Hemezortzi elkarte, helburu bakarra

Imanol Garcia Landa 2014ko ira. 19a, 12:54

Elkarteen arteko estropada egingo da bihar, Tolosan, Sanfillipo gaixotasuna duen Oier Iribarren haurrari laguntzeko. Hemezortzi elkarte animatu dira parte hartzera, eta giro bikaina izatea espero dute.

Elkarteetan gertatu ohi den moduan, ideia afaltzen ari zirela otu zitzaien, Luis Oruezabal Txinparta elkarteko kideak azaldu duenez: «Oier Iribarreni laguntzeko zerbait sortu nahi genuen; hasieran gure elkartetik bakarrik, baina gero pentsatu genuen Tolosako elkarte guztiak bateratuz zerbait indartsuagoa egitea bazegoela. Estropadaren gaia atera zen eta ideia zabaldu genien beste elkarteei. Hasieran uste genuen lau edo bost izango ginela eta azkenean 18 elkarte ari gara antolakuntzan».

Estropadan izena ematea ez da hain zaila izan, lan gehiago eman ditu prestaketa lanak: elkarte bereko bost edo sei arraunlari lortzea, arraunean ikastea eta patroi lanak egiten ere bai... «Azkenean lortu dugu ikastea», dio Oruezabalek. San Esteban elkarteko Agustin Pagolak badaki zer den arraun egitea, eta elkartean ontzia osatzen hasi zirenean, bere izena mahai gainean jarri zuten. «Boluntario zeinek nahi zuen baino izenak apuntatzen hasi ziren elkartean, eta nire eta beste laurenak ere horrela atera ziren». Josune Sanz patroi lanetan ariko da Lizardi elkarteko ontzian: «Juntatik galdegin zuten ea nork nahi zuen parte hartu eta hasiera batean zortzi inguruk eman bazuten izena, egun sei geratu gara».

Txapeldunik gabeko lehia

Hemezortzi elkarte ari dira eguna antolatzen eta 16 batel ariko dira Oria ibaiaren gainean. «Elkarte guztiek ez dute lortu ontzia osatzea, eta horregatik beste zereginetan ariko dira», dio Oruezabalek. 11:30ean hasiko da ikuskizuna. Batelak binaka aterako dira Dama Berdeko zubitik eta Zerkausia bitartean hiru luze egingo dituzte, eta ondorioz, bi ziaboga. 600 metro baino pixka bat gehiago egingo dituzte ontziek, beraz, proba guztia indar bete-betean egin beharko dute.

Bi denbora onenak lortzen dituztenek final moduko bat egingo dute. «Ez dugu nahi irabazlerik izatea, ez da saririk izango», esan du Oruezabalek. «Uste dugu saria denak elkartzea dela eta ahal den diru gehiena lortzea Oierri laguntzeko». Hori bai, ezin da ukatu lehia ere sortu dela batelen artean eta horren erakusgarri da arratsaldero estropada eremuan egin diren entrenamenduetan arraunlariek jartzen duten gogoa. Pagolak, baina, taldeen artean sortu den giro ona nabarmendu du gehiago: «Giro ona sortu da denon artean. Abuztuko oporrak izan direla-eta lasaiago egon da, baina oporrak bukatu eta gero erreka bete-betea dago».

Oruezabalek estropadarekin sortu den giro berezia nabarmendu du: «Horixe topatu nahi genuen. Tolosako 100 pertsona inguru, arraunean gutxi edo ia ezer aritutakoak, kirol hori pixka bat ezagutzea. Txukun egitea egunean bertan, eta festa giroa jartzea Tolosan». Bat egiten du Sanzek arratsaldetan izaten ari den giroa nabarmenduz, eta aurrera begira, berriro ere estropada egiten bada, emakume gehiagok parte hartzea nahiko luke. Elkarte bakoitzaren barruan ere harremanak sendotzeko balio izaten ari dela diote.

