«65 familiarekin hasi eta, gaur egun, 180 familiari banatzen dizkiogu elikagaiak»

I. Terradillos / I. Urkizu 2014ko abe. 18a, 10:39

Tolosako Zutani egitasmoak urtebete egingo du otsailean; bilketa berezia egin berri dute, eta ez da Gabonen aitzakian izan, beharrari erantzuteko izan da.

Gabonei begira indarrak are gehiago batuta, duela bi aste deialdi berezia egin zuten, Euskal Herriko elikagai banku guztiek, gehien behar dutenei jakiak banatzeko. Erantzuna paregabea izan da, eta 1.748 tona inguru jaso dituzte, guztira. Tona horietatik zenbait Tolosaldeko herritarrek emandakoak dira, Zutani elkartea ere bilketa lanetan aritu baita.

Eskualdean zer moduz joan da elikagaien bilketa berezia?

Arantxa Iruretagoiena: Bilketaren aurreko lana ere azpimarratu nahiko genuke, jende askoren laguntza behar izan baitugu txandak osatzeko. Alde horretatik oso pozik gaude, Zutani elkarteak, bere kabuz, 50 boluntario biltzea lortu baitu.

Eta, non aritu zarete elikagaiak biltzen?

A. I.: 50 pertsona horiek Iurre auzoko Eroski supermerkatuan aritu ginen, batetik, eta eskualdeko boluntarioak, bestalde, Rondilla kaleko BMn eta Nafarroa etorbideko Eroskin izan ziren bilketa egunetan. Guztira 150 boluntario inguru izango ginen.

Elikagaiak utzi dituzten herritarrei ere eskerrak eman nahi dizkiezue, ezta?

Mariaje Gaztañaga: Bai, noski. Bilketa oso ondo joan da, jendeak produktu asko eman dizkigu eta oso borondate onez, gainera. Askok esaten ziguten, beraiek ere ez direla une onenetik pasatzen ari, baina badakitela jendea are okerrago dagoela.

Behin janaria bilduta, zein izaten da elikagai horiek guztiak banatzeko hurrengo pausoa?

A. I.: Lehenengo, hemen bertan bildutakoa bateratzen dugu kaxa eta edukiontzietan. Ondoren, guztiak Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren Oiartzungo gunera eramaten ditugu, eta han zehaztasun handiagoarekin sailkatzen dituzte jasotako elikagaiak. Horrela, hainbat eskualdetako jakiak sailkatu ondoren, handik bueltan iritsiko zaizkigu berriro, eta Gabonen aurretik banatzeko aukera izatea espero dugu.

Azken deialdia berezia izan da, baina, Gabonengatik ala behar handia dagoelako?

M. G.: Egia esan, behar handia dagoelako, izan ere, Oiartzunen apalategi guztiak ia hutsik zeuden jada.

Eskaria eta beharra gero eta handiagoa da, beraz.

M. G.: Bai, gero eta elkarte gehiago sortzen ari dira eta, beraz, janaria ere gehiago behar da.

Joan den otsailean aurkeztu zenuten Zutani egitasmoa, Tolosan, herriko hainbat eragilek. Nola joan dira lehen hilabete horiek?

A. I.: Elikagaiei dagokienez, gure asmoa betebeharrak asetzea da eta oraindik asko dugu egiteko. Janari gutxi iristen da, eta jende askok du janariaren beharra. Hasiera batean 65 familiarekin hasi baginen, gaur egun 180 familiari banatzen dizkiogu elikagaiak; 400 pertsona inguru, guztira. Bestalde, ordea, herri mailan gure jardunaren berri zabaldu dugu, kalean ere aritu gara Zutani ezagutarazten, eta herritarrak hurbiltzen ari dira laguntzeko.

400 pertsona horiek tolosarrak dira?

A. I.: Bai. Zutanik Tolosako herritarren beharrei bakarrik erantzuten die. Elikagaiez gain bestelako beharrak ere badituzte: haurrentzako aulkiak, pixoihalak,... Baina guk ezin diogu erantzunik eman horri.

Oraingoz elikagai banku gisa soilik lan egiten duzue.

A. I.: Bi hitzaldi ere eskaini ditugu baztertze sozialaren, pobreziaren eta gizarte laguntzen inguruan, adituak gonbidatuz. Gure asmoa ez baita elikagai banku soil izatea; sentsibilizazio lana ere egin nahi dugu, gure ideiak zabaltzeko eta sare bat sortzeko. Laguntzeko prest herritar asko dagoela ikusi dugu, baina are gehiago behar dira.

Beren aletxoa jarri nahi dutenek, nora jo dezakete?

M. G.: Tolosako Araba etorbideko bosgarren zenbakian dugu egoitza, eta harrera ostegunero izaten da 11:00etatik 12:00etara, eta 16:30etik 18:00etara bitarte. Elikagai banaketa, berriz, hilean behin egiten dugu; aipatzekoa da Europatik bestelako elikagaiak ere jasotzen ditugula noizbehinka, eta urtean bitan-edo, banaketa berezia egiten dugu horiekin.

A. I.: Helbide elektronikoa ere badugu: zutanitolosa@gmail.com. Informazioa bertan eskuratu dezake nahi duenak, edo gure egoitzan.

Harrera egun hori nori zuzendua da?

A. I.: Elikagaien beharra dutenei zuzendua, alde batetik; dokumentazioa banatzen diegu, gure proiektuaren nondik norakoak azalduz, eta izena emateko bete behar diren baldintzak zehaztuz. Halaber, lagundu nahi dutenek izena eman, produktuak ekarri edo informatzeko ere balia dezakete eguna.

Aurrera begira, zein dira zuen helburuak?

M. G.: Elikagaiak banatzen jarraitzea, noski, eta sentsibilizaziorantz ere pauso gehiago ematea.

A. I.: Hauteskundeak gerturatzen ari dira, eta alderdi politikoetatik ere zenbait gonbidapen iritsi zaizkigu. Horrela, haiei proposamenak egiteko asmoz gara.

Eskaera zehatzik baduzue?

A. I.: Adibidez, jende asko kalean bizi da. Guregana etortzen dira, eta alderdi politikoek horiei guztiei laguntzeko eta baldintza duinak eskaintzeko zerbait egin behar lukete. Aipatzekoa da gaur egun udalak laguntzen digula, kamioia utziz eta lokalaren mantenuan lagunduz.

Enpresa pribatuetara jo duzue?

A. I. : Badakite non gauden eta, laguntza ekonomikoa eman duten arren, gogoan izan behar da herritarrek bilketan elikagaiak emateko, zenbait enpresak irabaziak izan dituztela. Gehiago egin dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!