Artearen bideak matxismoaren aurka urratuko dituen lehiaketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 19a, 13:18

Aurrez aurre arte lehiaketa estreinakoz antolatu du, Tolosako Udalak, martxoaren 8ko aldarriekin batera

Martxoaren 8a zenbait berrikuntzarekin iritsiko da, aurten, Tolosara. Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira abiarazi ohi diren ospakizun nahiz aldarrikapenek egitasmo berri bat izango dute, eta lehiaketa forma hartuko du, artearen kolorez.
Aurrez aurre leloa ezaguna da parekidetasunaren aldeko proiektu eta lanen inguruan ibiltzen direnentzat; udalak izen bereko arte erakusketa antolatu izan du, orain arte, herriko emakume artisten obrekin. Aurtengoa, ordea, erakusketa baino zerbait gehiago izango da, eta Parekidetasun sailak arte multidisziplinarioen lehen lehiaketa prestatu du.
Horrela, Aurrez aurre leloaren sendotasunari indar handiagoa eman nahi izan diote, lehiaketan parte hartuko duten artistei sormena dantzan jartzeko: Askatu korapiloa izango da jorratu beharreko gaia.
Proiektua Ibai Iriarte Tolosako alkateak eta Agurtza Zubero parekidetasun teknikariak plazaratu zuten eta, besteak beste, artea trena baliotsutzat dute, jendarteak oraindik ere jartzen dituen mugak hausteko: «Arteak sentimendu nahiz bizipenak azaltzeko balio du eta, horrekin batera, artelanak ikusteak pentsaraztea ere badakar», dio Iriartek.
Korapiloak askatzeko bide hori irekiaz, beraz, hainbat jomuga dituzte antolatzaileek: «Batetik, herritarren proposamen artistikoak zabaltzeko bide bat izango da lehiaketa. Gaia kontuan hartuz, halaber, diskurtso eraberritu baten bila joango da Aurrez aurre, androzentrismotik ihes egin eta aniztasuna bilatzen duten obrak sarituz. Azkenik, artelan horiek publikoari erakusterakoan haien hausnarketa ere sustatu nahi dugu, roletatik eta estereotipoetatik ihes egitea sustatuz, emakumeen askatasunerantz».

Mugak apurtzeko, mugetatik harago

«Tolosa kulturari eta arteari oso lotuta izan da beti, eta hor ditugu Euskal Pizkundeko zenbait kide, nahiz Euskal Herriko eskulturgile entzutetsuenek egindako obrekin apaindutako txokoak ere», dio Ibai Iriartek.
Aurrez aurre arte lehiaketa, ordea, herrietako mugetatik harago joango da, eta Euskal Herrian bizi den 16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, martxoko aldarri kolektibo hori osatze bidean.
Taldean nahiz banaka, gehienez ere bi obra aurkezteko aukera izango da, datorren otsailaren 11ra bitarte. Parekidetasunaren alde oihu egiteko bideak, berriz, asko izango dira: pintura, eskultura, zeramika, bitxiak, horma-irudiak, literatura, marrazkiak, argazkiak, collage-ak nahiz komikiak aurkeztu daitezke lehiaketara.
«Diskurtso irekiak eta androzentrismorik gabeak aurkitu nahi ditugunez, parekidetasun irizpideak kontuan hartuko ditu epaimahaiak, obra irabazleak aukeratzerakoan», azaldu du Agurtza Zuberok. Horrekin batera, noski, obrek komunikatzeko duten gaitasuna, originaltasuna eta testuinguruari lotzeko ahalmena ere epaituko dituzte, besteak beste, arte plastiko eta bisualen esparruko profesionalek.
Matxismoaren aurkako artelanak ondo sarituko ditu udalak, eta 1.500 euroko ordainsaria jasoko du irabazleak; bigarren saria, berriz, 1.000 eurokoa izango da. Azkenik, Tolosako obra onenak 500 euroko saria jasoko du. Egindako lan guztiekin erakusketa antolatuko dute, Aranburu jauregian, martxoaren 10etik apirilaren 11ra bitarte.

Oinarri zehatzak ezagutzeko, www.tolosa.eus ataria bisitatu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!