SOS Kaxmir elkarteak postua jarriko du azoka berezian

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 19a, 11:00
Kaxmir lurraldean izandako uholdeak.

Kaxmir lurraldean izandako uholdeen kaltetuei laguntza bidali nahi diete lortutakoarekin.

Azken sei hamarkadetan izan diren uholde kaltegarrienak izan dituzte Kaxmirren, eta egoera horren aurrean sortu dute SOS Kaxmir elkartea Hernanin, Nerea Mujika hernaniarrak eta Imran Ahmed Wahi bere senarrak. Larunbatean postu bat jarriko dute Tolosako Azoka Berezian, uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko laguntza jasotzeko.

Mujikak azaldu duenez, «urtero joaten gara Kaxmirrera eta irailean joan ginenean, uholdeak izan ziren. Oso une txarrak pasa genituen. Itzultzerakoan zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, eta horrela sortu genuen elkartea». Orain neguan zero gradu azpitik daude han, eta jende asko kalean dago edo eskoletan bizitzen, eta elkartetik asmoa dute mantak, neguko arropa, janaria, ikatza eta antzekoak bidaltzekoa.

Azoka Berezian jarriko duten postuan, San Frantzisko etorbidean, batez ere Kaxmirreko produktuak izango dituzte salgai: poltsak, fularrak, zilarra... «Hango artisauek egindakoak dira eta oso gauza politak daude», esan du Mujikak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!