Estropadan parte hartuko duten asko ez dira aurretik arraunean ibili eta ikasten aritu behar izan dira. Sanzentzat arraunean aritu den lehendabiziko aldia izan da, eta, noski, patroi lanetan ere: «Uda eman dugu bai arraunean eta baita patroi lana ikasten, eta nahiko komeria izan ditugu. Egia esan primerako laguntzaileak izan ditugu, TAKekoen eta lagunen artean oso ondo ibili gara, eta ikasi ditugu gutxienekoak behintzat». Oruezabalek dio «gogorra» izaten ari dela arraunean aritzea, eta eskuak eta ipurdia porru eginda dituela.

Egitasmoaren helburu nagusia Stop Sanfilippo fundazioaren alde dirua lortzea da. Estropada bera ikusteagatik ezin denez sarrerarik jarri, beste bide batzuk jorratu dituzte. Batetik, zozketa antolatu dute: «Estropadaren berri jakitean tabernak etorri ziren galdezka nola parte hartu zezaketen, eta azkenean zozketa bat egitea pentsatu dugu egunean bertan». Urdaiazpiko bat, bi saski hainbat produkturekin, afaria edo bazkariak zozketatuko dituzte, eta egunean bertan jakingo diren pare bat sorpresa ere bai. Bestetik, bazkaria antolatu dute, estropadan parte hartuko dutenekin, eta horien senide eta lagunekin, eta hala nahi izan duten guztiekin. Tolosako Ferialekuan egingo dute estropadaren ondoren eta 400 pertsona inguru elkartuko dira.

Historia duen estropada

Tolosan estropadek oihartzun eta arrakasta handia izan zuten bere garaian; orduan ere elkarteen artekoak izaten ziren eta San Joan jaietan egiten zen txapelketa. 1988an egin zen azkena. «Traineruetan Kontxa den bezala, bateletan Tolosa izaten zen», dio Pagolak. Berak estropada haietan parte hartu zuen: «Txapelketak izaten ziren, Gipuzkoakoak, Euskadikoak, Espainiakoak, baina Tolosakoa ezberdina zen. Sartzen zinen errekan eta goran dena jendez bete-beteta ikusten zenuen, Donostian sortzen den moduko giroa. Beste txapelketetan lau katu izaten ziren ikusten». Pagolak espero du gainezka izango direla bihar Oria ibaiaren inguruak, garai bateko estropadetan bezala. Bere aldetik, Sanzek gogoan du txikia zela estropadak ikustea eta Oruezabalek bere aitona estropadetan parte hartutakoa zela ekarri du gogora.

Afizionatu mailako arrauna izaten zela dio Pagolak: «Elkarteek gazteak fitxatzen zituzten, arraunean erakutsi eta aurrera». Pagola bera hainbat elkarteetan aritu zen eta gero Orioko klubean ere aritu zen arraunean. Bateletan aritzen zenean Tolosan, azpiegiturak oso ezberdinak zirela ekarri du gogora: «Espainiako txapeldunak izan gara bi aldiz, eta batela baserri batean uzten genuen, behien ondoan, eta gure dutxa sukaldeko harraskara lotutako mangera izaten zen».

Oria ibaian egin beharreko obrak zirela-eta bertan behera utzi ziren estropadak eta horrek herrian nahigabea sortu zuen. Pagolak gogoan du Iñaki Linazasoro orduan Tolosako alkate zenak bilera batean esandakoa: «Presa botatzen bazen ere, Tolosan sanjoanetan festa izaten jarraituko zuela esan zuen. Eta Karlos Muñoa Aiz-Orratz elkarteko managerrak bota zion galdera: 'Sanferminetan entzierroak kenduko balira, sanferminak berdinak izango lirateke?'. Estropadek betetzen zuten sanjoanetan festa».

Aurrera begira, eta ikusita elkarteetan sortu den giroa, agian berreskuratuko dira berriro ere estropadak sanjoanetan. Bihar sortzen duen ikusminak, eta elkarteek eta arraunlariek duten gogoak erabakiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!