Liderra, estu eta larri

M. Iraola 2014ko urr. 29a, 10:31

75-83 galdu du TAKEk liderraren aurka, partidaren gehiengoan parean egon ostean.

Une batez, Usabalek garaipena lor zitekeela sinetsi zuen. Eta une hura luzea izan zen, ia neurketak iraun zuenaren adinakoa. Izan ere, TAKEk estu eta larri jarri zuen Easo ia norgehiagoka osoan zehar. Eta ez da gutxi, igoera lortzeko hautagai nagusia dela kontutan hartuta.

Harmailetako indarrak bultzatuta, hasiera apoteosikoa egin zuten tolosarrek. Defentsako lana bikaina izan zen, eta erasoan indartsu aritu ziren. Julen, More, Goar, Aza, Gaizka... Usabal, zutik jarri zen behin baino gehiagotan, eta aldaketa bakoitzean txalo zaparrada entzun zen. 19-9. Buruan, orduan, 'Posible da!'.

Jon Azaldegik partida amaieran aitortu bezala, «seguraski, errealitatetik at» izan zen lehen zati hori, «Easo bezalako talde batek horren puntu gutxi sartzea normala ez delako». Baina taldeak ere izan zuen meritua. «Gure benetako nortasuna erakutsi dugu». Eta hori errealitatea da.

Bigarren laurdenean, ordea, beste errealitate bat nagusitu zen. Donostiarrak suspertu egin ziren eta hirukoen bitartez errenta guztia jan zuten. Sei saskiraketa lortu zituzten jarraian 6,75 metroko marratik —%58a asmatu zuten neurketa osoan zehar—. Erasoan ere estuasunak izan zituzten tolosarrek. Une zailak izan ziren. «Beldurrik ez izan! Berreskuratu joko agresiboa» oihu egin zien Yon Gonzalezek hutsarte batean.

Bada efektu hori hirugarren laurdenean nabaritu zen. Atsedenaldian bi puntu azpitik galtzen joan arren, 34-36, irabazteko gosez irten ziren tolosarrak. Erabat sinetsita.7-0eko partziala izan zuten. Eta berriro itzuli zen taldearen bertsiorik onena, Maiza on batek gidatuta. Baina azken minutuetan ezin izan zuen donostiarren erritmoa eutsi. Amaierarako lau minutu faltan tartea zabaltzen hasi ziren 75-83 amaitu arte.

Hala ere, «penaz» zen Gonzalez: «Gertu izan dugu, eta gure akatsen erruz galdu dugunaren sentsazioa dut. Despisteek kalte egin digute. Dena den, hau da bidea». Eta bide horri jarraiki, larunbatean erakutsitako maila errealitatea balitz?

Nesken lehen garaipena

Neskek, berriz, sentsazio onak berreskuratu dituzte, pasa den asteburuan lehen garaipena lortuta, Internacional taldearen aurka, Donostian. Ez edonola gainera, 33-55eko emaitzarekin irabazi baitzuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!