Etxean galdu gabe jarraitzeko asmoz

Mikel Iraola 2014ko ira. 19a, 14:24

Bihar hasiko du denboraldia TAKEk. Euskal Kopako norgehiagoka jokatuko du Azpeitiko Iraurgiren aurka. Zilarrezko LEB ligako taldearen aurkako partida analizatu du Atarian Yon Gonzalez entrenatzaileak.

"Aurten, galtzen ere goza daitekela erakutsi beharko dugu, ez irabazten bakarrik. Ez partidetan bakarrik". Jon Azaldegi, TAKEko jokalariak bere Twitter kontuan horrela definitu du aste honetan denboraldi berriaren hasiera. Maila gogorragoa, erronka berriak... baina ilusio bera. Hori da taldeak une honetan duen sentsazio nagusia.

Bihar (Usabal kiroldegian, 18:00) jokatuko du, lehen aldiz historian, Euskal Kopako norgehiagoka bat. "Beste urtetan harmailetatik jarratiu behar izan dugu, eta gogoz gaude kantxatik ere bizitzeko", dio Yon Gonzalez entrenatzaileak.

Debutean, ordea, ez dute edonolako aurkari bat izango: Iraurgi. Azpeitiarrak maila bat gorago daude, zilarrezko LEB ligan, eta talde oso sendoa dute: "Debuta egiteko ez da agian talderik onena. Fisikoki desabantaila handia dugu, barrualdetik bi jokalari estatubatuar dituzte...". Baina badute esperantza: "Bi jokalari izan ezik, beste talde guztia aldatu behar izan dute, eta agian ez dute martxa behar bezala hartu. Guk bizi osoa daramagu elkarrekin jokatzen. Gainera, gaur iluntzean beste neurketa bat daukate, eta ea apur bat nekatuak etortzen diren", dio irribarrez.

TAKEk bi urte daramatza etxean galdu gabe. Azken porrota Usabalen 2012an jaso zuen. "Polita litzateke Euskal Kopan debuta egin, eta oraindik marka hori mantentzea. Hori bai litzatekela historikoa" dio.

Igandean, berriz, Bilbon jokatuko dute Kopako bigarren neurketa, 19:00etan, Mikeldiren aurka. "Gure maila berean jokatzen duen taldea da, EBAn, eta azterketa ona izango da gure maila non dagoen ikusteko".

Bi baja
Taldeari dagokionez, gustura da Gonzalez. "Orain arte oso ondo entrenatu dugu. Pena bakarra Jon Azaldegi eta Iñigo Morenorena da, udaratik ezin izan dutela oraindik taldearekin entrenatu lesioagatik". Beren ordez bigarren taldeko Andoni, Iñaki eta Ibai aritu dira, eta hauek, "lan txukuna" egin dutela azpimarratu du prestatzaile tolosarrak. Biharko partidarako bere esanetara izango dira hirurak.

Vic-en, gustura
Bestalde, irailaren hasieran Katalunian egindako kontzentrazioaren balorazio positiboa egin du Gonzalezek: "Astebete entrenatuta soilik joan ginen. Beste taldeek asteak zeramatzaten, liga asteburu honetan hasten baitute. Partidu txukunak egin genituen, azkena izan ezik. Nekea nabaritu genuen". Gainera, Miguel Cruzek hiruko txapelketa irabazi zuen, eta pozik da: "Hamabost parte-hartzailetatik, gure taldeko bost sailkatu ziren txapelketara, beraz, ezin naiz kexatu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!