M. Monroy: «Emakumeoi errebelde izateko eskubidea zikiratzen digute»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 24a, 10:49

FeministAldeko kideak hiru saio eskainiko ditu, kultur etxean, gaur hasi eta bihar arte

Autodefentsa feminista tailerra hasiko da gaur, Tolosako jabekuntza eskolan. Maitena Monroy (Bilbao, 42 urte) izango da irakaslea, eta gizon-emakumeen arteko parekidetasun osoa lortzeko herritarren kolektibitatean du itxaropena.

Zer da autodefentsa feminista ikastaro bat?

Ekintzez haragoko formakuntza. Biolentzia kasu zehatzez gain, emakumeen aurkako indarkeriaren argazki orokor bat ateratzen saiatuko gara. Aurrerapen handiak egin ditugu tratu txarrak ikusarazten, baina indarkeria hori denboran mantentzen duten elementuak ere ikusi behar dira. Oraindik asko zuritzen dira emakumeenganako tratu txarrak, eta arreta beti biktimaren gainean jartzen da, salaketarik jarri ote duen edo ez galdetuz, edo etxetik lehenago zergatik ez ote duen alde egin esanez. Arreta, ordea, beste zerbaiti eskaini beharko genioke: zergatik daude, boteretsu sentitzeko tratu txarren beharra duten gizonezkoak? Sexu biolentziari dagokionez ere, justifikazio asko izaten da emakumearen jazkeragatik edo jokaeragatik. Horrenbestez, emakumeok XXI. mendean ditugun oztopoak aztertuko ditugu, ez bakarrik indarkeriaren aurrean, baita lehen mailako hiritar izateko ere.

Teknika fisikoez gain, prestakuntza psikologikoa behar da, beraz.

Bai. Txikitatik zintzoak izan eta mundu guztia maitatu nahiz zaindu behar dugula irakasten digute emakumeoi, hau da, errebelde izateko eskubidea zikiratzen digute, nolabait. Hori guztia gainditu dugula entzuten dugu sarri, baina nahikoa da erakusleihoei begiratzea, edo zine aretoetara joatea, hori hala ez dela ikusteko.Gure gidoi emozionala markatu duten estereotipo horiek ez ditugu atzean utzi, eta gutxi balioko dit teknika fisikoak ezagutzeak, nire bikotekideak mugikorraren bidez ni kontrolatzea maitasun keinu erromantikotzat badut. Horregatik, lan handia egiten dugu maitasun istorio erromantikoen ideiak aztertzen.

Zein da horretarako bidea?

Garrantzitsuena emakume bakoitzak nahi duena zehaztea da, baina hori oso zaila da, gizarteak maitatzeko eredu bat markatzen duenean. Eta horrek guztiak harremanen praktika bati ere erantzuten dio, gizonezkoek emakumeengandik jarrera jakin batzuk espero baitituzte, eta baita alderantziz ere, emakumeen mendekotasuna dakarten rolak indartuz.

Zer gehiago behar du gizarteak, arazo hori zapaltzeko?

Badirudi erasotzaileak ez direla gizonak, soilik matxistak direla; eta beren izen-abizenez deitu behar zaie. Izan ere, buruko arazoak dituztela edo gaixotasunen bat dutela esaten da askotan, eta, azkenean, biktima bilakatzen dira, egin dutena hala nahi izan gabe egin dutela iradokiz. Baina egin nahi izaten dute, noski baietz, hori baita beren boterea adierazteko modua, emakumeari errespetua galtzekoa. Ideia hori eten egin behar da, eta asko dugu egiteko. Aurrerapausoak ematen ditugu, baina atzera ere egiten dugu, eta atzerantzako pauso horiek lotura zuzena dute biolentzia sinbolikoa ez lantzearekin.

Eta zer da biolentzia sinbolikoa?

Adibidez, lorpen bat desberdin baloratzea emakumezko batena denean edo gizonezko batena denean. Halaber, bere gorputzarekin, eta berak nahi duen pertsonarekin, nahi duena egiten duen emakume bati herritarrek nola deitzen dioten galdetu genezake Tolosan. Ondoren, gauza bera egiten duen gizonezko batek zein izen jasoko lukeen jendeari galdetuz gero, argi ikusiko genuke geure imajinarioa ez dela batere aldatu. Finean, portaeren inguruan egiten ditugun balorazioek oso sexistak izaten jarraitzen dute, eta hiletetara joaten jarraitu nahi ez badugu, imajinario hori lantzen jarraitu beharko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!