Hondakinak biltzeko material banaketa ostegunean hasiko da

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 13a, 11:27

Udal gobernuak era deszentralizatuan ezarri nahi du sistema, eta San Esteban auzoan hasiko dira materiala banatzen.

Urriaren 16a izango da Tolosari egokitutako hondakin bilketa sistema martxan jarri ahal izateko egun garrantzitsuenetako bat: beharrezko materialaz osatutako kita banatuko diete herritarrei.

Duela zenbait aste ere argitu zuten moduan, auzoz auzo ezarriko dute txip bidezko sistema. Horrela, materialaren banaketa ere deszentralizatu egin nahi izan du udalak, herritarren erosotasunari begira. Material sorta bakoitzak hondakin organikoa etxean sailkatu ahal izateko aireztatu kuboa izango du, batetik, eta baita poltsa konpostagarriak ere; azkenik, liburuxka bat ere banatuko diete tolosarrei, hondakinak egoki sailkatu ahal izateko argibideekin. Hori guztia ondo kudeatu eta beharrezko edukiontzira botatzeko, berriz, familia bakoitzak txartel bana izango du, edukiontziak zabaldu ahal izateko. Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, guztira 9.000 kit banatuko dituzte, aurreikuspenen arabera.

San Esteban eta Amarotz auzoa hasi, eta erdiguneko bizilagunekin amaituko dute banaketa, baina beren auzo edo kaleko egunean materialik jaso ezin izan duten tolosarrek hondakinen bulegoan izango dute horretarako aukera. Horren harira, edukiontzien behin betiko kokalekuak nahiz zalantzen argibideak ere bertan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek.

Honakoak izango dira material sortan bildu ahal izateko ordu eta lekuak:

  • Urriak 16, osteguna: San Estebango bizilagunak, auzo elkartean.
  • Urriak 16, osteguna eta urriak 17, ostirala: Amarotz auzoko bizilagunak, Auzoetxen.
  • Urriak 17, ostirala eta urriak 20, astelehena: Izaskun auzoko bizilagunak, EPAn.
  • Urriak 20, astelehena eta urriak 21, asteartea: Berazubi auzoko bizilagunak, Paper Eskolan.
  • Urriak 21, asteartea eta urriak 22, asteazkena: Larramendi auzoko bizilagunak, Arkauten.
  • Urriak 22, asteazkena eta urriak 23, osteguna: Alde Zaharreko bizilagunak, Pablo Gorosabel eraikinean.
  • Urriak 23, osteguna eta urriak 24, ostirala: Erdiguneko bizilaguna, Emeterio Arrese eraikinean.
  • Urriak 25, larunbata: aurreko egunetan materiala hartzerik izan ez duten herritarrak, Pablo Gorosabel eraikinean, 10:00etatik 14:00etara.

Azken egunean izan ezik, gainontzeko egunetan "ordutegi malgua" ezarri du udalak, goizez nahiz arratsaldez materiala biltzeko aukera eskainiz: 10:00etatik 14:00etara bitarte eta 17:00etatik 20:00etara bitarte aukera izango da, auzo guztietan, kitak jasotzeko.

Azkenik, herritarren jakinmina piztu duen afera bat ere nabarmendu nahi izan du Ibai Iriarte alkateak: pixoihal eta konpresen edukiontziarena. Txartela beharrezkoa izango da horretarako ere, eta edukiontzi hori irekitzea beharrezko duten herritarrek Gorosabel eraikineko hondakinen bulegora joan beharko dute, aukera hori aktibatzeko; familia bakoitzaren txartelean dagokion edukiontziaren zenbakia jarriko du eta, beraz, pixoihal eta konpresak botatzeko edukiontzia ere txartel berarekin ireki ahal izango dute.

Urriaren 27an lehen pausoak. Materiala auzoz auzo banatuko duten modu berean, sistema ere pixkana ezarriko dute herrian barrena. Aurreikuspenen arabera, urriaren 17an hasi eta azaroaren 6rako Tolosa osoan ezarrita izango da sistema.

Udal gobernuak, gainera, azpimarratu egin nahi izan du sistemaren malgutasuna: "Behin martxan jarritakoan ere, herritarren beharretara moldatu edo egokitu ahal izango da sistema, beraz, herritarrek hondakinen bulegoan, webgunean nahiz Udaten iradokizunak egiteko aukera izango dute".

Edukiontzi berdea kendu eta, horren ordez, errefusa eta organikoak gaika sailkatzeko balilabideak jarriko dizkie, tolosarrei, sistema berriak. Horretara ohitu eta behar bezala birziklatzeko biriklapen tailerrak ere martxan jarriko ditu udalak, azaroan.

Gaurko agerraldian eskainitako informazio guztia bando bidez ere zabalduko dutela jakinarazi du Tolosako Udalak: "Ezkaratz bakoitzean bertako bizilagunei egokitutako informazioa zabalduko dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!