Osasun publikoaren afera

Ehunka herritarrek egin du, beste behin, osasun publikoaren alde

Tolosaldeko Ataria 2014ko abe. 13a, 19:35

TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) plataformak deituriko manifestazio deialdiarekin ehunka herritarrek egin dute bat, eta eskualdeko 28 elkartek eta eragilek ere atxikimendua adierazi diote manifestazioari. Plataformatik adierazi dutenez, osasun publikoa defendatzeaz gain, datorren urteko urtarriletik aurrera Eusko Jaurlaritzak ezarri asmo duen ESI (Erakunde Sanitario Integratua) deituriko asistentzia ereduari gaitzespena azaldu nahi izan diote.

TOPAtik salatu dutenez, kudeaketa publikoko eskualdeko ospitale publikoa ez duen Euskal Herriko eskualde bakarra gara. Era berean, Eusko Jaurlaritzatik ezarri asmo duten ESI izeneko asistentzia ereduaren inguruan zalantza eta kezka adierazi dute: "Ez zaie herritarrei sistema berriaren inguruko informaziorik eman, eta ezta osasun langileei, gizarte mugimenduei, sindikatuei udalei eta Aldundiari ere, informazioa behin eta berriro eskatu zaien arren; informazioa ukatzeaz gain, kezkatuta gaude, eredu berriaren ardatza osasun maila ezberdinen integrazioa dela esaten zaigulako eta bere horretan uzten dute eskualde honetan integrazioa gehien zapuzten duen elementua, hau da, klinika pribatu bat eskualdeko ospitale publiko baten ordez".

Bada, herritarrei adierazi diete osasun publikoaren aldarrikapenarekin bat egiteko, "ezin baita onartu, nahiz eta argibide politak eman, demokrazia defizit argia erakusten duen gobernuaren inposaketa hau". Eta, beste behin eskatu dute, Asuncion klinika publiko egitea eta Tolosaldeko espezialitateen anbulatorioaren hornikuntza osoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!