasiera batean Foru Aldundiak egindako proiektuan aurreikusten ez zen neurria da, baina Ur Zerbitzuak obra hauek probestu ditu aldaketa hauek egin, eta industrigunean bereizketa egiteko. Ur araztegira bidaltzen diren urak ahalik eta gutxien izatea nahi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!