Tolosako elkarteen estropadak berreskuratuko dituzte, elkartasun lehiarako

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 15a, 13:04

Sanfilippo gaitza ikertzen laguntzeko estropada antolatu dute Tolosako 18 elkarte gastronomikok; larunbatean izango da, 11:30etik aurrera.

Tolosan tradiziozko jarduera izan dira elkarteen arteko estropadak. Azken urteotan geldirik dauden arren, lehen aldiz elkartasunaren aitzakian uretaratuko dira, berriro, herriko elkarteetako kideak. Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarren haurrari laguntzeko sortutako egitasmoak zeresana piztu du herrian, eta gaur egin dute aurkezpen agerraldia. 

Kirola, festa eta elkartasuna uztartuko dituen egitaraua prestatu dute, eta 11:30ean hasiko da guztia, Oriako estropadarekin. 18 batelak parte hartuko dute, eta txanda bakoitzean bi ontzi irtengo dira, hiru luze eginez; Zubi berritik atera eta Zerkausian bukatuko dute. Denborarik onena egiten duten bi taldeek, beste txanda bat jokatu beharko dute amaieran, irabazlea erabakitzeko. "Irabazleak ez du saririk jasoko, helburua Oierri laguntzea baita", azaldu du Luis Oruezabal antolatzaileetako batek. 

Horregatik, elkarteetako gizon-emakumeak arraunean ari diren bitartean, boleto batzuk salduko dituzte antolatzaileek, euro baten truke; proba amaieran sariak zozketatuko dituzte.

Eguerdi aldera, berriz, herri bazkaria izango da Ferialekuan, elkarteetako kide nahiz herritarrekin; Triangulotik haraino txaranga doinuz joango dira, gainera. Oraindik ere bada txartelik eskuragrri, eta Orbela tabernan utziko dituzte, ostegunera bitarte; helduek 15 euro ordaindu beharko dute eta haurrek, berriz 10 euro. Menua honakoa izango da: txanpinoiak, paella eta gozoak.

Egitasmoa prestatzen aritu diren elkarteak Ero Etxe, Aurrera, Kasino, Gure Kaiola, Lizardi, Gure Txokoa, Sukalde, Aiz Orratz-Veleta, Emendek, Txinparta, Ortzadar- Arco Iris, Urdiña Txiki, Iurre, San Esteban, Berazubi, Izaskun, Arsenal eta Kabi Alai izan dira.

Ibai Iriarte alkateak eta Oier Iribarrenen gurasoek eskerrak eman dizkie elkarte antolatzaileei, hilabetetan egiten ari diren lanagatik: "Jende asko musutruk ari da lanean".

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!