Hondakinen %70 sailkatzera iritsi dira tolosarrak sistema berriarekin

Tolosaldeko Ataria 2014ko abe. 9a, 14:04

Sistema berria ezarri ondorengo lehen hilabetean, %26 birziklatzetik %70era iritsi da, eta honenbestez Europak eskatzen duen gutxieneko tasa gainditu du. Alkateak sistema malgua dela eta horri esker behar diren kasuetan egokitze lanak egingo dituztela nabarmendu du.

Hilabete pasa da Tolosan hondakinak biltzeko sistema berria jarri zutenetik, eta emaitzak "paregabeak" direla nabarmendu du Tolosako alkateak, Ibai Iriartek. "Aurreko sistemarekin %26 birziklatzen genuen, eta orain %70era iritsi gara. Helburua gutxienez %60ra iristea zen, oso kontentu gaude", esan du. Horiek horrela, tolosarrak zoriondu ditu, "beraiek baitira helburuak betearazi dituztenak". "Ondo hasi gara eta hobetuko dugu oraindik. Emaitza hauek etxean sailkatzen ari garelako lortu da, eta hori familiek egiten dute. Zorionak beraz", gaineratu du.

Tolosan ezarritako sistema "malgua" dela esan du alkateak, eta malgutasun horri esker egin beharreko aldaketak egiten dituztela esan du Iriartek; hau da, beharrezkoa denetan hondakinak biltzeko egun kopurua aldatu dute, edo aldatuko dute, eta bilketa bera indartuz. Ontzi arinen eta papera zein kartoiaren edukiontziak astean 4 aldiz jasotzetik 7 aldiz jasotzera pasa dira, esaterako.

Onura ekonomikoa

Sistema berriak onura ekonomikoa ere ekarri du. 2014an edukiontzi berdeko tona bat Sasietara botatzeagatik 142 euro ordaindu zituen udalak, "tona kopurua jaitsita zenbatekoa gutxituko da". Guztira 2014an Tolosaldeko Mankomunitateari 1.725.000 euro ordaindu zizkion udalak eta 2015ean aurreikuspenen arabera, 1.400.000 euro ordaindu beharko dizkio, 325.000 euro gutxiago. "Kopuru hori beharrak dauden beste arlo batzuetara bideratu dezakegu, oso albiste ona da", esan du Iriartek.

Tolosako Udalean, hala ere, defizita dago herritarrek hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuarengatik ordaintzen duten tasaren eta zerbitzuak berez duen kostuaren arabera. Herritarrek ordaintzen dutena ez da zerbitzu osoa ordaintzeko nahikoa, eta horrek defizita sortzen du. Orain, hala ere, nahiz eta desoreka egon oraindik, aldea txikitu egin da. 2015ean 1.175.000 euro jasoko ditu udalak herritarrek egindako ekarpenetatik, eta 1.400.000 ordaindu behar zaizkio Mankomunitateari. "Aldea dago oraindik, baina txikitu egin da". Sistema berriak hala ere, kostua ere izan du, 215.000 euro, zehazki. "Kostua datorren urtean bihurtuko dugu errentagarri".

Tolosaldeko Mankomunitateko Amaia Azkuek, bere aldetik, herritarrak zoriontzearekin batera emaitza paregabea dela esan du. "Sistema berritzailea izan da eta gauzak ikasten joan gara. Bilketa sistema berritzaile honen emaitza onak ikusten ari gara, eta hau inbertsio berririk gabe lortu dugu, Mankomunitateak lehenik zituen baliabideekin", esan du.

Jasotzen den materia organikoari dagokionez, Azkuek kalitate onekoa dela nabarmendu du. Eta sortzaile bereziei buruz, hasieran organikoa 4 egunetan eta errefuxa behin jasotzea adostu zuten, baina eskaerak ikusita zerbitzua indartu egin dute. "Eta beharren arabera moldatzen jarraituko dugu", azaldu du. Horretarako Pablo Gorosabel eraikinean, Musika Eskolan, Hondakinen Informazio Bulegoa dagoela esan du. Bertan hezitzaile bat ere badago, beharrezkoa den informazio guztia emateko. Bulegoa astelehen, asteazken, eta ostiraletan 15:30etik 19:30era dago zabalik, eta astearte eta ostegunetan 10:00etatik 14:00etara. 661 559 736 telefono zenbakira ere deitu daiteke, edo tolosa@tolosaldea.org helbidera idatzi.

Zorionak herritarrei

Ibai Iriarte, Tolosako alkateak, herritarrak zoriondu ditu bere Twitter kontutik, eta halaber, emaitza horrek datorren urtean 325.000 euro aurreztea dakarrela aitortu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!