Martxan dira auzotarren beharrei erantzuteko lanak

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 30a, 10:00

Mantentze planeko 200.000 euroekin, Berazubin eta Iurren egingo dituzte inbertsio handienak

Tolosako Udalak iazko aurrekontua superabitarekin amaitu zuela eta, herriko lau auzotako beharrei erantzuteko 200.000 euroko inbertsioa egiteko asmoa azaldu zuten udal ordezkariek, pasa den irailean. Horrela, eta auzotarrekin bilerak egin ondoren, datozen hiru asteotan amaituta izango dira ia lan guztiak; bi proiektu garrantzitsu, berriz, 2015eko aurrekontuan txertatuko dituzte.

San Esteban, Berazubi, Bidebieta eta Iurre auzoetara bideratuko dituzte 200.000 euroak, «azken lau urteotan konponkea gutxien» izan dituzten auzoak direlako, Ibai Iriarteren arabera. Horrela, auzotarrekin bilerak egitea izan zen lehen pausoa; guztira, 81 pertsonak parte hartu dute saioetan, eta 138 proposamen zerrendatu dituzte.

«Parte hartze sistema oso erraza da, eta bertaratu guztiei aukera bera eskaintzen die iritzia emateko», dio Iriarte alkateak. Bide horretan, auzotarrak eurak izan dira zerrendatik zenbait proiektu edo behar lehenetsi dituztenak; gainera, www.tolosa.eus webgunetik eta Horkonpon aplikaziotik ere bildu dituzte proposamenak.

Ibai Iriarte alkateak eta Garikoitz Lekuona parte hartze teknikariak azpimarratu dutenez, nabarmentzekoa da auzotarrek egindako proposamen gehienei datozen hiru asteotan erantzuna emateko moduan izango direla: «Nagusiki mantentzearen inguruko eskaera egin dituzte: argiteria, garbiketa, lorategi edo zuhaitzen mantentzea, zoru irristakorrak, bizikletentzako aparkalekuak...». Horregatik, arazo horiek konpontzeak ez dio, Tolosako Udalari, inbertsio berezirik ekarriko, eta udal langileek Paper kalean nahiz Bidebietan zenbait zuhaixka moztu dituzte jada, eta baita Izaskun auzoan iturria jarri ere; auzo berean, edukiontziak baterian ezarri dituzte, erosoagoa delako.

Bi obra garrantzitsu, 2015erako
Lau auzoetako bizilagunen eguneroko beharrak asetze horretan, bi eskaerak pisu nabarmena hartu dute, obra garrantzitsu bat eskatzen dutelako. Lehenetsitako proposamen guztiak teknikoki aztertu eta 200.000 eurorekin egin daitezkeen hobekuntzen artean txertatu dituzte beraz, lan horiek; 2015ean ekingo diete obrei, datorren urteko aurrekontuan sartuko baititu udalak.

Berazubi auzoko Martin Jose Iraola kaleari dagokiona da bata, auzoan zirkulazio gehien izaten duen kalekoa, hain zuzen. «Berazubi duela 50 urte egindako auzoa da eta, denbora horretan guztian espaloiko zoladura ez da aldatu», azaldu du Ibai Iriartek. Bizilagunek diotenez, euria egiten duenean oso irristakor bilakatzen da lurra, eta arriskutsua da. Horrela, beraz, irisgarritasun eta segurtasuna hobetzeko lanak egingo dituzte kale horretan.

Era berean, Iurre auzoko 14 eta 23 zenbakien artean dagoen plaza konponduko dute, lurra oso hondoratuta baitago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!