'Egiari Zor' liburua aurkeztuko du Madariagak Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 19a, 11:05

ETAren sortzaile izandakoak, bere begietatik erakundeak izan duen bilakaera analizatzen du liburuan. Ezkerraberri fundazioak antolatuta, asteartean Tolosako Kultur Etxean izango da, 19:00etan.

 
 

Liburuaren hitzaurrea (Iturria: Erein.eus)

Idatzi beharretan nengoen liburu hau. Eta idatzi behar nuen hil baino lehen.

Printzipioz, holako liburuaren helburua zera da: norbaiten bizialdiaren gain, inguruan gertatu den guzti-guztia erratea, jakinaraztea, komentatzea... Beraz, ene kasuan, ene inguruan gertatu den guztia erratea eta jakinaraztea.

Honetaz, iritzi garrantzitsu baten aldekoa izan naiz betidanik: irakurle orok, gazteek, bereziki, gure historiaz –euskal historiaz, EKIN-ETArena barne, jakina– gertaturiko den-dena jakiteko eskubide oso-osoa du, gertaera bera, on edo txar izan, atsegin ala gozogabe, maitagarri zein zakarra.

Erranak erran, agertu zitzaidan oztopo handienetako bat –arras potoloa bera– hauxe izan zait: gure inguruko gertaera horien artean, etxe barnean, hots, ETA erakundearen beraren barruan, hutsak, makurrak edo alukeriak ere izan arren, kontatu eta jakinarazi behar dituguia? Holakorik egin dezakeguia? Komeni dea? Zilegi dea, akaso? Bai ala ez?

Gogoan harturik, gainera, ene liburu honen izenburua, hain zuzen, Egiari zor dela... Jakin ezazue, bada, zein den honetaz ene philosophia, ene ikusmoldea. Funtsezkoa deritzait, irakurle hori, zu zeu ere honen jakinaren gainean egotea.

Neuk pentsatzen dut zernahi gertatzen edo gertatu dena, aipatu beharra dagoela, historiaren parte bat delako; areago: historiographia delako. Ez dezagun ahantz.

Honetaz, eskandalu deitzen edo kalifikatzen den gaia, berariaz azaldu nahi dut hemen, arras garrantzitsua deritzaidalako. Ttipi-ttipidanik, zeraz ohartu nintzen izugarrikeriaren bat jazotzerakoan (familian izan, edo arma- dan, eliza katolikoan, epaileen edo politikarien artean, alderdi politiko edo erakunde baten barruan, eta abar luze bat), arduradun gehienen joera zera zela: ikaragarrikeria ezkutatzea, edo isiltzea, edo gezurretan ibiltzea, egia edo gertaera mozorrotzea, e.a.

Nik neuk ez nuen, neurez, jokaera hori maite, ez-eta onartzen ere. Beti nintzen horren kontra kokatzen. Bistan da, adin hartan, nehork ez zidan jaramonik egiten; espainiarrek erraten duten bezala: Un cero a la izquierda, bertzerik ez nintzen-eta. Hazi ahala, baina, egia mozorrotzeak nazka eragiten jarraitu du ene baitan.

Halaxe zioten: ohartzen zarea (edo haiza) nolako eskandalua den, edo izan daitekeen, aipatzen edo jakinarazten baldin badugu izugarrikeria hori? Erran nahi baita, irakurle estimatu hori, jende gehienaren arabera, pentsamolde hori jarraituz, LARRIAGO dela –edota daitekeela– ikaragarri- keria edo alukeria jendearen aitzinean, edo mass mediatan salatzea, eskandalua bera egitea, pentsatzea eta gauzatzea baino. Berez doa nerau ez nentorrela eta ez natorrela bat pentsamolde eta jokamolde super-hypokrita horrekin.
Ni neu ez nago hemen eskandalurik egiteko, ez eta ez egiteko ere. Ene zeregina, ene egin-beharra, lan honetan, ene testigantza ematea eta uztea da, zintzoki eta prestuki, dagozen gizakiei eta etorriko diren gizaldiei. Que cada palo aguante su vela.

Honetaz bururatzeko, halako jokamoldeak eta portaerak irmoki eta sendoki salatuz gizarte ororen aitzinean, espero dezagun bakanago gertatuko direla. Edozelan ere, ez da ene aldetik honetaz neholako mendekurik edo mendekuzaletasunik. Baina ez naiz, halaber, kikiltzen holakorik argi eta nahasterik gabe salatzeko. Orrialde hauetan agerrarazten ditudan makurrak eta alukeriak, jakinarazten ditut, bereziki, batez ere eta oroz gain, sekula santan errepika ez daitezen gure herrian. Zeren-eta izigarrizko kaltea egiten baitiote. Bertzerik ez.

Bai, barka, bada bertzerik. Liburuaren egituraz aipatu nahi dizuet, apur batez.

