Ane Pirata eta Pirritxekin batera jaialdia Leidorren, Oier Iribarrenen alde

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 20a, 17:33

Ane Piratak eta Pirritxek beste hainbat lagunekin antolatu dute larunbateko jaialdia; Leidor aretoan izango da, 17:00etan, eta sarrerak 5 euroko kostua izango du

Sanfilippo gaixotasuna duen Oier Iribarren ibartarrari laguntzeko ekimenek ez dute etenik, eta larunbat honetan elkartasuna adierazteko beste ekimen bat izango da Tolosan. Leidor aretoan, 17:00etan Ane Pirata eta Pirritx izango dira, Tolosako eta inguruko beste hainbat eragilerekin eta lortutako diru guztia Stop Sanfilippo fundaziora iritsiko da zuzen-zuzenean.

Gaur goizean aurkeztu dute jaialdia Laskorain Ikastolako jolastokian eta bertan izan dira Oier Iribarrenekin batera Ane Pirata Irrien Lagunak Gizartegintza ekintzatik, Naroa Malkorra Laskorain ikastolako irakaslea eta Izaskun Aizpurua eta Kepa Iribarren gurasoak.

Ane Pirataren hitzetan Iribarrenen aldeko ekimen asko egin izan dira, eta orain Irrien Lagunak gizartegintza ekintzak ere beste bat antolatzeko erabakia hartu du. Gizarte ekintza honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren «laguntza berezi bat» jaso zuen, eta hori dela eta, «ekintza ezberdinak» antolatzen dira, eta horien artean kokatzen dute larunbatean Leidor aretoan egingo duten jaialdia. Ane Pirata eta Pirritx izango dira Leidorreko «dantzaldia» gidatzearen arduradunak, baina eurekin batera ariko dira Tolosako eta inguruko zenbait eragile: «Tolosako elkarteetako ordezkariak, Oierren laguntxoak, irristaka aritzen diren lagunak, Bonberenea gaztetxoen taldea, ikastolako Lask abesbatza...». Eta baita beste hainbat ezusteko ere.

Sarrerak gaur jarri dira salgai 5 euroan. Kutxabanken bitartez edo leihatilan bertan eskuratu ahal izango dira. Baina, larunbatean bertara joaterik ez duenak ere badu laguntzeko aukera. Horretarako, zero lerroa ere aurkeztu zuten eta bertan egindako diru ekarpenak, zuzenean Stop Sanfilippo fundaziora joango dira «tratamendu hori posible izateko».

Bestalde, Ane Piratak «eskerrak» eman nahi izan dizkio Tolosako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskainitako «babesagatik».

Laskorain ikastolak Irrien Lagunakekin batera egin du lan jaialdi hau antolatzen. Izan ere, Oier Iribarren bertako ikasle izan da eta da, eta Naroa Malkorra irakaslearen esanetan horrelako ekintzetan «beti laguntzeko prest gaudela eta egongo garela» argi dute.

Jaialdiaren aurkezpenean izan dira Oier Iribarrenen gurasoak ere, eta bere ama den Izaskun Aizpuruak «eskerrak» eman nahi izan ditu. «Oso eskertuta» daudela adierazi du, Oierren eta Stop Sanfilippo fundazioaren alde «gauza asko» egin direlako. «Herriaren laguntza» daukatela azpimarratu nahi izan du, eta herritarrei zuzendu zitzaien: «Zuengatik ari gara dirua lortzen».

Euskal Herrian bost ume daude Sanfilippo gaitzarekin, tratamenduaren zain. Aizpuruak argi du aipatutako herritarren laguntza hori gabe «ezin izango liratekeela zientifikoak hona ekarri», eta egindako hainbat ekimenetan lortutako laguntzagatik hori gauzatu ahal izan dela.

Azkenik, herritar guztiak Leidorrera «gonbidatu» dituzte, «butaka guztiak beteta» ikusi nahi dituztela adierazi dute.

Jaialdia
URRIAK 25, LARUNBATA
Non? Leidor aretoan.
Noiz? 17:00etan.
Parte hartzaileak. Ane Pirata, Pirritx, Bonberenea txarangako gaztetxoak, Lask abesbatza, Oier Iribarrenen lagunak, Tolosako elkarteetako ordezkariak...
Sarrerak. 5 euroan, leihatilan edo Kutxabanken bitartez.
Laguntza emateko beste aukerak. Zero lerroa: ES49 2095 0028 8091 1339 8728.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!