Itsaso Barrenetxea: «Nire familian ere bada emakumeok elkarteetan sartzearen aurka dagoenik»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 3a, 08:30

Lehen emakume lehendakaria izango da Tolosako Aurrera elkartean; hartu berri du kargua.

Oraindik ere bide luzea egin behar du gizarteak, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna eguneroko bizitzako txoko guztietaraino eramateko. Garai berriekin batera, ordea, pauso txiki bezain garrantzitsuak ematen dituenik ere bada. Horren adibide da Itsaso Barrenetxea (Tolosa, 1988), Aurrera elkarteko lehendakari izendatu berria: Tolosan lehen emakumea izan zen, iraganean gizonezkoena bakarrik izandako elkarte batean sartzen, eta aitzindaritza errepikatuko du izendapen berriarekin.

Nola hartu duzu ardura berria?

Ni elkartean sartu nintzenerako zenbait talde eginda zeuden, talde horiek, pixkana, Aurrerako zuzendaritzatik pasa zitezen. Aurten ardura hori hartzea nire taldeari zegokion. Egia esan, batzar orokorrera bertaratu nintzenerako, sumatu nuen nire taldekideek aurrez hitz eginda zeukatela bozka niri ematea, eta halaxe erabaki genuen.

Lehenengo emakume lehendakaria izango zara, aurrez gizonezkoen sarrera bakarrik onartzen zuten elkarteen artean. Jakin zenuen unean zer sentitu zenuen?

Egia esan, beste elkarteek-eta ez ninduten gehiegi kezkatu, baina, gure elkarteari begira, beldur pixka bat sentitu nuen hasieran. Izan ere, bateko eta besteko, beti ika-mikak izaten dira zuzendaritzarekin, eta gure kasuan, gainera, elkarteko hiru emakumeok talde berean gaude. Horregatik, jendeak esan zezakeenak kezkatu ninduen pixka bat. Baina badirudi bazkideek, oro har, naturaltasunez hartu dutela kontua; ea zer moduz joaten den urtea.

Hiru emakume bazkide zaretela aipatu duzu, eta zu izan zinen lehenengoa. Nola bizi izan zenuen?

Nire aurrean normaltasuna nagusi izan da beti, baina nik badakit bazela ados ez zegoen jenderik. Hala ere, niri tratu ona eman izan didate beti, eta inork ez dit sekula ezer esan.

Eta aurka zeudenen argudioak ezagutzen dituzu?

Gai honen inguruan aurkako iritzia duen jendearekin hitz egin izan dudanetan, sekula ez dut pisuzko argudiorik entzun. Orain arte horrela izan den zerbait orain zergatik aldatu behar ote den galdetzen dute askok, eta hori da beren argudio bakarra. Ezezkoa, besterik gabe, ez da arrazoi bat.

Alardearen aferan ere tradizioa erabiltzen dute argudiotzat.

Bai, lotsagarria iruditzen zait, eta kasu zehatz horretan, gainera, tamalgarriena zera da, emakumeak direla okerrenak. Gure artean babesten ez bagara, ez dugu sekula aurrera egingo.

Elkartera itzuliz, parekidetasuna sukalderaino sartu da, beraz.

Bai, nik uste dut normaltasuna nagusi dela. Ni Aurreran sartzea proposatu zuten unean bertan ere, ez zen arazo handiegirik izan. Gainera, gazte asko sartzen ari da eta horrek asko laguntzen du, noski.

Egoera buelta ematen ari dela ikusita, zein iritzi duzu oraindik ere emakumeei bazkide izaten uzten ez dieten elkarteen inguruan?

Uste dut hitza pena dela, pena baita XXI. mendean horrela ibili behar izatea. Gaur egun horrelakoek ez lukete gertatu beharko, ez baitut ulertzen jendeak, oraindik, pentsaera hori izatea, emakumeak alde batetik eta gizonezkoak bestetik banatu nahian. Labur esanda, oso gaizki iruditzen zait eta ez zait buruan kabitzen.

Zu lehendakari izendatzea gertakari txiki bat izan daitekeen arren, etorkizuna aldatzen lagun dezakete halakoek?

Baietz esango nuke. Berez, tamalgarria da hala izan behar izatea, eta horrelakoek gertatu behar izatea era normalizatu batean bizitzeko, baina, bai, pauso txiki hauek guztiek lagun dezakete.

Tolosako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia lanketa berezi bat egiten ari dira parekidetasuna elkarte gastronomikoetan lantzeko. Erakundeek zorrotzagoak izan eta gisa horretako konpromisoak sarriago hartu beharko lituzkete?

Egitasmoaren helburuarekin bat nator erabat; diskriminazio horrekin amaitzeko norbaitek kargu hartu behar die elkarteei. Baina, bestalde, arazo bat ikusten dut, azken finean, elkarteak sozietate pribatuak direlako. Egia esan, parte hartu izan dudan bileretan jendeak ez du trabarik jarri izan, baina, uste dut esku hartzea harago joango balitz zenbaitek ez luketela ondo hartuko, izaera pribatu hori medio.

Zirrikitu moduko bat ere bada pribatutasunarena, ezta?

Bai, azken finean, nire etxean lagun talde batekin elkartu eta gobernuko norbait 'honi sartzen utzi behar diozue' esanez etortzea bezalakoa da. Eztabaidatu daiteke, baina azken erabakia beraiek dute.

Bilera horietan zein jarrera da nagusi?

Hasierako bileretan parte hartu nuen, eta gainerakoak gizonezkoak ziren, baina inork ez zuen trabarik jartzen. Gaiaz hitz egin izan zutela zioten, eta, gaur egun, inork ez zukeela trabarik jarriko emakumeak sartzeko. Dena den, badakit Tolosako elkarteren batean emakumeak sartzen saiatu direla, eta bozketan ezezkoa irten dela.

Zaila da pentsamoldeak aldatzea?

Noski. Nire familian bertan, bada emakumeok elkarteetan sartzearen aurka dagoenik, pentsa.

Kemen hori biltzeko deia egin nahi duzu, hala ere.

Emakumeak animatu nahiko nituzke elkarteetan sartzera, lekua badagoelako. Ez dezatela beldurrik izan.

Nola ikusten dituzu belaunaldi berriak etorkizuneko elkarteetan?

Haurren pentsamoldea aldatu egin da, aurreko belaunaldiekin alderatuta. Parekidetasunean hezten dira txikitatik, baina heldu egiten direnean jarrera horiek aldatzeak ere beldur pixka bat ematen dit, ohituraren izenean. Ikusi egin behar gizartea nola aldatzen den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!