Irakurleak, liburua hasi eta berehala, zera erreparatuko du: ene ahaide hurkoez, ene arbaso hurbilez (aita, aittitte, birraittittea) aipatzen ditudala –eta nahiko, gainera–. Zergatik obratzen dudan horrela? Hona hemen ene erantzuna. Ez baldin baditut ene aitzineko hur-ahaideak aurkezten, ez litzateke –ene ustez– geroa ondo ulertzen ahalko. Bertze hitzez errana, guttieneko zerbait jakin behar dugula zer-nolakoak ziren aita, aittitte eta birraittitte; ez baita guztiz entelegatzen ahal geroa, burasoak eta zenbait arbaso eta heien inguruabarrak ez baldin baditugu aipatzen. Eta ene haurtzaroaz bertze hainbertze erran dezaket.
Ez ditut, jakina, ene arbaso-hurrak erakusten eneak direlako, edota dirdiratsuak direlako (izatekotan). Zer- baiti ekin zioten gure gizartearen alde eta, egia da, kontent naiz horregatik. Bertzerik gabe.

Sar-hitz honi amaiera eman aitzin, zilegi bekit, irakurlearen arretari berriro deitzea, lantxo honen bizkar-hezurra edo hari kudeatzailea zein den oroitarazteko, haren irakurketa errazago izan dadin.

ETAren sortzaile gehienen hasierako kezka nagusia, hauxe izan zitzaigun: “Zerbait egin behar dugu”. Erran nahi baita, joan zen mendean, 1950 eta ondoko urteetan, gure euskal gizartean hondamendi osoa bertzerik ez genuela ikusten: 1936-1937ko gerla erabat galdua, euskara –gure herri-hizkuntza– hilzorian, herri-independentzia guztiz desegina, eta abar hondagarri luze-luze bat. Eta, berez doa, ez genekien nondik has hainbertze hondamen konpontzen. Zinez, etsigarria zen. Munduko uholde unibertsala bezalako zerbait (hain zuzen ere, aztarna oparo aurkitu omen dute arkeologoek Mesopotamia izenezko eremuan, Tigris eta Eufrates ibaien artean dagoena, alegia. Hitz batez oraingo Irak herrian), edo New Orleansen gisa, Ipar Ameriketan, Katrina izeneko ekaitz erraldoia handik iragan ondotik.

Berriz gure herrira etorririk, hortik abiatu zen gure errana: “Zerbait egin behar dugu”. Bertze modu batez azaldurik, jakin bai genekien gure inguruko hondamendi hura, honela edo horrela konpondu behar zela. Baina zelan, eta nola? Nondik has? Hori adieraztea gura genuen gure leloa erratean.

Geroago, gure hastapena aurrera zihoala (EKIN-ETA sortuz), burruka armatuaren arazoa aurkeztu zitzaigun. Honetaz, soil-soilik pare bat xehetasun, burruka armatua zergatik eta zertarako sortu genuen galderei erantzuteko. Lehenik, gure burua, Euskal Herriarena, defendatzeko, etsaiaren (edo etsaien) erasoaren aurka. Bada, honetaz gain, bigarren arrazoi bat: herriaren duintasuna lortzea, gure herriari hain eskas zuen adorea lortzeko eta emateko, alegia.

Dakigunez, baina, gure delako burruka armatua, munduko burruka guztiak bezalaxe, egun batez amaitu ere da egiten. Maiz, munduko gertaeretan eta arazoetan jazoten den legez, errazago da izaten prozesu bat hastea, amaiera ematea baino. Are gehiago kiribil bortitzak hartu gaituelarik, ETAren zein Euskal Herriaren kasuan gertatu den bezala. 1980ko hamarkadaz gero hasi nintzen ni neu amaiera horren alde egiten. Ene iduriko, hein batetik goiti, armen hotsek on baino kalte gehiago eragiten baitzioten gure herriaren askapenari. Hori azaltzea eta aldarrikatzea zinez zaila izan zait; arras zakarra, askotan. Bakar-bakarrik nengoen. ETAk ez zidan ulertu. Eta gure alderdi politikoak ere ez. Benetako haustura izan zen gure artean.

Hain zen sakona, ezen, oraindik ere, euskal aberkide zonbaitek etsaitzat bainaukate. Urte anitz behar izan dugu, azkenean, ene lehen ideia horren alde, ezkerreko euskal munduan heltzeko eta sakontzeko: lehenik, “etxe barnean” eta gero etxetik kanpo, jendearen aurrean, harik-eta, egun batez, ene ideiak Arnaldo Otegik-eta bereganatu zuten arte. Ez dut honetaz gauza handirik erranen, ez bada garesti samar ordaindu behar izan dudala. Bidesaria garesti ote?

Laburbiltzeko, autobiographia honen orrialdeak denboraren hariari segi doaz hein handi batez, haurtzarotik hasiz, hurbilago diren garaietaraino. Azken urteotako gertakariak komentatuz eman nahiko nioke amaiera liburuari. (Europa+populuaren nahiaren araberako independentzia).

Ikusiko duzuenez, ene bizitza etengabeko burruka izan da. Ene harrixka utzi nahi izan diot egiaren aldeko burrukari, liburu hau gauzatuz. Bizi luzea opa diot. Hondar mokorraren gisa ikusten dut. Denboraren haizeak eraman dezala ahal bezain urrun. Euskal Herri maite honi ahal bezainbat eman diot, ongi edo gaizki. Hosto hauek dira ene azkeneko emaitzak. Har ditzala. Ez nuke plazer handiagorik.      

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!