Tolosak bat egingo du Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 19a, 12:42
Lore Agirre Tolosako alkateordea eta Iñigo Muñoz Ingurumen teknikaria, aurkezpenean.

Hiru ekimen antolatu ditu udalak: Ekoshopping esperientzia, goxoki denden kanpoan hondakinak ondo sailkatzeko panelak jartzea eta auzokonpostatik sortutako konposta banatzea.

Datorren astean egingo dira ekimenak, eta aurtengoa bigarren aldia da antolatzen duela Tolosako Udalak. "Egitasmoaren helburuak sentsibilizazioa, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko bideak erakustea eta hondakinak bereizi eta birziklatzearen onurak erakustea dira", Lore Agirre alkateordeak azaldu duenez aurkezpenean.

Bide horretatik hiru ekimen landu dira Ingurumen departamendutik eta hondakin mahaian. Batetik, Ekoshopping esperientzia. "Zuzeneko aholkularitza eskaini nahi zaie herritarrei, euren erosketak egiten lagundu eta hondakin gutxiago nola sortu azaldu", azaldu du Agirrek. "Personal shopper moduko bat izango litzateke, baina hondakin gutxiago sortzen lagunduko diguna".

Askotan hondakin bilketa sistema aldaketarekin esfortzua eskatzen dela esaten dela aipatu du alkateordeak, "baina gero erostera joan eta produktuak banaka bilduta daudela ikusten da. Horrelakoak nola ekidin eta beste modu batera nola erosi erakutsiko dute personal shopper hauek". Ekimen horretan parte hartzeko izena eman behar da, ingurugiro@tolosa.eus helbidera idatziz edo 943 69 75 21 zenbakira deituz. Hezitzailearekin hitzordua adostuko da, norbanaka edo familiaka, eta asmoa da normalean herritar edo familia horrek erosketak egiten dituen leku berdinetara joatea.

Bigarren ekimena Kalean etxean bezala izenekoa da. "Denon ahotan dago goxoki denden kanpoan lurrean sortzen den zikinkeria", esan du Agirrek. "Ekimen honekin, alde batetik, zikinkeria hori ekidin nahi da, eta bestetik gaztetxoak kontzientziatu hondakinak gaika sailkatzeak duen garrantziaz". Horretarako goxoki denden kanpoan jartzeko panel batzuk prestatuko dira.

Hirugarren ekimena auzoetan sortzen den konposta herritarrei banatzea izango da. "Urtebete da auzokonposta egiten sustatzen hasi ginela, eta azaroaren 29rako, larunbat goizez, Trianguloa plazan egin nahi den ekimen bat izango litzateke hau", azaldu du alkateordeak. Batetik, auzokonpostaren aldeko apustua egin dutenei "zor zaien errekonozimendua" eskaini nahi zaie, eta, bestetik, "hondakin guztiak ondo bereiziz gero, euren hondakin organikoa zertan bihurtzen den erakutsi nahi zaie herritar guztiei".

Udaletik gonbidatu diete herritarrei ekimen horietan parte hartzera, eta Energiaren Astean egindako jardunaldiak ekarri ditu gogora Agirrek: "Orduan esan zen moduan, norberak egunerokoan egindako aldaketa txikietatik denontzako onurak lortzeko bideak egin ditzakegu. Oraingo asteari begira ere gauza bera esan dezakegu".

Bi aste dira Tolosari egokitutako hondakin bilketa sistema berria martxan jarri zela. "Hau beste pauso bat da etorkizun hobe eta garbi baterako", esan du Agirrek. "Azken batean honek guztiak erakusten du guztiok ekarpena eginez Tolosa hobe bat eraikiko dugula denon artean. Eta zalantza ez izan etorkizuneko tolosarrek eskertuko dutela ematen ari garen pauso guzti hauek".

Birziklatze tailerrak

Bestalde, Lore Agirrek gogora ekarri du egunotan birziklatze tailerrak egiten ari direla. Gaur, asteazkena, Emeterio Arresen izango da tailerra, bihar Larramendiko Arkaute etxean, astelehenean Helduen Heziketa Iraunkorreko eraikinean, eta asteartean hondakinen gaiari buruzko bulegoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!