200.000 euro, Tolosako lau auzoren beharrei erantzuteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 18a, 12:55
Ibai Iriartek eta Garikoitz Lekuonak eman dute egitasmoaren berri.

2013ko aurrekontu likidazioaren emaitza positiboa medio, Tolosako Udalak beste zenbait inbertsio abian jarriko ditu; besteak beste, Berazubi, Iurre, San Esteban eta Izaskun-Bidebieta auzoetan hobekuntzak egingo dituzte.

Pasa den ekainaren 30eko osoko bilkuran iragarri zuten moduan, Tolosako Udalak inbertsio berriak egingo ditu iazko aurrekontuaren emaitza positibotik. Guztira zortzi proiektu prestatu dituzte superabita inbertitzeko eta, horietako bat, auzoetako beharrei erantzuteko egitasmoa da; zehazki 200.000 euro bideratuko dituzte lau auzotara. Horrela, beraz, San Esteban, Berazubi, Izaskun-Bidebieta eta Iurreko bizilagunekin parte-hartze bilerak egingo dituzte, beharrak ezagutu eta prozesuari ekiteko.

Mantenu plana gauzatu aurretik, auzotarrekin batera detektatuko dituzte beharrak, Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez: "Argi daukatu 200.000 eurorekin ezin izango diegula behar guztiei erantzun, eta lehentasunak markatu beharko ditugula. Baina horrek udalari aurrera begirako etxeko lanak zehazteko ere balioko digu". 

Hori dela eta, garrantzia berezia eman nahi die auzotarrekin antolatutako batzarrei; bizilagunek egunerokoan ikusten dituzten behar eta arazoak ezagutu ahal izango dituzte eta, lehentasunak zerrendatzeko ere iritzi anitzagoa jasoko du Tolosako Udalak.

Aipatu bezala, San Esteban, Berazubi, Iurre eta Izaskun-Bidebieta auzoetara bideratuko dituzte 200.000 euroak: "Azken urteotan hobekuntza gutxi egin ditu udalak azken urteotan eta, kasu gehienetan, irisgarritasun arazoak nabariak dira. Horregatik erabaki dugu inbertsioa auzo horietan egitea".

Auzo batzarrak, beraz, urriko lehen egunetan egingo dituzte:

  • Urriak 2, osteguna: San Esteban auzoko bizilagunekin bilera izango da, 19:00etan, auzo elkartean.
  • Urriak 6, astelehena: Berazubi auzoko bizilagunekin bilera izango da, 19:00etan, Paper eskolan.
  • Urriak 7, asteartea: Iurre auzoko bizilagunekin bilera izango da, 19:00etan, Paper eskolan.
  • Urriak 8, asteazkena: Izaskun eta Bidebieta auzoetako bizilagunekin bilera izango da, EPAn.

Garikoitz Lekuona parte-hartze teknikariak bileretako metodologiaren nondik norakoak argitu ditu, San Esteban auzoa biziberritzeko egindako prozesuaren antzekoak izango direla zehaztuz: "Auzo bakoitzean auzoko argazki erraldoi bat eramango dugu bilerara, ortofoto deritzona. Bertan, bizilagunek somatzen dituzten gabeziak nahiz bururatzen zaizkien iradokizunak geografikoki kokatu ahal izango ditugu". Ondoren, zerrendatutako beharrak multzokatu egingo dituzte, eta garrantzitsuena azken eginbeharra izango da: beharrak lehenestea eta horietako batzuk aurrera begirako uztea.

Tolosako Udala parte hartzeko bide berrienetan

www.tolosa.eus web atari berritua martxan da joan den uztailaz geroztik eta, besteak beste, webguneko Parte hartzen plataforma izan da berrikuntza nagusietako bat.

Komunikazio-bide berrien hariari tiraz, eta herritarren eta udalaren arteko zubiak erraztuz, beste tresna bat jarri dute, orain, tolosarren eskura: Horkonpon du izena, eta smartphonetarako aplikazio bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, Gipuzkoako hainbat udaletan erabiltzen ari dira jada, eta doan jaitsi daiteke edozein denda birtualetatik. Finean, norbere herriko kaleetan arazo eta matxuraren bat ikusitakoan, hari argazki bat atera eta testu labur batekin udalari helarazteko balio du Horkonpon aplikazioak. Geolokalizatzaile baten laguntzaz, gainera, udalari matxuraren gune zehatza zein den iritsiko zaio; hori bai, GPSa martxan izan beharko da horretarako.

Azkenik, nabarmentzekoa da aplikazio horren kasuan herritarraren eta udalaren arteko harremana pribatua izango dela, eta udalaren webgunean ez dela kexa edo ohar hori azalduko; halaber, matxuraren berri ematerakoan telefono zenbakia edo helbide elektronikoa zehazten duten herritarrei erantzun ahal izango dio udalak, baina era anonimoak idazten dutenei ez.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!