Hondakin bilketa sistemari aldaketak "lehenbailehen" egiteko eskatu du EAJk

Tolosaldeko Ataria 2014ko abe. 15a, 18:42

Jeltzaleek bostgarren edukiontziak emaitza "hobeagoak" emango lituzkeela azpimarratu dute, "tolosarren behar eta ohituretarako egokiago moldatuko litzatekeelako".

Prentsa ohar bidez azaldu duenez, EAJk uste du "3-4 aste ez direla nahikoa" sistema baten arrakasta edo porrota zehazteko, baina era berean, uste du "bostgarren edukiontzia ezarriko balitz emaitza hobeak" izango liratekeela.

Horretarako baina, zaborrak egunero ateratzeko aukera izatea eta edukiontzien edukiera handiagoa izatea eskatu dio alderdi jeltzaleak EH Bilduri.

Bestalde, bilketa sistema herritarrengana nola egokitu den analizatuko duen azterketa "berandu" iritsi izana egotzi dio EAJk udalari: "Azterketa sistema ezarri aurretik egin behar zen eta ez orain. Nahikoa dute kalera atera, inguruari erreparatu eta tolosarrei entzutearekin beharrak zeintzuk diren eta zein aspektu hobetu behar diren jakiteko".

Merkatarien kasua azaleratu du EAJk. "Iriartek esan zuen ez zutela jaso merkatarien kexarik kartoi bilketaren inguruan. Baina gerturatu al da alkatea beraiekin hitz egitera?" galdetu du. "Arazo" horrek, ordea, gainontzeko herritarrei ere eragiten diela esan du. "Beste herrietan gauez biltzen bada, zegatik ez Tolosan?" diote.

Gabonei begira duten kezka ere azaldu dute jeltzaleek: "ohikoak diren bazkari, afari eta oparien ondorioz sortu daitezkeen arazoei irtenbidea nola eman pentsatu al dute?". Hori dela eta, "egoerak okerrera egin aurretik, egin beharreko aldaketa eta egokitzapenak" lehenbailehen egiteko eskatu du EAJk.

Mankomunitatean, "figura politikoa"
Bestalde, mankomunitateko liberatu figurak "zentzurik ez" duela adierazi du EAJk. "Zein zentzu dauka figura politiko berri bat sortzeak mankomunitatea 28 ordezkari politikoz osatua dagoenean?" galdetu dute. Postu hori, "Bilduren erara" eginikoa dela kritikatu dute, "denon dirua erabiliz eta beharrezkoa izan gabe".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!