Tolosako azoka barru barrutik ezagutzeko aukera

Asier Imaz 2014ko urr. 25a, 12:40

Hileko azken larunbatetan bisita gidatuak egingo dituzte Tolosan. Eskualdeko azokarik garrantzitsuena beste modu batera ikusteko aukera egongo da. Udalaren eta Tolomendiren ekimena da. Gaur goizean, Arrate Iturbek gidatuta, lehena egin dute. 

Hamar lagun Santa Maria plazatik irten dira, Tolosaldea Tour-ek bertan duen bulegoaren aurretik. Tolosako Azokako dinamizatzaileak hamar laguni bisita gidatuaren lehen xehetasunak kontatu dizkie. Lehenik eta behin, azokaren garrantzia azaltzeko, Iturbek historian kokatu ditu larunbateroko euskal jaiaren sustraiak. Ondoren, Berdura plazara joan dira. Dinamizatzailearen hitzak entzuteaz gain, bisitariek produktuen inguruko informazioa jaso dute, ekoizleekin hitz eginaz. Ondoren, bisita gidatuak Zerkausiara eraman ditu Goierriti eta Tolosa bertatik etorritako herritarrak. Berdura plazan bezala, azokako puntu nagusian gauza bera egin dute: gidariaren hitzekin azoka kokatu, produktuak ikusi eta ekoizleekin hitz egin. Goiz pasa ederra amaitzeko, Lurretik sukalderako postuan, bertako produktuak dastatu dituzte.

Bisita gidatuan parte hartu nahi duenak Tolosaldea Tour-ekin jarri behar du harremanetan. Bai email bidez, telefonoz edo bulegora joanda. Nahiz eta hasiera batean hileko azken larunbatetan izango diren bisita gidatuak, taldea osatu eta aurrez eskatzen bada, zerbitzu hori edozein larunbatetan jasotzea egongo litzateke. Lau hizkuntzetan, gainera: euskaraz, gazteleraz, ingelesez edo frantsesez. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!