Sakabanaketarekin amaitzeko mobilizatzeko deia egin du Sarek

Tolosaldeko Ataria 2014ko abe. 19a, 09:00

Abenduaren 24ean, 18:45ean  "ezustez betetako" mobilizazio isilera joateko deia luzatu dute; Trianguloatik abiatuko da

Abenduaren 4an Tolosako Sare aurkeztu zuten. Mugimendu berria da honakoa eta «giza eskubideen alde» lan egitea du helburu. Tolosaldean jende ugari ari da lanean, eta ATARIAk Tolosako bi sarekiderekin hitz egin du, Unai Igartuarekin eta Irati Hartsuagarekin, hain zuzen ere.

Igartuaren esanetan, Sare «giza eskubideak oinarri hartuta dituen norbanakoen sare bat da». Pasa den astean izan zen Giza Eskubideen Nazioarteko eguna, eta hori «oinarri» hartu nahi dute. Izan ere, Euskal Herrian giza eskubideak «urrun» sumatzen dituzte Igartuaren ustez; bere esanetan «hogeita bost urte baino gehiago» baitira Euskal Herrian «milaka pertsonen giza eskubideak urratuak izaten ari direla». Horren adibide garbiena «sakabanaketa» da. Sakabanaketarekin amaitzea helburu nagusi badute ere bestela giza eskubideen urraketekin amaitzea ere lortu nahi dute.

Hortik abiatuta «izaera ezberdineko pertsonek» osatutako sare bat sortu nahi dute; «sakabanaketarekin amaitzea» lehen helburu duena. Lanketa hori Euskal Herriko herri ezberdinetan burutzen ari dira.
Hartsuagaren iritziz mugimendu sozialek erakutsi dute «behetik gora» eraiki behar direla, eta oinarri «zabala eta anitza» izan behar dutela. Eta sare «koloretsu» batekin ere hori islatu nahi dute: «Iritzi, izaera eta kolore desberdinetako jendea biltzea». Giza eskubideak ere herritar «guztienak» diren heinean, guztiek izan beharreko «gutxieneko» bat izan behar dute.

Tolosan ere herritar ezberdinek osatutako sarea osatzen saiatu dira, eta prozesua «oso erraza» izan da Igartuaren esanetan: «Ez genuen gutxiago espero, oinarri-oinarrizko eskubideak eskatzen ari baikara». Igartuaren ustez, «giza eskubideen alde dagoen oro Sarerekin bat dator». Horregatik, Tolosako Sare aurkezterakoan Tolosako aurpegi ezagunak biltzeaz gain, «herritar xumeak» ere bildu nahi izan zituzten, Sarerena «herritar ororen lanketa» delako. Igartuaren esanetan, ikusarazi nahi dute guztiak «kontziente» izatea «daukagun arazoaz». Europa guztian «leku bakarra» dela dio Igartuak presoak espetxean egoteagatik jasaten duen zigorraz gain, «ilegala den beste eskubide urraketa bat» jasaten duena: «Bere gertuko espetxean egon beharrean Espainian nahiz Frantzian sakabanatuta egon behar izatea. Horrek dakarren kalte guztiarekin bai berarentzat eta baita senide eta lagunentzat ere». Preso horien senide eta lagunek astebururo egiten dituzten kilometroen kalkulua ere aterata dute: «Kilometroak batuta munduari bederatzi buelta emango genizkioke astebururo».

Horregatik sarekideen eginbeharra arazo hau «bere inguruan zabaltzea» izango litzateke. Gaur egun «beste egoera sozial eta politiko batean» dago Euskal Herria Igartuaren esanetan, eta bere ustez gizarteak «konponbide bat» eskatzen du.

Horregatik, eta aipatu bezala, «edonor» izan daiteke sarekide, eta bere esparruan arazoa gizarteratzea izango du lan eremu: «mahai-inguruak antolatu, gaia edonon ateratzean ezagutzera eman...».

Sakabanaketaren liburuxka

Aurrera begira hainbat pauso emateko asmoa ere badute. Batetik, aipatutako 500.000 liburuxka atera dituzte «auzo eta herrietan nahiz munduan» zabaldu nahi dituzte, giza eskubideen «urraketaren» berri «munduan» zehar ere emateko. Euren aldarrikapenak munduratzea «ezinbestekoa» ikusten dute, eta horregatik euren leloak ere hizkuntza ezberdinetan zabaldu dute: «Orain, Ahora, Maintenant, Now».
Sarekide izan nahi dutenek bost euro ordaindu, eta txartel bat eskuratuko dute, Sarekide txartela. Bost euro horiek sakabanaketaren aurkako liburuxka horiek finantzatzeko izango da. Gauzak honela, herritar guztiei «sarekide izateko deia» egin diete. Horretarako aukera ezberdinak jarriko dituzte hurrengo asteetan Tolosan. Lehen aukera bihar izango da; Trianguloan egongo baitira Sareko kideak 11:00etatik 13:30era. Bertan sarekide egiteko aukeraz gain, interesa duenak informazioa eskuratzeko beta ere izango du.

Aurrera begirako mobilizazioak

Euren aldarrikapenak kalera ateratzeko asmoz, epe motzean bi deialdi egin ditu Sarek. Batetik, abenduaren 24an, 18:45ean Trianguloatik mobilizazio «txiki eta polit» bat abiatuko da, Giza eskubideen alde, dispertsioarekin amaitu lelopean. Herritar guztiei «dei egin» nahi izan diete Igartuak eta Hartsuagak bertan parte hartzera, anitza izatea nahi dute eta «ezusteko politak» egongo baitirela diote. Hortaz, «giza eskubideen alde dagoen edonor» mobilizazio «xume» horretan parte hartzera animatu nahi dute: «Etortzen dena ez da damutuko».

Euskal Herri mailan, berriz, beste mobilizazio bat prestatua dute urtarrilaren 10erako. Bilbon izango da, 17:30ean, Now! lelopean eta sakabanaketarekin amaitzeko asmoz: «Denon ekarpenarekin, sakabanaketarekin amaitzea posible da».

Tolosatik autobusak aterako dira urtarrilaren 10ean, Bilbora joateko. Tolosako taberna ezberdinetan jada jarri dute izena emateko aukera. Hauek dira taberna horiek: Denak, Orbela, Ikatza, Raku, 66 eta Amets.

Informazio gehiago eskuratzeko

Sareri buruzko informazio gehiago nahi duenak horretarako aukera du interneten: www.sare.eus. Eta informazio zehatzagoa eskatu nahi izanez gero edo sarekide egin nahi izanez gero helbide elektroniko honetara idatz daiteke: saretolosa@gmail.com.

Azkenik, dei egin diete herritarrei, norberak bere bidea eraikitzeko : «Gogoan izan dezatela garai berriak bizi ditugula, eta herritarren garaia dela. Gure esku daudela gauzak, eta norbanako bakoitzetik abiatu behar dugula bidea eraikitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!